kritiken hemeroteka

8.652 kritika

« | »

Puta / Nelly Arcan (Miel A. Elustondo) / Alberdania, 2022

Edertasunerako tokirik ez dagoenean Joxe Aldasoro / Deia, 2023-11-11

Zaplazteko ederra eman dit euskaraz 2022an Alberdaniak argitaraturiko Puta liburuak. Aurreikus nezakeen prostituta baten bizia, sexu-langile baten esperientziak ez zirela samurrak izango baina ez nuen halako inarrosaldirik espero. Puta. Erdeinuzko hitza, emakumea gutxietsi egiten duena. Edozein lanbide edo esplotazio jardunetik haratago doana. Sexuarekin zerikusirik ez duten eremutan erabiltzen den biraoa: irakasle, erizain, zaintzailea, zerbitzari, pentsionista, etxeko andre, abeslari, famatu zein auzokoarekin. Esakune gutxik izango dute putakume-k duen indarra.

Idazlea hitzarekin jabetu egin zela pentsatzen dut: marikoi, bollera edo antzekoekin egin izan den bezala. Hitza bereganatu eta zentzu positiboa eman, harrotasunez jantzi. Ez dut harrotasunik aurkitu Nelly Arcanek (Québec, 1973 – Montreal, 2009) kontatzen dituen pasarte eta hausnarketa autobiografikoetan, pornoa bezain esplizitua hainbat momentutan.

Damurik ez. Zertarako. Ama-Aita-pontakeriarik gabe bizi eta idatzitakoa da Nellyrena. Erabaki kontzientea diru truk oheratu zen lehenengo aldia, eta hurrengoak. Milaka. Zergati zehatza ez du aipatzen. Ez dut aurkitu. Bizitza baldintzatzen duten hainbat erabaki hartzen dira, ondorio latzak dakartzatenak, aurreikusitakoak izan arren, leuntzen ez dituztenak, erabakiaren zergatia birplanteatzera eramaten zaituztenak. Balantzea egiterakoan merezi izan du galderari erantzun antzua, edozein delarik ere, denboraren errotak dena xehatzen duelako eta aurrera begiratzera behartu, aurkitzera behartzen zaituztenak. Antzeko zerbait gertatu ote zitzaion.

Ez dago biktimarik. Ez dago borrerorik. Eta kontraesankorra dirudien arren, etengabe aipatzen ditu aita, ama eta terapeuta-psikoanalista. Aita moral zorrotzeko gizona, erlijioari estuki lotua. Infernuaren sugarrek bizitzan erretzen, San Lorenzo iraunkorra. Alaba beldurrean hezi zuena. Misoginoa. Putazalea. Ama: aitari guztiz emana, esperantzaren loreontzian lehortua iritsiko ez den maitasunaren zain. Bizitzeko ez, hiltzeko ezta ere, adorerik gabe. Psikoanalista: dena alferrikakoa izango dela jakin arren joaten da terapiara. Kontziente da kontsultan bakoitzak betetzen duen rolaz. Entzun nahi duena esaten dio eta badakiena itzultzen dio terapeutak. Biktima eta borreroak nahas-mahas berean.

Eta belarrondokoa matxismoari orokorrean eta gizon putazaleari zehatzean, emakumea objektu sexual bihurtzeko momentuan bera ere gizajo bihurtuta. Sexuarengatik ordaintzea kobratzea bezain tristea beharko zukeen, baina ez da. Edo bai? Tristea da sexuan jarduteagatik kobratzea? Larrua jotzeagatik ordaintzea? Ordaintzeak bihurtzen badu zerbait laidogarri, onartuko didazu irakurle, nirea ez ezik, beste askorena ez dela hil ondorengo loriarik merezi duen bizimodua. Eta, gehituko dut, musu-truk egiten diren hainbat, diru-truk egiten direnak baino kaltegarriagoak dira.

Ez da nobela, ez da autobiografia, ez da filosofia, ez da poesia eta denetarik du. Kostatu zait irakurtzea eta esaldiek duten kadentziara, niretzako berria, ohitzera. Irakurri ditut hainbat esaldi lauzpabost aldiz eta ulertu gabe aurrera jo dut. Ez diot egiturarik aurkitu: ez kronologikoa, ez tematikoa. Baliteke nire gabezia izatea, noski. Liburua irakurtzeko moduaz aholku bat: ez irakurri hitzaurrea. Espoilerra egiten duten horietakoa da. Gibel solastzat hartu. Zentzu gehiago du. Nire ustez.

Azken kritikak

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Maddi Galdos Areta

Poesia kaiera
Frank O'Hara

Asier Urkiza

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Nagore Fernandez

Beste urte batez
Samira Azzam

Maialen Sobrino Lopez

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Iraitz Urkulo

Auzokinak
Gorka Erostarbe

Mikel Asurmendi

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Zer egin Miranderekin?
Askoren artean

Irati Majuelo

Silueta
Harkaitz Cano

Ibon Egaña

Azken batean
Lourdes Oñederra

Paloma Rodriguez-Miñambres

Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo

Mikel Asurmendi

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Maialen Sobrino Lopez

Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta

Asier Urkiza

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Nagore Fernandez

Artxiboa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

Hedabideak