« 1958ko neska bat | Patxada »
Rameauren iloba / Denis Diderot (Joxan Elosegi) / EHU, 2024
Gurguria bitxia bezain zoroa Aritz Galarraga / Berria, 2024-11-03
Encyclopédie ou Dictionnaire raisonné des sciences, des arts et des métiers delakoa, lagunentzat Entziklopedia, Ilustrazio garaiko gertaera intelektualik esanguratsuena izan zen. XVIII. mendean gaude, Frantzian, zehatzago Parisen, hiria irensteko irrikaz dauden gazte batzuen inguruan; denborarekin, ez soilik literatura frantsesa, herrialdeko egoera politiko eta soziala ere irauliko zuten gazteak, Iraultza gauzatzeraino. Zentra gaitezen gurean, Entziklopedia: langileen erreminta guztiak bilduko zituen lana, baina erregeen informaziorik apenas; teologiaren sarrera, aztikeria eta magia beltzaren pare, manufaktura eta burdinaren erabilera bezainbeste nabarmenduko zuena. Labur: pentsamendu librearen, laikotasunaren, indibiduoaren garaipena, Frantzia lausotzen zuten sineskeriaren eta bidegabekeriaren lanbroetan barrena arrazoiaren bidea irekiko baitzuen.
Diderot aipatzen da, bereziki, Entziklopediaren zuzendaritza hartu zuelako (eta 2.000 artikulu inguru izkiriatu zituelako). Baina, noski, talde lana izan zen, talde gutxienez kurioso batena: ezagunen artean Voltaire, Rousseau, D’Alembert, inplikazio eta aportazio maila ezberdinekin. Batzuk, argiki, beren marka famatzeko zeuden (Rousseauk egin zizkion zakurkeria guztien bilduma osatzekotan egon zen Diderot), eta proiektua abiatu zuten aspaldiko lagun minak bananduz joan ziren pixkanaka. Ez denak; ahobatekotasuna erabatekoa da: Diderotek datu-bildumagile baten anbizioa eta pentsamolde sistemikoa ez edukitzea, eta, horren ordez, artista bat izatea omen da Entziklopedia hain liluragarri egin zuena. Baina obra erraldoi horrek bere izena argitu zuen bezala, itzaletara kondenatu dio gainerako lana. Eta Diderotena, XVIII. mendeko Ilustrazioa, pentsamenduaren eta literaturaren modernotasuna eta idazkera politikoa ulertzeko giltzarria da.
Idazlan guztien artean bitxiena, Rameauren iloba, arrarotasun sotil baten jabe, misterioz betea. Filosofiaren, nobelaren, antzerkiaren, digresioaren, panfletoaren ezaugarriak partekatzen ditu, eta, hala ere, ez da horietako bakar bat ere, eta aldi berean da horiek guztiak. Dideroten sormen produkziorik garrantzitsuena arraroak, periferikoak eta orobat sailkaezinak diren lanek osatzen dute, esaterako Jacques le fataliste edota La religieuse. Baina Rameauren iloba izango da guztietan gailena. Besterik ez bada iloba bera, literaturako pertsonaia bitxienetako bat, “Jainkoak huts egin ezin dituen horietakoa”. Aukera kontraesankorrek, baldintza antagonikoek nahasi egiten dute interlokutorea: musikari fina da, baina moralaren gauza ederren aurrean itsua; txispaduna, baina bertutearen xarmen aurrean soraioa; batetik zuhurtzia, bestetik doilorkeria; ideia zuzenen ondotik ideia faltsuak jaurtikitzen dituena. “Gurguria bitxia bezain zoroa da nirea, munduko eta letretako jendearena erdia, eta herri azokakoa beste erdia”.
Adibidez, musikaria baita (frakasatua, baiki, baina ez trakets edo ezjakina), musikaren inguruan arituko zaigu, garaiko eztabaida garrantzitsuena ekarriz, garai zaharren amaiera eta berrien etorrera iragartzen dituena: orduko musika frantsesa bazter utzi eta orduko musika italiarra besarkatu zuen gazteria urratzailearena (frantsesak jainkoak edo erregeak mintzagai zituen bitartean, italiarra zen ia errealismo soziala). Entziklopedistentzat elkartasun handiko unea izan zen, guztiak elkartu ziren italiar musikaren banderaren eta bere inplikazioen inguruan. Baina, musikaz haraindi, gaien aniztasuna eta interesa amaigabea da ia: zer diren jeinu bat eta zoro bat, zer diren bizitza eta gizartea, zer diren artea eta heziketa, zer diren biziraupena eta gezurra, et cetera. Gizajendearen esentzia ulertzea bilatzen duen obra eredugarria baita Rameauren iloba, eszeptizismo tanta batzuez gatzozpindua.
Rameauren iloba daukagu alde batetik, beraz, alegia BERA. Baina, bestetik, erreplika ematen diona, lehen aipatu dugun interlokutorea, Diderot bera izan daitekeen NEU bat. NEUk ez daki ironiaz ari ote zaion BERA edo serioski, xede onez ari ote den edo gibel asmoz, ez daki bertan entzuten geratu edo korrika alde egin, barre edo sumindu. Azken batean, ez ote dion egiten ispiluarena: “Gizarte osoaren sentimendua eta hizkera duzu hori”, esango dio uneren batean. Dideroten beraren barne-barneko erretratua dela uler genezake, hartara. Edo, areago, NEUk Dideroten iritzi errealak osoki defendatzen ez dituela ulertzen badugu, uler dezakegu BERAk ere ez dituela Rameaurenak defendatzen erabat, eta bai era berean Diderotenak. Azkenerako, ez zaigu beste irterbiderik geratuko, Rameau gu denok garela ondorioztatzea baizik. Dena dela, pertsonaia literario enigmatiko eta anbiguoenetako bat osatu zuen Diderotek, ez Tristram Shandy edo Kandido bezain ezaguna (gaur egun ere bere eleberriak Sterne eta Voltaire garaikideenak baino gutxiago irakurtzen dira), baina bai oinarrietatik beretik justu jaiotzen ari zen arrazionalismo burgesa zalantzan jartzeko balio izan zuena.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres