« Edertasun gupidagabea | Argazkien soslaiak »
Emakume bat / Annie Ernaux (Itziar de Blas Fdez. de Gamarra) / Txalaparta, 2023
Amarekin egoteko espazio bat Nagore Fernandez / Berria, 2023-03-19
Annie Ernauxek idazten bukatu eta hamabost urtera amaitu zuen Txalapartak idazlearen Une femme obraren euskarazko itzulpena, Emakume bat liburua, hain zuzen. Bada, lehen bertsio hartatik ia 11 urtera datorkigu euskarazko bigarren edizioa, etxe berberak berriki berrargitaratua, hain zuzen ere, Ernauxek Nobel saria jaso eta hilabetera. Argitaletxeak bi edizioetako hondar-oharretan aipatzen dituen efemerideok lotzen dituzte, dirudienez, Une femme gogoangarriaren euskarazko bi argitalpen horiek, eta esan daiteke efemerideek lotzen dutela, baita ere, hizpide dugun liburuko trama nagusia. Zehazki, efemeride nagusi batek: protagonistaren amaren heriotzak.
Itziar de Blas Fernandez de Gamarrak horren duin eta fin euskaratutako liburuan, lehen pertsonako narratzailea mintzo zaigu, eta, bere amaren heriotza abiapuntutzat hartuta, puskaz puska haren bizitza berreraikitzen du. Bide hori, ordea, ez da perfekzioaren lekuko; Ernauxek ez du ama baten erretratu aingerutarra islatzen. Bizitza errealean bezalakoa da obran ere ama-alaben arteko harremana, batzuetan gatazkatsua, besteetan sentitua, eta anbibalentzia horrek are gizatiarragoa egiten du subjektu literarioa. Nabaritzen da Ernauxek liburu honetan moralari eta etikari baino gehiago, egiari egin diola dei, amaren egiari eta bizitzari. Izan ere, amarekin egoteko leku bat da funtsean liburua, nahiz eta espazio hori batzuetan mingotsa izan, idazlearen beraren hitzetan: “Ez dago jakiterik zer idazten dudan amari buruz. Baina ez dut hari buruz idazten; hori baino gehiago, iruditzen zait harekin nagoela garai batean, leku batzuetan, non bera bizirik dagoen”.
Badakit fikziozko lanetan ez dela zuzena idazlea eta “ni” dioen subjektua parekatzea eta, are, bata bestearekin nahastea. Hizpide dugun obra nobelatzat (ere) hartu dutela jakitun izan arren, bi-biak elkarrekin lotzeko ausardia izan dut kasu honetan. Emakume bat irakurtzen duen edonor konturatuko da ez dela sailkatzeko obra erraza, ez baita kaxoi bakar batean kabitzen: ez da fikziozko lan bat huts-hutsean, ezta biografia guztiz konbentzional bat ere. Datu errealak daude, narratzailearen jaioterria adibidez; haatik, ez ditu egiak osorik kontatzen. Material historiko nahiz soziologikoa ere agertzen da, gainera, amaren bizitza deskribatzearekin batera, ezinbestean, garai hartako gizartearen soslaia eraikitzen den heinean.
Autofikzioa idazten duen artistatzat hartu izan dute Ernaux, fikzioz betetako testu autobiografikoak (edo alderantziz) konstante bat izan direlako bere ibilbide eta unibertso literarioan. Baina, esango nuke bere literaturaren garrantzia ez dagokiola autofikzioa egiteari (bakarrik), ezpada hautu estetiko horren helburuari. Izan ere, intimoa eta pribatua baliatuz, kolektiboari dei egiten dio idazleak bere testuetan, norberaren memoriatik besteen memoriak eraikitzen ditu eta intimitatearen dimentsio politikoa aldarrikatzen. Nire ustez, Emakume bat obraren erakargarritasuna ere (literarioki hitz eginda) hautu eta perspektiba horretan datza.
Zero
Aitor Zuberogoitia
Amaia Alvarez Uria
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Aiora Sampedro
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Mikel Asurmendi
Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez
Jon Jimenez
Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi
Asier Urkiza
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Nagore Fernandez
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Aiora Sampedro
Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi
Mikel Asurmendi
Haize beltza
Amaiur Epher
Jon Jimenez
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Asier Urkiza
Girgileria
Juana Dolores
Nagore Fernandez
Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin
Aritz Galarraga
Teatro-lanak
Rosvita
Amaia Alvarez Uria