kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Miren eta erromantizismoa / Ramon Saizarbitoria / Erein, 2019

Ramon Saizarbitoria eta hezkuntza Jon Kortazar / El Correo, 2020-05-24

Hezkuntzarekiko Ramon Saizarbitoriak erakutsi duen arreta aspaldikoa da. Oker ez banago, Lur argitaletxeak 1971n plazaraturiko Eusebio Osaren “Pedagogia eta gizartea” liburuak haren hitzaurrea du. Literaturaren alde pedagogikoan zuzen jauzi gabe, azken aldian hiru lan argitaratu ditu gazte “argiei” zuzenduta. “Kandisnskyren tradizioa” (2003), “Lili eta biok” (2015) eta oraintxe esku artean dudan “Miren eta erromantizismoa” (2019).

“Lili eta biok”, gaztelaniaz hezkuntzari aipamen eginez “La educación de Lili” izenburua jarri zaion nobelan, pertsonaia batek garbi azaltzen dio Gerra Zibilean gertaturiko basakeria aztertzen ari den Faustino Iturbe idazleari garrantzitsua dela gazteek jakin dezaten: “-Iruditu zait gerrari buruz zerbait idazten ari ote zinen edo./ —Beharbada. Pentsatzen ari naiz./ -Hori ondo dago. Komeni da gazteek jakitea”. Komeni da gazteek jakitea. Eta seguru nago egileak erantsiko lukeela: “Eta gero euren erabakiak har ditzatela”.

Jakin ondoren erabakiak hartzen dituen neskatxa bati buruzko nobela da “Miren eta erromantizismoa”. Txunditu egin nauen nobela da. Ezbairik gabe, ez dute Ramon Saizarbitoriaren nobela nagusien artean kokatuko beharbada, baina badu bere gozamen puntua. Eta ez txikia.

Arkitekto lanetan ari denean, Ramon Saizarbitoriari “Martutene” aterako zaio, agian; orfebre lana egiten duenean, aldiz, obra txiki perfektua. Zeren “Miren eta erromantizismoa” ez da institutuko maitasun historia baten kontakizuna, emakume bihurtzera doan pertsona baten azterketa psikologikoa baino. Nobelak, eta hau ikusi ez duenak ez du gaia ulertu, zutabe bi ditu: bata, Faustino Iturbek azaldu du, Éric Rohmer-en filmen gisakoa dugu nobela. “Belarra hazten ikusten den horietakoa”. Antzekoa da nobela, belarra hazten den bezala, mantso, ikusten dugu Mirenen nortasuna bere egiten eta indartzen. Bigarrenak badu zerikusirik zinegile berak esaten duenarekin, eta liburuan aipu nagusi moduan ageri den esaldiarekin: “Paradoxikoki nire filmetan dena da ustekabekoa… zoria izan ezik”. Azken bolada honetan, Ramon Saizarbitoriaren estetikan kointzidentziek (eta batzuk, sinesgaitzek) paper handia bete izan dute (hemen, adibidez, Saiden telefono zenbakiak Klararen urtebetetze egunarekin egin du bat, edo honi bidalitako gutunak), azken batean pertsonaiaren zoria, Mirenen izana, betetzeko. Idazleak aipatu du inoiz horrela egiten duela fikzioari indarra emateko, jakin dezagun fikzioa irakurtzen ari garela. Baina fikzioaren bertuterik handiena bete nahi du: fikzioaren gezurraren bidez egia osatu, gizartearen irudia argitu.

Egilearen beti-betiko arreta puntuak ageri ditu kontakizunak: emakume izaera nolakoa den aztertzea eta ulertzea. Kontakizun sinplearen azpian, hainbat gai potolo agertzea: matxismoa eta tratu txarrak, behin baino gehiagotan, gure gizartean indarrak utzitako arrastoa, terrorismo islamiarra, emakumearen papera bai gure kulturan eta bai islamiarren artean, arrotzaren onarpena nolakoa den. Eta guztiaren gainetik kontrajarpena: Pascalen pentsakizunaren eta Erromantizismoaren itzalaren artekoa.

Nire gusturako, Ramon Saizarbitoriak bestetan erabili duen ironia handirik ez dut aurkitu. Bai badago, nola ez? Mirenen etxea egilearen bizitokia da. Aurreko nobelen oroigarriak ere hemen badira. “Lili eta biok” nobelakoak dira Faustino Iturbe idazlea eta Ana, Mirenen amaren adiskide txolina, eta Otzeta herriaren aipamena. “Kandysnkiren tradizioa” liburutik datoz beste oihartzun batzuk: kartografiaren erabilpena, barruko soinekoen lilura, lehen harreman sexualaren gaia. Baina seriotan hartuko ditu pertsonaia, bere heldutasuna kulturaren bidez ere lortu duen emakume berri baten heziketa eta hezkuntza. Aipu kulturalak, agian, ez dira gaurko gazte batek erabiliko lituzkeenak, baina esan zuen Ramon Saizarbitoriak “Lili eta biok” nobelan: “Kontua da kulturak ematen digula gure ‘arbasoak’ aukeratzeko bidea. Hor bai daukagula erantzukizuna: zer aukeratzen dugun”. Eta Mirenek arduraz aukeratu du bere bidea.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak