kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Miren eta erromantizismoa / Ramon Saizarbitoria / Erein, 2019

Miren eta erromantizismoa Txema Arinas / uberan.eus, 2020-05-29

Saizarbitoriak nerabeendako propio idatzitako nobela bat ote? Badirudi hori egilearen asmoa dela, horretarako ere hain berezko duen estilo benetan berezi eta txukuna, euskal literaturan berehalaxe samur-samur antzematen diren bakanetakoa. Gauzak horrela, eta gazteendako asmatutako lana izanda, esan liteke Saizarbitoriak bere idazkera nola edo hala, azaletik behintzat, arindu egin duela ohiko ez dituen irakurleei irakurterrazagoa izatearren, hau da, Saizarbitoriazaleok hain gustuko dugun idazkera benetan mamitsua, korapilatsua, poliedrikoa nolabait arinagoa, artezagoa omen, egin dakion ustezko irakurle gazte bati, oro har esaldi luzeak edo deskribapen gizenak gustuko edo ohiko ez dituzten irakurleen belaunaldi berriei propio zuzendutakoa. Halaber, istorioaren nondik norakoak azalez ere oso sinpleak edo ezagunak dira, tipikoak, doi eskematikoak omen: amodiozko triangelu bat. Said mutiko marrokiarra, izatez agian exotikoa baina edozein estereotipotatik dezente aldentzen dena. Klara, klaseko neskarik pinpirinena, kaskarina omen, mutikoak berarekin egoteko batere arazorik ez duena, arinkeria lege omen duena. Miren, Klararen lagunmina eta mutikoekikoan eta agian bizitzan ere honen alderantzizkoa doi-doian, beti sakonera begira dagoena, edonorekin harremanetan hasi baino lehen bere sentimenduez oso ziur egon nahi duena halabeharrez, edo bestela, eta bere adiskideak ez bezala, bakarrik egon nahiago duena fundamentuzko mutil-lagunik ezean. Hortaz, hirukotearen elkarrenganako amodio kontuen nondik norakoak nobelaren ardatza izango ditugu. Ezinbesteko ardatza nire ustetan istorioa kosta ahala kosta nerabeei errotik erakargarriagoa izan dakien, alafede; ba al dago nerabezaroan bihotzeko kontu txatxuak baino gai interesagarriagorik? Ez dakidana, aldiz, nobelaren izena norainoko erakargarria dakiekeen nerabeei eta ez guztiz kontrakoa, erromantizismoa gaur egun modaz erabat kanpoko kontzeptua izanda, hau da, dena gordinagorik ematen duten garaiotan aspaldiko kontu zaharra balitz bezala; ez baldin bada beste irakurle mota bati zuzendutako keinurik edo, auskalo. Halere, bistan dago irakurri ahala delako amodiozko triangelua aitzakia hutsa zaiola Saizarbitoriari hainbat funtsezko gai jorratzeko asmotan, edozein nobelatan bezala baina kasu honetan nerabeei bereziki propio zuzenduta, hau da, nolabaiteko asmo pedagogikoz ozta-ozta mozorroturik. Gauzak horrela, baditugu alde batetik nerabezarokoak hain propioak diren gaiak: gazteen arteko harremanen gorabeherak, lehenengo amodioak zein desengainuak, ikasketak, guraso zein irakasleekikoak eta abar; baina, bestalde ere orokorragoak diren beste gai batzuk: batik bat etorkin mairu edo musulmanenganako arrazakeria, terrorismoaren itzala edo mehatxua, klase zein beste mota askotako aurreiritziak, baita euskal gizartearen gai edo aje oso zehatz batekin lotutakoak, eta alde horretatik oso interesgarria, esanguratsua, delako ajearen aurrean gaur egungo zenbait gazteren ikuspegia edo jokabidea, beharbada oraindio ez gehienena ez baldin bada, noski, nolabait asmatzearren.

“Azkenean, Iñaki Altubek animoak baretzea lortu zuenean, eskatu zien eskua altxatzeko Euskal Herriko terrorismoak kalteturako nonbait ezagutzen zuenik baldin bazen inor han. Uxue Aldasorok berea jaso eta esan zuen amaren osaba kazetari bat hil zutela tiroz. Mirenek bazekien auzoko Anaren osaba abokatu bat hil zutela San Martin kalean, baina ez zuen ezer esan, ez zuelako gizon hura ezagutu. Ez zuen aipatu, ezta ere, amaren lehengusu bat ETAkoa izateagatik kartzelan egona zenik, hura bai ezagutzen zuen arren; ez zen galdetzen zitzaiena, ordea, eta gainera, ez zekien ziur eskurik altxatuko ote zuen irakasleak galdetu izan balu ea ETAko kiderik ezagutzen zuenik ba al zen inor.”

Bada, horrenbestez, nobela bat benetan goxoa, batipat erraz goxatzekoa, edonondik begiratuta ere eta edozein irakurlerendako, bertan jorratzen diren gaiak, nerabeekikoak zein bestelakoak, betiere txit interesgarriak izaten baitira Ramon Saizarbitoriaren lumatik iragazita, bertantxe bere idazkera hain berezkoa nolabait biluziagoa antzemanagatik ere jeneroaren betebeharrak direla kausa, ezin baitugu ahaztu helburua printzipioz gai gutiok nerabeei helaraztea dela. Halere, nobelak zenbait duda ere sortarazten dit goraxeago aipatutakoarekin batera: ez al ditu nerabeen nondik norakoak oso modu urrun batetik islatzen, taularatzen, kontuan hartuta bi protagonista nagusiak, Said eta Miren, azken buruan jatorregiak, zintzoegiak, perfektoegiak direla, hau da, guk nagusi gehienek oso gogoko izango genukeen nerabe eredua, denak benetan Said eta Miren bezain bikainak izatea bihotzetik gustatuko litzaigukeena; esan nahi dut betiere nik nire inguruan ezagun ditudan nerabeen aldean, hau da, nire seme nagusia, beronen lagunak eta edonon topatzen ditudan beste hainbat nerabe ere? Jakina, ez dut inondik inora adierazi nahi Said eta Miren hezur eta mamizko pertsonaiak ez direnik, denok ondo asko dakigulako literaturan balizko nortasun guztiak posible direla ondo edo behar bezala taxutu ezkero, areago gainontzekoengandik bereizten direnak, horrexetan pertsonaien originaltasuna datzalako. Alabaina, protagoniston originaltasuna nolabait euren ingurukoengandik gailendu arazteko, ni naizen irakurle beti konformagaitz edo kexatiari galdetzen diot ez al zitzaiokeen idazleari komeni izango gainerako nerabeen gaur egungo ezaugarri edo ajeak apurtxo bat gehiago —agertu agertzen direlako nahikotxo, baina agian ez nik neuk espero edo uste bezainbeste- nabarmentzea, esaterako, gaur egungo nerabeen teknologia digitalarekiko mendekotasun erabatekoa, konpultsiboa, aurreko belaunaldien aldean sexuarekiko jokaera guztiz ezberdina, libreagoa, gaur egun propio zaien gazte kultura musikal edota edonolakori lotuta edota nagusiok izan ginen nerabeengandik bereizten dituen edozein beste ezaugarri. Batek daki, nik aitor dut nireak aurreiritziak direla, baina hala eta guztiz ere, ezin da inola ere esan hau ez dela goxo-goxo eta benetan gogobeterik irakurtzen ez den nobelarik. Gauza guztiz esperokoa Saizarbitoriak beti nola edo hala gogobetetzen baitu bere literatura maite duen edonor.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak