kritiken hemeroteka

8.308 kritika

« | »

Egarria / Josu Penades / Alberdania, 2023

Egarria(k) Nagore Fernandez / Berria, 2023-10-22

Egarriak zeharkatzen du Josu Penadesek Alberdania etxean argitaratu duen azken eleberria; ez bakarrik halaxe duelako izenburua obrak, ideia eta metafora egituratzailea ere badelako iruditzen zait azpimarragarria kontzeptua. Egarriz bizi dira liburuko pertsonaiak, egarriz daude paisaiak eta iturriak, egarriz deskribatzen zaigu bizitza bera ere. Egarriak, ostera, askotarikoak dira, idazleak gehitu dituen epigrafeek iradokitzen digutenez: maitasun egarria du Galo Elorriaga protagonistak, bere aitak inoiz emango ez dion kariñoa falta baitu; diru eta apustu egarria du, ostera, protagonistaren aitak, Pedro Artikak, eta zekenkeria horrek eramango du, hain zuzen ere, galbidera, bai bera eta baita bere semea ere; idor daude paisaiak, iturriek apenas dute urik etenik ez duten egun sargoritsuetan, eta autoreak aukeratutako giro lehor eta bero horrek itoko ditu gertaerak eurak ere.

Hego haizez, Bermeoko euskaraz eta, gutxienez, 60 bat urte atzeragoko iruditeriaz blaitutako paisaiara eta sasoira garamatza idazleak, eta esango nuke hori dela liburuak duen argitasun nagusia: testuinguru sinesgarri eta erreal bat eraikitzeko duen gaitasuna. Izan ere, gehiegikeria asko barik, irakurlea erraz sartzen da antzina, gure aitona-amonek eta, are, birraitoina-birramonek izan zuten bizitza hartan. Sinpletasun bera darabil, gainera, Penadesek alderdi linguistikoan ere; sinplea izanagatik oso euskara zuzen eta zintzoan dihardu.

Apustu literarioak eta, zehazki, artefaktu narratiboak, ordea, ez nau paisaiaren egiantzekotasunak eta hizkuntzaren zuzentasunak beste ase. Narratzailetik hasita, noiz helduagoa noiz inozenteagoa den haur batek hitz egiten dio une oro irakurleari, eta nabaria da, gainera, bere izaera naif hori, sintaxian ez ezik, ideiak eta gertaerak lotzeko momentuan ere. Egia da aukeratu duen narratzailearen ikuspuntu zehatz horrek nortasuna edo zera berezi hori ematen diola kontakizunari, eta gordintasun puntu bat eransten gertaerei. Hala ere, hautu narratologikoan asmatu arren, iruditzen zait Penadesek ez duela jakin narrazio guztian zehar era berean mantentzen: nabarmena da bizitzak, halabeharrez, heldutasun goiztiar batera bultzatu duen pertsonaia bat irudikatu nahi izan duela, gaztea izan gabeko zahar bat, baina ez dakit ez ote den izan, batzuetan behintzat, nabarmenegia saltoa.

Aurrekoarekin batera, obrak galdera eta hutsune asko lotu gabe uzten dituen inpresioa izan dut; gehiegi aukeran. Edozein artefaktu literariok hutsuneak izan behar dituen ustekoa naiz, irakurlea bizi eta aktibo mantentzeko, besteak beste. Baina galderen neurria ondo ez hartzeak arrisku bat izan dezake: irakurleak testuan interesa galtzea. Eta, kasu honetan, antzekoa gertatu zait bigarren mailako pertsonaien karakterizazioarekin eta narratarioarekin.

Guztiarekin ere, dudarik ez dago Penadesek ikuspuntu antropologikotik eta dialektologikotik obra interesgarria ondu duela, garaiak, paisaiek eta euskarak oso ondo ainguratu nauten heinean, baina artefaktu bezala ez nau guztiz konbentzitu. Egarriak zeharkatu nau neu ere.

Azken kritikak

Poesia kaiera
Giorgos Seferis

Irati Majuelo

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Joxe Aldasoro

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak