« Drama eta zamez | Karena izatearen mentura, izan eta ez izanaren malura »
Beirazko kanpaia / Sylvia Plath (Garazi Arrula) / Txalaparta, 2022
Beiraren distortsioa Irati Majuelo / Berria, 2022-04-24
Sylvia Plath idazlearen lanak sona du gaur egun, nahiz eta beti ez zen hala izan. Bere heriotzaz geroztik eman zitzaion batik bat garrantzia idatzi zuenari, izan zituen gaixotasunen eta amaierako suizidioaren morboari tiraka, gehienetan. Hala ere, kritika feministaren bidetik, idazkiak berreskuratzeaz gain, arreta haren heriotzan jarri beharrean, haren bizitzan eta idazkeran ipintzeko ahalegina egin da, kultuzko idazle bilakatzeraino. Izan ere, bizitza eta idazketa bereizi ezinezkoak dira Plathengan.
Idazle estatubatuarraren poesia da, akaso, bere obran ezagunena, eta gurean ere, poesiazkoak dira aurretik itzuli diren bi liburuak, Iñigo Astizen zein Harkaitz Canoren eskutik. Garazi Arrulak, ordea, bere eleberri bakarra euskaratu berri du, ezizenpean argitaratu zuena 1963an. Euskara bikainean eta Plathen estilo gordinari eutsiz, altxor txiki bat da euskarara ekarritako munduko literaturaren artean.
Eleberri honek neska gazte baten gainbehera azaltzen du, New Yorkera beka batekin joateko aukera norbere barrurantz amiltzeko zulo bilakatzen zaionean. Esther Greenwood ikasle argia da, nota bikainez betetako curriculumarekin etorkizun oparoa iragarri zaiona: nahi duena lor dezake, nahi duena izan daiteke. New Yorken bera moduko neska talde batekin igaroko du hilabetea, moda aldizkari batean editore gonbidatu modura, hiri handiko giro artifizialaren xanpain burbuilak dastatzen eta helduarorako trantsizioaren lehen errealitate kolpeak jasaten: gizonekiko harreman zapuztuak, sexu-erasoak, nesken arteko lehia eta jelosiak, lan-munduko anbizioa eta zorroztasuna. Etorkizunerako lehen urratsak emateko egonaldia omen da, baina Estherrek, aitzitik, ez daki zer nahi duen. Ez du hori nahi, baina ezin jakin norantz jo: paralizatuta dago egonaldia amaitzen denerako. Gainerakoengandik bereizi sentitzen da, ez baitu euren feminitatearekin bat egiten, eta ez baitu ere arau sozialek emakume gazte batentzako aurresuposatzen duten leku baldintzatuan bere burua ikusten. Poliki-poliki, lehen pertsonan ikusten eta kontatzen du nola mozten zaizkien hegalak bere ilusio lañoei, nola mugatzen duen gizarteak, nola mugatzen duen berak bere burua.
Era horretan, Estherren eta munduaren artean amildegi bat zabaltzen da, geroz eta handiagoa. Nobelaren bigarren zatian, istorioak purpurina atzean utzita, kolore ilun trinkoa hartzen du. Neska gaztearengan aurretik sumatutako noraez eta haustura zantzuak nabarmen indartzen dira, eta aurretik errealitatearekiko sorgortasuna zena gaixotasun kliniko bilakatzen. Horren ondotik datoz psikiatrikoak, medikalizazio bortitza, elektroshock tratamenduak. Ameriketako Estatu Batuen 50eko hamarkadako erretratu garratza egiten du, beraz, gainbehera psikologiko pertsonala zirudiena herrialde eri batekin harilkatzean; hala, eremu publikoa eta pribatua etengabe gurutzatzen eta gainjartzen dira Plathen idazkeran.
Idazkera berezia du estatubatuarrak, istorio arrunt eta kaskarina dirudienaren gainean ahots sakon eta ospel bat gailentzen baitoa ia irakurlea ohartu gabe, ia dena irensteraino. Irudi indartsu eta durduzagarriek, testuari lirikotasuna emateaz gain, kontakizun bisuala sortzen dute oso, sinetsaraziz ospitaleko harlauzen gainean lehertu den termometroaren merkurioak goitik behera zipriztindu zaituela. Horrez gain, Plathen ironia eta umore beltza nabarmendu behar dira, gaixotasun, erietxe eta zulo beltzez osaturiko kristalezko munduan ere isekari agertzen baita idazlearen ahotsa.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres