« Askatasun amorrua | Ilunetan »
Zenbaki gorriak / Jon Arretxe / Erein, 2024
Touré: harri-koskorra ala tzarra? Joxe Aldasoro / Deia, 2025-02-22
Jon Arretxek (Basauri, Bizkaia, 1963) ez du aurkezpenik behar. Touré telesailaren mustualdiaren ondoren, gutxiago. Dena den, genero beltza noir edo dena delakoaren erreferentzia izateaz gain, Euskal Herrian, eta dirudienez, hemendik at are estimatuagoa, haur eta gazte literaturan, bidaietan, biografian eta saiakeran aritua dela gogoraraztea ez dator gaizki. Harritzekoa da traiektoria luze eta arrakastatsua duen idazleak ez izatea, akademiaren, kanonaren, kritika oflzialaren edo infernuko etsaiaren errekonozimendua. Ekarriko zuen, bada, bere harri-koskorra euskal letren unibertso txiki eta aberatsera. Ezta? Izan ere, jaso duen sari bakarra, nik aurkitu dudana behintzat, JUUL izan da.
Zenbaki gorriak (Erein, 2024). Hasi orduko harrapatuta. Bartzelona dario. Bartzelona txiroa. Marginala. Etorkinak. Kosmopolita ez dakit, baina anitza, bai. Turistak okatzen dituena. Sexu langileak. Gameluak. Dromedarioak. Labankadak. Zaborra. Biolentzia. Mendekua. Eskultura. Independentistak. Espainolistak, naziak: erredundantzia? Artea. Hildakoak, noski; eraildakoak, zehatzago. Paperik gabekoak. Polizia, gutxi, harritzekoa: oso arraroa egiten da krimena eta delinkuentzia zabalduta dauden eremu batean, eleberrian behintzat hala da, hiria ezagutzen dutenek baieztatu edo ezeztatuko dute datua, arraroa da, nioen, eta eleberriaren sinesgarritasunari, nire ustez, eragiten dio, polizia gehiago ez agertzea. Eskertzen dut, baina ez dakit kontakizunari mesede egiten dion.
Touré pertsonaia ezaguna da protagonista. Ez dut saga ezagutzen, lehenengo liburua izan ezik, bigarren eskuko azoka batean, Bilbon bertan, hiru eurotan erosi eta aspalditxo samar irakurri nuenean. Gaiztoa, posmoderniaren aroan halako baieztapen kategorikoa erabiltzerik badago. Mertzenario pobrea: droga saldu, norbait jipoitu, jatetxeak txikitu… diru truke. Dena egiteko prest. Dena? Ez! Ez ditu infernuko suak ezagutu dituenak hainbat tabu gainditu oraindik. Eta ez dakigu gainditzeko aukerarik izango duen: bukaera ez den bukaera batekin bukatzen delako Zenbaki gorriak, irekia, interpretazioaren menpe, idazleari aukera ematen diona balizko etorkizun batean esateko gauza bat edo kontrakoa: argi utzi nuen hil nuela ala argi utzi nuen ez zegoela hilda.
Touré gaiztoari ezarri ahal zaizkio aringarriak. Lehenengoa, ezbeharrak gertatu egiten zaizkio, gehienetan. Nahi ez duen nahaspiletan murgiltzen da eta pertsonaiaren kondena arinduko dituzten arrazoiek indarra ere kentzen diote. Hots, pertsonaia indartsuagoa litzateke berak bilatuko balitu arazoak. Dezente kostatu zait kontakizunaren arazo potoloa zein zen aurkitzea, kasu potoloa zein zen identifikatzea. Edo, agian, horrela izan behar zuen, eta listo. Bigarrena, intentzio gaiztoaren gabezia, hots, ez da minarekin plazera aurkitzen duen horietakoa. Gaiztoak zigortzen saiatzen da eta mendeku justuaren bila dabil. Heroia da, azken finean.
Bartzelonaren argazkiaren inguruan hausnarketa. Auzo pobretuen inguruko gertaera bortitzak, arrazistak eta klasistak gailentzen dira. Egia da bihotz onekoak agertzen direla; gutxi dira, ordea. Salaketaren mezua argia da, baina, ez ote da etorkinen bizimodua delinkuentziarekin identifikatzen? Ez dira hainbat jatorri kulturaletako aurreiritziak eta estereotipoak erreproduzitzen? Errealitatea da. Ados. Orduan, errealitatearen argazkiak aldaketarako balio du ala indartzeko?
Politeismo bastarta
Jule Goikoetxea
Jon Jimenez
Arturoren uhartea
Elsa Morante
Asier Urkiza
Basokoa
Izaskun Gracia Quintana
Nagore Fernandez
Zenbaki gorriak
Jon Arretxe
Joxe Aldasoro
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Martin-Etxebeste
Zoriona, edo antzeko zerbait
Karmele Mitxelena
Jon Martin-Etxebeste
Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Amaia Alvarez Uria
Arrabioen gerra
Karel Capek
Jon Jimenez
Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Asier Urkiza
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Nagore Fernandez
Negu batez Mallorcan
George Sand
Aritz Galarraga
Trilogia
Jon Fosse
Hasier Rekondo
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray
Mikel Asurmendi
Ttau eta biok
Joseba Esparza Gorraiz
Paloma Rodriguez-Miñambres