kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Amez / Goiatz Labandibar / Alberdania, 2022

Drama eta zamez Amaia Telleria / Deia, 2022-04-23

“Beti besteek idazten dute gure berri. Ez digute eman gure bertsioa kontatzeko aukerarik. Inoiz”. Horrela dio Agripinak, liburuko narrazioetariko batean, eta, iruditzen zait nahiko ondo sintetizatzen duela baieztapen honek liburuaren xedea.

Urte luzez gorde dira isilpean amatasunaren alderdi ugari, edo idealizatu egin dira, edulkoratu, literaturan eta bizitzan bertan. Nor ausartu kexatzera, hortaz, amak hain izaki indartsu, guztiz on eta perfektua izan behar duenean?

Ez dira gutxi, azken boladan, egoera hori irauli nahian amei ahotsa emateko zorroztu diren lumak. Edo ama izan nahi eta ezin dutenei. Hala ama izan nahi ez dutenei. Emakumeoi, azken finean. Ba al da bere inguruneak inoiz amatasunaren miran edo atakan jarri ez duen emakumerik, bada?

Helburu garrantzitsuari heldu dio, hortaz, Goiatz Labandibarrek bizitza bera bezain aintzinakoa den hizpideaz, baina irakurle garaikidea harrapatuko duen Amez narrazio-liburu honekin. Tizianoren Venus azalean, atzoko, gaurko zein herenegungo kontuak narrazio bakoitzean, amatasunak eta haren bueltako komeriek ez dute iraungitze-datarik.

Ziur irakurle asko beldurgarriki identifikaturik sentituko direla horietako kontakizun batzuekin, eta, are gehiago, zer pentsatua ere emango diela. Ez baita aspektu askorik gelditu Labandibarren narrazioetatik kanpo: arrazakeria, klase sozialak, sexualitatea, idealak, anbizio eta ametsak, maitatua izateko beharra, galera… Hezur eta mamizko pertsonaietan gorpuztuko dira denak.

Egunerokotasuneko egoerak, pertsonaien hausnarketak, elkarrizketak. Askotarikoak dira erabiltzen dituen erregistroak. Narrazio estilo ezberdinekin dantzatzen du idazleak atal bakoitzean, lortu nahi duenaren arabera, eta efektua lortzen duela azpimarratuko nuke, irakurlea bere konpasean ari baita oharkabean.

Errelato batzuek badute, gainera, nolabaiteko magnetismo bat, zeinek bat akabatu ostean, hurrengoa irakurtzera gonbidatzen gaituen, nahiz eta jakin batere zerikusirik izango ez duela aurrekoarekin. Are gehiago, gehienetan espero gabeko norabideak hartuko ditu aldiro Labandibarrek.

Aitortu behar dut irakurtzen jarraitzeko bulkada horrek izan zezakeela ene kasuan loturarik amatasunaren aspektu baikorren baten bilaketarekin ere. Egilearen xedea guztiz alderantzizkoa dela jakin arren, itzaletan argirik ere sartu ohi baita, noizbehinka. Esan bezala, amatasunaren egia berdadero asko luzatzen dizkigun arren, ez da egia unibertsalik, ez eta osorik ere. Amatasunaren aurpegi anitz hauen artean, sumatu dut amatxoren aurpegiaren bila altxatzen den esku txikiaren ondorioz amari jaiotako irribarrearen falta. Edo eskolako patioan bildutako margarita-sorta erdi zimeldua eskuan, amaren besoetara korrika txikian irteten diren neska-mutikoek barruan sortzen duten gozotasuna. Eta bai. Badakit hori dela, hain zuzen ere, orain arte, luze eta zabal banatu den errelatoa. Baina amatasuna hori ere izanik, sumatu dut drama eta zamez haragoko aipamen txikiren baten falta, bederen.

Kontuak kontu, irakurleari emozio oso anitzak eragiteaz gain, eramango du, zenbaitetan bila jarraitzera ere, idazleak tartekatuko dituen erreferentzia sarrien bidez, besteak beste. Hori guztia, noski, Labandibarren hizkera jolasti eta zorrotzean. Zalantzarik ez dago irakurlea epel utziko ez duen liburua dela Amez, eufemismotik eta hitzerdika aritzetik urrun baitago, eta sortuko duela mahai inguru bat baino gehiagotarako eztabaidagaia.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak