kritiken hemeroteka

8.429 kritika

« | »

Lurpeko ezkutuan idatziak / Fiodor Dostoievski (Josu Zabaleta) / Igela, 2024

Gizakiaren osinak Asier Urkiza / Berria, 2025-01-12

Harrigarria irudi badezake ere, orain arte Fiodor Dostoievskiren nobela bakarra zegoen euskaratuta; 1993an, Literatura Unibertsala bildumaren baitan itzulitako Jokalaria, alegia. Igelaren eskutik etorri zaigu Lurpeko ezkutuan idatziak hau, obra erabakigarria bere ibilbidean, 1864an argitaratua errusieraz. 200 orrialde inguruko nobela da, labur samarra ondoren etorriko ziren idazlan mardulekin alderatuta —data horretatik aurrera emango zituen argitara bere eleberririk ezagunenak—.

Bi ataletan banatuta dago nobela, ondo bereiziak egon ere. Lehenengoa protagonistak epaimahai gisako baten aurrean egindako aitorpen moduko bat da.

Narratzaileak lehenengo pertsonan ematen du bere arrazoi eta zioen berri, korapilatzeko eta bere burua zuzentzeko joera duen hizkeraz, halako tonu zezel batez. Eldarnioka bezala, suharki eta oldarkor mintzo da protagonista. Haatik, argitasun handiz iristen zaizkio irakurleari bere ideiak. Bigarren atalean, aldiz, bizitako hainbat pasarte kontatzen ditu pertsonaiak berak, ostera ere lehenengo pertsonan. Atal honen tonua bestelakoa antzeman dut. Tonu patxadatsuagoa darabil narratzaileak, kontaketak aurrera egin ahala aztoramenera egiten badu ere. Lehen ataleko bakarrizketako hausnarketa hutsaren partez, pertsonaien arteko elkarrizketak eta eszenak aurki daitezke bigarrenean. Lehenaren pentsaeraren isla dira bigarrenaren ekintzak. Gertaeren kontaketa eta pertsonaien ahotan jarritako hausnarketak gorabehera, ordea, lehen atala gogora dakarten irakurlearenganako interpelazioak ere agertzen dira.

Ez diogu izenik ezagutzen protagonistari, eromenaren mugetan dabilen gizagaixoa dela baino ez dakigu. Idatzian aipatutako Lurpea protagonista bizi den leku sinbolikoa litzateke, garaiko kultura eta kode moraletik at. Gizaki mota hau bere garaiaren fruitu eta ondorio dela esaten zaigu, halere, hasierako oharrean. Arrazionalismo oro, printzipio moral oro alboratzen duen subjektua dukegu, Argien Mendeak ezarritako ideien aurkari sutsua, beraz. Ilustrazioan goia jotako pentsaera arrazionalistaren errezela urratu osteko horrorea islatzen du nobelako protagonistak. Jakina denez, horrore horrek hainbat bide hartu zituen XIX. mendean, izan artistikoak edo filosofikoak, XX. mendera ere luzatuz bere itzala. Osin ilun horri ikuspuntu literariotik begiratu zion Dostoievskik. Garrantzitsu deritzot “literario” hitza erabiltzeari, ez baita errusiarrarena ideiez osatutako literatura hutsa, ezta bere lanak estiloa kontuan hartzen ez duten eleberri filosofikoak ere.

Dudarik ez da filosofiak eragin handia duela bere obra literarioan. Dostoievskik, ordea, muturrera eraman zuen pertsonaien karakterizazioa, arakatze psikologikoan eta kontzientziaren azterketa zorrotzean sakonduz. Estiloari ere eragiten dio horrek, idazkeraren tonuan, eszena girotzeetan eta elkarrizketetan ere islatzen denez. Giza gogoaren ur sakonetan literarioki barneratu zen Dostoievski, garaiko nobelaren arauak hautsita eta errealismoari koxka bat —handia— estututa.

Azken kritikak

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Jon Jimenez

Lurpeko ezkutuan idatziak
Fiodor Dostoievski

Asier Urkiza

Gailur ekaiztsuak
Emily Brontë

Aritz Galarraga

Pleibak
Miren Amuriza

Joxe Aldasoro

Zoo
Goiatz Labandibar

Mikel Asurmendi

Pleibak
Miren Amuriza

Aiora Sampedro

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Mikel Asurmendi

Hetero
Uxue Alberdi

Jon Jimenez

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Mikel Asurmendi

Lurrez estali
Ximun Fuchs / Axut! kolektiboa

Irati Majuelo

Pleibak
Miren Amuriza

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Hetero
Uxue Alberdi

Amaia Alvarez Uria

Irakurketaren aldeko manifestua
Irene Vallejo

Nagore Fernandez

Artxiboa

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

Hedabideak