« Ama-alabak jokoan | Badakit zertaz ari naizen: sorpresak sistemaren akatsak dira »
Nirliit / Juliana Leveille-Trudel (Aiora Jaka) / Txalaparta, 2021
Dekolonizazio ariketa Amaia Alvarez Uria / Argia, 2021-09-05
Ohiko eztabaida bat da bizi izan ez duzun zapalkuntza bati buruz idatzi dezakezun, pribilegio kokapen batean egonda. Gizonek emakumeen esperientziari buruz hitz egin dezakete? Heterosexualek lesbiana eta gayei buruz? Zuriek arrazializatuei buruz? Alde batetik diskriminazioa eta bazterketa jasandakoen ahotsari entzutea da aberasgarriena, baina beste alde batetik egin beharreko lana ere bada bakoitzak bere botere kokapenari kritikoki begiratzea. Horretan dihardu idazleak.
Juliana Léveillé-Trudel da egilea eta Kanadako Artikoan bizi den inuit komunitateari buruz arituko zaigu. Azken udak han pasa ditu haurrentzako jarduerak antolatzen eta dinamizatzen eta bertan ikusi eta ikasitakoak aletuko dizkigu. Emakume gazte zuri frantses-hiztun kanadiar/quebekiar baten esperientzia eta gogoetak partekatuko ditu boteregabetutako, sarraskitutako, eta ustiatutako komunitate baten berri emanez.
Azalean Nirliit izenburua topa dezakegu: “antzara” inuktitut hizkuntzan, eta protagonistaren metafora, udan iparraldera doalako eta neguan hegoaldera. Azaleko irudiari dagokionez, “bisutsa” dugu, haizeak barreiatzen duen elur txiki sarria, izan ere, oso eremu hotz eta gogorra da klimatikoki, baso-mugaren iparraldean bizi dira, tundran, argitasun itsugarria eta iluntasun hitsa txandakatzen diren lurraldean.
Protagonistak erail eta desagerrarazi duten bere laguna zen Evari eta Evaren semeari, Elijahri hitz egiten die. Bakarrizketon bidez herri baten erradiografia egiten digu, bere ikuspegitik, zerikusirik ez duena Conraden Afrika orientalistarekin edota Fosterren India exotikoarekin. Narratzaileak dioenez: “Errudun sentitzen naiz neure herrialde aberatsagatik, neure familia batuagatik, neure heziketagatik. Suak itzaltzeko premia sentitzen dut, haurrak salbatzekoa, mundu ustel honetan zerbait egitekoa”.
Europarren Kanadako kolonizazioa agerian utziko digu, ehiztari nomadak nola bihurtu zituzten sedentario eta menpeko. Biolentzia handiko egunerokotasuna bizi dute, azken aldiko prentsan ere ageri dena: hildako emakume indigenei buruzko ikerketaren arabera “arrazan oinarrituriko genozidio bat” gertatu da; eta erakundeek kudeatutako eta haien kultura baztertu eta diziplinatzeko xedea zuten barnetegi askotan ehunka haur indigenaren gorpuak aurkitzen ari dira.
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Maddi Galdos Areta
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Asier Urkiza
Izotz ura
Lide Hernando Muñoz
Nagore Fernandez
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera