kritiken hemeroteka

8.308 kritika

« | »

Zeozer gaizki doa / Beatriz Chivite / Pamiela, 2022

Klima aldaketaz harago Hasier Rekondo / Deia, 2023-05-27

Samuel Beckett-ek esan zuen poetika oro otoitza dela, prosodiaren paradigma ezberdinetatik aske. Beatriz Chiviteren (Iruñea, 1991) poemario honetan badago existentziaren zentzugabekeriaren aurkako otoitza laikoa, bizitzan hartu beharreko erabakien aurrean nagusitzen den zalantzaren lurraldean betiere. Subjektu poetikoaren eta haren bidaideen artean sortzen diren hiri-eremuetako eguneroko zirrikituei beha gauzatuko da poesia, otoitza esan nahi baita.

Liburuaren izenburuak berak, ixten duen poemaren indarrak erakarrita, Chiviteren ikusmoldearen nondik norakoa emango digu: “…tomateak loratu dira Helsinkin. / Zeozer gaizki doa”. Poetak jakin baitaki zerbait gaizki doala baina ez daki zergatik, edo bai: ez da preseski klima aldaketaren eraginez, edo beharbada, egiaz ez daki inoiz zerbait ondo joan den, baina aurrera jarraitu behar du otoitzarekin, subjektu poetikoak berak horixe bera eskatzen baitio.

Poetak, Delfoseko orakuluaren antzera, ez du ezer baieztatuko ez ezeztatuko, seinaleak igorriko ditu, besterik ez. Eta batzuetan, zerbait gaizki joan arren, barrezka datozkigu seinaleok: “Zer amesten du aitak / ez dakit / amesten duen ere / ez dakit / baina irribarre egiten du”.

Esango nuke libururen hiru atalak zeharkatu ahala, Chiviteren poesiak irabazi egiten duela, batez ere sakontasun filosofiko kontzeptualetan barneratzen denean, eta berriz, modernitate hiper-teknifikatuaren kontraesanen berri eman nahi duenean poesiak hegaldia galtzen duela. Hasierako Hiltzear dagoen planeta batentzako soinu banda iruditu zait ahulena, eta berriz, Tximeleta hilak nonahi bigarren partea zein Tomateak loratu dira Helsinkin azken koda biak ala biak lortuenak. Chiviteren poetikaren alderik lortuena isiltasunen esparruan iradoki daitezkeen espazioak baitira, zenbait poemek haikuaren eredu formala eta poesia minimalistaren moldeak dituzte ispilu gisa. Hizkuntza poetikoa menperatzerakoan ahuleziak antzeman daitezke liburu honetan, eta aldiz, bete-betean asmatzen du egileak begiradaren pausatze lekuak aurkitzerakoan. “Orain lasai idazten dut / baso elurtuan / estalpe bat / aurkitzen duen baten / lasaitasunez./ Orain hortzak ondo garbituz / eta harriak leuntzen gozatzen dut…”.

Deigarriak egin zaizkit, halaber, tokatzen zaidanagatik eta bitxikeri gisa, liburuan aurkitzen diren yogaren gaineko aipamenak. “Hot Yoga otorduen artean / trafikoa ez da mugitzen…” Edota, ” 5 m2-ko logelako / koltxoia altxatu eta / yoga estudio bihurtzen da”. Yogaren kontraesankortasuna irmoa gerta daiteke gure gizarte sofistikatu, masifikatu eta arras agnostiko honetan, jainko-teknologikoen menpe.

Gure egile bati irakurri diot duela gutxi sare sozialetan euskal literaturaren azken hamarkadetan narratibaren garapena askoz ere nabarmenagoa izan dela poesiaren baino, beharbada arrazoi bete-betea du. Alta bada, gurean Helsinkin tomateak loratzen diren bezala poetak ernaltzen dira nonnahi. Ez dakit zeozer gaizki doan horren karira, baina niri Beatriz Chivitiren moduko poetak irakurtzean plazer txikiak gailentzen zaizkit, zerbait ondo doala iruditzen zait nire ergeltasun irrazionalean.

Azken kritikak

Poesia kaiera
Giorgos Seferis

Irati Majuelo

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Joxe Aldasoro

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak