kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Basokoa / Izaskun Gracia Quintana / Alberdania, 2024

Ilunetan Nagore Fernandez / Berria, 2025-02-23

Iluntasun sakon batek hartzen du Izaskun Graciak Alberdania etxean argitaratu duen Basokoa nobelaren portada. Eta esango nuke paratestuaren dekorazio beltz horrek aurkezpen paregabea egiten diola barruan ezkutatzen denari, tonu itzaltsu hori leitmotiv baita eleberri guztian. Iluna da istorioa hasi eta buka: amona hil eta protagonistak eta bere ahizpak amonaren baserria hartuko dute herentzian. Hara bueltatu behar izango dute iraganeko kontu bat argitzeko, eta bidean hainbat mamu berpiztuko zaizkie, guztiak ere desatseginak. Pertsonaiak, halaber, iluntasunak hartuta eraikiko zaizkigu, baita euren arteko harremanak ere, liburuak hasierako lerrotik iragartzen digunez: “Familia guztiak gezur batetik jaiotzen dira. Betiereko maitasun-, oparotasun- edo, are okerrago, zoriontasun-hitzeman batetik. […] Edo hori da, behintzat, nire familia”. Iluntasun guztiaren epizentroa, baina, basoak errepresentatuko du. Izan ere, han ezkutatuko da pertsonaia guztien bizitza markatuko eta madarikatuko duen misterioa.

Espazio heterotopiko horrek, gainera, bizitza propioa hartuko du narrazioan, eta haren irudikapena pertsonifikaturik erakutsiko. Pertsonifikazioak koska bat estutuko du bukaera partean, eta alegorikoa izatera ere helduko da. Alde horretatik, basoak hartuko duen esangura eta garrantzia berebizikoa izango da nobelaren garapenerako; diskurtsiboki eta aktantzialki protagonista narratzailea bada ere, basoa da, plano sinbolikoan, nobelako protagonista nagusia duda barik. Autoreak asmatu egin du elementu narratibo horren karakterizazioarekin, trama poetizatzeaz batera, estilo propioz ere jantzi baitu obra, zientzia fikziotik hurbil dagoen estiloz, hain zuzen. Horra hor liburuaren indargunea.

Intrigazko nobela bat den heinean, tentsioan oinarritzen da narrazioko trama. Hala, erritmoak in crescendo dihardu orriz orri, eta hasieran galderak eta hutsuneak direnak apur-apurka erantzun bezala bueltatuko zaizkio irakurleari. Dena den, argitasun une horiek indartsuak izanagatik, iruditu zait Graciak ez duela jakin kolpe horiek modu orekatuan dosifikatzen. Intentsitate une horiek guztiz harrapatu naute, baina, horietara iritsi bitartekoek ez, ordea; batik bat obraren erdialde partean gertatu zait hori. Hautu linguistikoek ere ez naute guztiz konbentzitu. Maiz sintaxia iraulita aurkitu dut eta egin indargarriaren erabileran ere huts egin du batzuetan. Horiekin batera, narrazio guztia kontatzeko eta ekintza mota guztiak markatzeko aditz aspektu burutugabea erabili du une oro. Gramatikalki zuzena izan arren, komunikatiboki askotariko dimentsio tenporalak lausotu dituen irudipena izan dut. Alderdi horiek, ezinbestean, kontakizunetik atera naute; nago obrak espazioarekin lortzen duen efektu edo xarma hori lanbrotzen dutela bestelako alderdiek.

Guztiarekin ere, espazioaren errepresentazioa interesgarria iruditu zaidan arren, ezaugarri linguistiko eta tematikoek kontakizunaren muinetik atera naute. Basoko iluntasunak, hortaz, ez du lortu irakurle hau guztiz harrapatzea.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak