kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Gizon barregarriak / Joxean Agirre / Elkar, 2024

Arintasun, ez arinkeria Asier Urkiza / Berria, 2024-03-24

Gaur egungo euskal literaturan autore beteranoetakoa da Joxean Agirre, batik bat eleberrigintzari emaniko obra sendo baten egilea. Maiztasunez argitaratzen duten horietakoa da, gainera; aurreko lana 2022an kaleratu ondoren, Gizon barregarriak nobela argitaratu berri du. Ohi duen gisan, umorera eta parodiara lerratutako lana da, idazkera bizi eta zorrotzekoa.

Korapilatsu samarra da nobelaren argumentua: batetik, gaztetako ekintzak antzeztera jolasten den etakide eta ertzain ohien taldea dugu, biktimen elkarte batek salatuak terrorismoa goratu dutelakoan; bestetik, Maria Mendizabal Antropologiako ikaslea dago, uniformedunen usainei buruzko tesia egiten diharduena, baita sexu kasualari buruzko ikerketa bat ere. Militante ohietako bat da protagonista eta Mariarekin harremanetan hasiko da Ibaetako campuseko kafetegian topo egin eta gero. Berak akuilatuko du sexuari buruzko lana argitaratzera, nobela itxura emanda. Euskal literaturan sekulako zalaparta eragingo du liburuak. Epaiketa batekin askatuko da korapiloa, eta horren narrazioak hartuko du liburuan toki gehien.

Nobelan presentzia handia dute genero harremanek. Maskulinitate ereduei buruzko gogoeta egiteko darabil Agirrek protagonista, betiere berau narrazioaren menera jarriz eta kutsu parodiko eta komiko dezentekoarekin. Gaztetan militante —horrek dakarren gizontasun eredu jakinarekin—izandakoaren lepotik barre egitea da Agirreren baliabideetako bat, ez gutxitan protagonista bera bere buruaz trufa egitera behartuz. Haatik, pertsonaia umiliatzera ere ez da iristen, eta esango nuke pribilegioekiko amore emate baketsuaren kronika bat dela, egungo harremanen itsasoan maskulinitate zaharraren urtze atsegina. Era berean, aipatu beharrekoak dira emakumezko pertsonaiak, Maria Mendizabal ikaslea eta protagonistaren emaztea. Indartsu eta gizonekiko independenteak dira, ahaldunduak. Pertsonaiok eraikitzerakoan demaseko manikeismoan eror zitekeen autorea, fikzioaren sinesgarritasunari kalte egiteraino. Ez da Agirreren kasua. Hain zuzen, kutsu ironikoak eta umorerako joerak ahalbidetzen dio idazleari irakurleen begietara sinesgaitz ez agertzea. Bi emakumezkoek indarra adina hauskortasun erakusten dute, eta protagonistaren karakterizazioan patetismoa da nagusi, zahartzaroak areagotuta. Eta ez du horrek berarekin enpatia sentitzea eragozten.

Agirrek izkin egiten dio pertsonaia nagusia —maskulinitate zaharrari uko egin izanagatik— heroitzat hartzeari, bide batez argi erakutsita egoerak bultzatutakoa izan dela eta ez hainbeste berak hala erabakita. Azkenik, autorearen idazkera ere, arintasun bilatu hori, ezinbestekoa suertatzen da liburuan kontatzen diren gertaera aski harrigarrien liseriketarako. Besteak beste, ahozko tradizioko egitura eta esakeren erabilera neurritsuak ematen dio prosari beharrezkoa duen malgutasun eta bizitasuna, baita gaiek ekar zezaketen sermoi kutsua saihesteko bidea ere. Joxean Agirreren azkena eleberri bihurria eta jostalaria iruditu zait, inolaz ere ez arina. Galbidean dirudien espezie batekoa, alegia.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak