kritiken hemeroteka

8.308 kritika

« | »

Pozaren erdia / Harkaitz Cano / Susa, 2022

Pozaren erdia zirkuluaren koadraturan legoke, beste erdia, balego, koadraturaren zirkuluan Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2023-07-25

Liburuaren (N. A.-ren) azalari oda

Munduaren esfera bitan zatituta dago; erdi + erdi: osoa. Hegoa iparrean dago eta Iparra hego aldean. Lurraren arre eta ortziaren zilar borobilak itzuli-mitzulian ari dira. Biak ala biak, biribil-biribilak, baltzuan ageri dira ekiaren zirrintan.

Pozaren erdia nahikotxo ez bailitzan, bertze erdiaren irrikan bizi gara. Halaxe ibili ei gabiltza munduko noriaren itzuli-gintzan.

Oharra: Nagore Amenabarrorekiko begirunez eta adeitasunez, erdi begitsua + erdi adeitsua. Ikusmin osoz haatik.

64 soneto: Capuletos eta Montescos

Sizilian sortu omen zen Sonetoa. Geroago Italia erdialdera iritsi zen. Dante Alighierik berak soneto amodiozkoak izkiriatu zituen. Espainolez, frantsesez, ingelesez, alemanez, portugesez, galegoz eta katalanez zabaldu bide ziren munduan gaindi, eta eurrez hedatu ere bai. Euskaraz badago idatzita, ez gutxi alafede. Aitor Francosek Egiturak agintzen duenean idazkian ederto agertu legez.

Sukar apur batek jota egon behar duzu, sonetoaren hamalau lerroetan barna lerratzeko. Kosta egiten zait asimilatzea, barnean daramazun hori silaba mugatuetan errenditzeko grina. Halako labirintotan barrena abiatzeko eleen alde eta eleen aurka, 64 bataila libratzeko alegia. Ausart izan behar da gero, hertsiki estutzen zaituen egitura baten barnean idazten jarduteko. Horra hor Harkaitz Cano! Itsas arroken kontra lehertzen diren eleen aldeko pirata!

Pandemiaren ondoriozko hitzen anemia

Hamalaudun edo soneto hamalau lerroko poesia lana da, lau lerroko bi ahapaldiz eta hiruko beste biz osatua. Hamalau samar izan behar duzu tankera horretako poesian barna abiatzeko, errana jadaneko. Harkaitz Cano baina, ene ezagutzatik bistan da, ez da harroa, ez da handigura, ez da “mutiko” pijoa.

Mutiko garaia joana, heldu eta umotu zen aspaldian. Gaztetasunaren harra barnean darama, aidanez. Pandemia garaian ziurgabetasun suerte baten ondoriozko hitzen anemia pairatu bide zuen, baita ondorioz, pertsonok eskas dugun Pozaren erdia xerkatu ere. Pozaren erdia galbidean, pozaren beste erdia bilatu eta ziurtatu beharra sentitu zuen. Hor nonbait.

Harkaitz Canoren Biographia (suerte bat)

Pozaren erdia honetan Harkaitz Canoren Biographia idoro dut: haurtzaroa, nerabezaroa, gaztaroa, helduaroa… Senitartekoa eta lagunartea. Amodioa eta desamodioa. Eskola eta sasieskola. Literatura eta mentura. Politika eta ez-politika.

Oro da politika eta deus ez da politikan. Sonetoa osoa izan arren ez da inoiz osatua. Pozaren erdia gehi beste erdiaren poza. Poza ez da sekula osoa, ezta sonetoa arras osatua.

Eleen pirata izan ezik, eleen gladiatorea begitandu zait idazle jardueran. Behiala idatzia errepikatzeari uko eginik, neurri eta soinu berrien xerka borrokatzeko menturazalea, esploratzaile gaixo nekaezina.

Eleen gakoen xerka aritu da, kakorratz lan nekea egin ote du apika. Hamalaudun ele ehundu ostean, korapiloak laxatzen jardun du baitezpada.

Olioa usaindu dut oihal sonetoaren gainean. Olioa loditu zaio lantzean-lantzean, eta lantzearen poderioz akuarela ontze aldera egin du irrikatan.

Mediku-iruzkingile honena

Preskripzio fakultatiboa: dosi txikitan hartu behar Pozaren erdia, olioaren usainez horditzeko arriskua uxatu aldera. Poz osoa ez baitago osatzerik.

Gomendioa: egunean bi soneto hartu, bi pilula bailiran. Gehiago hartzea kaltegarria izan dakizuke. Tentazioan erortzeko arriskua beti dago.

Hitzen mediku iruzkingile izan arren, Harkaitzen hitzen hitz-anemia honetatik osatu gabe nago-eta, anartean.

Endemia (suerte bat) nozitu dut liburua irakurri artean. COVID-19 ote daukadan itaundu naute lagunek. Ezetz erran diet. Izatekotan COVID-64 izanen dela erran ere. Haiengana ez hurbiltzeko, erran didate beldurrez.

64 soneto daramatzan Pozaren erdia hamaika bider irakurrita dago hamalau honek. Bizirik nago ordea. Hemen segitzen dut. Frantziako 64 departamenduan bizi naiz.

Hamalau silaba bider hamalau lerrotan errenditu nahian hasia naiz, Pozaren —beste— erdia atzeman guran, hitz-anemia honetatik osatu beharrean.

Zirkuluaren kuadratura erdietsi nola soneto bat izkiriatzen aritu nauzu irrikatan. Pozaren erdia zirkuluaren koadraturan legoke, beste erdia, balego, koadraturaren zirkuluan.

Goiko (H. C.-ren) argazkiari oda

Harkaitz Canoren bisaiaren erdi-ageri, / pozaren erdia bere baitan, baldin bihotza / bada gizakiaren izanaren neurtitza; / bertze pozaren erdia aurpegian igeri.

Hitzak josteko sosegu sendo zaik igarri, / —hamalau lerro doi-doi eta hamaika hitz(a)— / plagio hau haizu bekit, bihotzezko ekintza, / poeta berria nauk, nork bere izari.

Poza ei da deus barik ageri den irria / pandemia bezain krudela, ezin ebatzi, / irrikek akitu dute pertsonon aiurria.

Deus izatekotan, ez hadi izan lotsati / herabeen izua auzi bihurria, / lurraren gaindi habil haitz haize ausarti.

Azken kritikak

Poesia kaiera
Giorgos Seferis

Irati Majuelo

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Joxe Aldasoro

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak