kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Keinura itzuli / Elena Olave / Susa, 2022

Keinua idatzi Jon Jimenez / Gara, 2024-01-14

Nola lurreratzen ahal da hegazkin bat harea mugikorrez osaturiko itsaso baten gainean? Nolatan jarrai dezakegu idazten, pentsatzen edota irakurtzen egia absolutu guziak eraitsi baditugu, Jainkoa erail badugu, ziurtasuna gure baitatik erauzi badugu? Elena Olave Duñabeitiak (Durango, 1997) kezka horretatik abiatuta aireratu du existentzialismoz blaitutako poesia-bilduma. Halaxe aitortzen digu amaiera aldera: “Maiz pentsatzen dut / zelan idatz daitekeen / egia duenaren ziurtasunaz, / zelan idatz daitekeen / dudak eta jakin-minak osatutako / gorputz urkorra izan gabe”.

Galdera horien balizko erantzunen bila egiten du Olavek bidea eta, ogi apurren moduan, jarrai diezaiogun, Juana Bignozzi, Itxaro Borda, Louise Michel eta Circe Maia idazleen eragina aitortzen digu ibilbidean. Horiekin batera, Chantal Maillard-i hartu dio maileguz izenburua, “Keinura itzuli” (Susa), zeinean gorpuztasunaren inguruko gogoetak diren, idazketaren gainekoekin batera, nagusi. Bi ildo horiek bereizirik osatu zuen hasieran lana, baina egokiro erabaki zuten, idazle-editore artean beti sortzen den negoziazio-prozesu horretan, txirikordaturik joanen zirela, izkiriatzen dena eta iragaten dena ez baitzaigu banandurik ematen.

Artearen Historian lizentziaduna izanki, argazkiz, irudiz, osatzen saiatu da idazle durangarra bere sorkuntza-lana, baina irudiz bakarrik ez, gorputzaren potentzialtasun guzia probestuz, hagitzetan ere bertze zentzumenak jartzen ditu dantzan hitzen bidez. Vivaldik konposatutako melodia bizi eta malenkoniatsuen erritmora zirkinduko balira bezala, landare eta animalia ezberdin eta anitzez habitatutako urtaroen desfile batean agertzen digu natura. Eta, ingurune horretan, non iraganaren, orainaren eta geroaldiaren arteko mugak lausotzen diren, momentuak hartzen duelarik guzia, haragi puska honen nahi eta desirek komunikatzeko dugun ezintasunarekin talka egiten dute. “Hor galtzen da dena, / esateko zein egiteko ezintasunean”. Plazer batzuk oinaze batzuekin nahasten dira eta agertzen da hutsaltasuna, ezinegona, saudadea nahi bada, gizon-emakume soila, zaurgarritasuna… eta oihalaren atzealdean gure izatearen tragedia bera, munduan jaurtia izan den eta hiltzera kondenatuta jaiotzen den gorputz horrena.

Hala, Pessoaren saudade moduko batez blaiturik eta ariketa artistiko-filosofiko narritagarria osatuz, gizakiaren pentsamenduaren dilemarik behinenak hegan egiten du liburu guziaren gainetik. Alegia, atariko galderetan sakonduz, nola idazten ahal dugu keinua? Nola “gorputza testuan galdu”? Nola kontatu dezake gorputz honek, esku honek, sentitzen duena, errealitatean gertatzen zaiona, pentsamendu eta hitzen artekaritzarik, hau da, traiziorik gabe?

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak