kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Frankenstein / Mary Shelley (Iñigo Errasti) / Erein / Igela, 2013

Bizitzera kondenaturik Aritz Galarraga / Berria, 2024-01-14

Jendeak gehien ezagutu, edo ezagutzen duela uste, baina gero egiatan gutxien irakurri duen liburuetako bat, ez bada Liburua, izango da Frankenstein. Estatistikak ere atera dituzte: mila lagunek aipatzen badute ezagutza, bakar batek aitortuko dizu irakurketa: %0,1 (mundu mailako aberatsak bezala, kurioski, aberastasunaren %20ren jabe). Ez dezagun gaizki har, halere: ba ote ezer kitzikagarriagorik, kreatura batek bere kreatzailearen domeinuetatik ihes eta bide propioa egitea baino? Berrehun urtez, beraz, antzerki, zinema, komiki… interpretatu, moldatu, xehatu egin da Mary Shelleyk sortutako istorioa. Ondorioa: iruditeria popularrean geratu zaigun ideia sinplista baino askoz ere konplexuagoa eta erakargarriagoa da eleberria.

Dummyentzako oharra: munstroak ez du izenik, ez bada, hain justu, munstro, deabru, maiz izaki lakonikoa; Frankenstein da sortzailea —baina ulergarria da metonimia, hain izen alemaniarra; bestela litzateke izan balu frantsesa, ezpainak aurrerantz ondo itsatsita ahoskatzekoa—. Victor Frankenstein, gainera, ez da inolaz ere zientzialari eroa, medikuntza ikasle talentuduna baizik, ongia egin nahi duena, ez, beste batzuek bezala, sufrimendua gizarteratu: “Zeru-lurretako sekretuak ikasi nahi nituen nik”. Biziaren misterioa ezagutzea du xede, biziaren elixirra, eta horretarako “heriotzara jo behar da lehen-lehenik”. Oso XIX. mendearen hasierako kezka, giza gorputza ezagutu, ireki, aztertu, josi, bizitzara bueltatzen saiatzearena; garaiko zientziaren aurrerabideak jaso zituen Shelleyk. Munstroa, bestalde, guztiz da gizatiarra: hitz egiten du, irakurri —“Paradisu galdua, Plutarkoren Bizitza paraleloak obraren liburuki bat eta Werther gaztearen arrangurak“-. Inteligentea da, humanista: “Halako sentimenduek bultzaturik, jakina, Romulo eta Teseo baino mirestenago nituen legegile baketsuak: Numa, Solon eta Likurgo”. Baina, o patuaren doilorra, abandonatu egiten dute, kreatzaileak, oro har jendeak, zer eta bere itxuragatik, desberdin usteagatik, munstrotsu aurkitzeagatik, eta hiltzaile bilakatzen da. On jaio, gizarteak egiten du gaizto —©Rousseau—. Baina ez da basapiztia, ez da azpizakia: gure antz handiegia du, irakurlearena. Hori da beldurgarriena. Eta galdera, edozein seme-alabak edozein gurasori edozein unetan egin liezaiokeena: zergatik sortu nauzu?

Victor (1): “Guztiahaltasuna amets zuen goiaingerua bezala, betiko infernu batean kateaturik nago”. Pixka batean Prometeori gertatu zitzaiona —ez alferrik, eleberriak azpititulua baitu: Frankenstein edo Prometeo modernoa—: denek miresten zuten haren jakinduria eta zuhurtzia; zientzia eta arte guztietan aditua, medikuntza eta matematika, musika eta poesia. Baina, gizakia buztinetik sortuz, jainkoei iseka eginez, Kaukasoko mendi batean lotu zuten, arrano beltz batek gibela jan ziezaion, gauero berez birsortzen zitzaion gibela, hurrengo egunean arranoak berriz jan ahal izateko. Victor (eta 2): “Bizitzera kondenaturik nengoen, ordea”. Halaxe sortu zuen Shelleyk mito modernoa, jendeak bere egin zuena. Sortzailearen desioa baino —oroi azpititulua—, mito bat sortzeko jendearen premia baita garrantzizkoena. Mitoak, hartara, hasierako istorioak baino gehiago, behar bat asetzen du, bere garaiaz bezainbeste, gure garaiaz mintzo dena: progresoak dakarren ezinegona, zientziak daraman arriskua, gizakiak sortutako izaki batek ordezka dezake gizakia bera? Kreaturak kreatzaileari: “Zu nire sortzailea zara, baina ni, berriz, zure nagusia”.

Jendeak bere egin duelako frogarik garbiena, izen propioa adjektibatu izana (gaur egunean erabiltzen da han-hemen hartutako zati moldakaitz ez sobera harmonikoez hala hola osatutako zera bat izendatzeko, adibidez frankenstein gobernua, eskuinak ez beste inork osatutakoa (Espainia deitzen dugun hori ere nahiko frankenstein dela ahaztuta)). Kuriosoena, Frankenstein bera frankenstein-nobela bat dela, formalki, petatxuz egina: haurrak gurasoaren antza duela diogun bezala —nahiz izan adoptatua—, nobela honen konposizioak du protagonista duen pertsonaiarena, orain detektibe istorio, orain elkarrizketa filosofiko, orain mendi-igoera kronika, egitura du, mise en abyme, kaxa txinatarrarena, esploratzaile batek kontatzen baitu Victorrek kontatu dion munstroaren istorioa, ez bereziki beldurrezkoa, ez behintzat familia arrunt baten egunerokoa kontatzen dizun eleberriarena bainoago; esan izan zaio gotiko, erromantiko, lehen zientzia fikziozko, niri iruditzen zait errealista ia, generokide zaizkion beste batzuen aldean ondo idatzia gainera, “irudimenak inoiz moldatu duen istoriorik bitxiena”. Zeinak oparitu digun, bidenabarkoan, inoiz sortu den munstrorik estrainioena. Aurrez aurre begiratu eta gure antz izugarrizkoa daukana.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak