kritiken hemeroteka

8.741 kritika

« | »

Nirliit / Juliana Leveille-Trudel (Aiora Jaka) / Txalaparta, 2021

Glaziar bat bihotzean Irati Majuelo / Berria, 2021-05-16

Inuit herrixka bat Hudson badiaren ertzean, eguzki orduak luzatzen, antzarak zeruan, nirliit. Antzaren gisara igarotzen dira udan hegoaldeko zuriak inuiten lurraldeetatik; hegazkinez iristen dira lanera edota patxada izoztuarekin bat egitera. Baina Artikoko lurretan dena ez da aurora borealen magia, umetxoen begi arrailduak eta amonen irribarre atseginak; dena ez da bizirautearen kontakizun epikoa. Eleberri honetako narratzaileak gordintasunez eta ezintasunez gainezka egiten duten historiekin apurtzen du iparraldeko lur ederren postala.

Juliana Leveille-Trudelen lehen eleberria da Nirliit, 2015ean argitaratua eta orain gutxi Aiora Jakak euskarara itzulia. Esperientzia pertsonaletik abiatuta, baina eleberri autobiografikoa izatera heldu gabe azaltzen ditu idazle kanadarrak inuit komunitateari mendebaldeko bizimodua inposatzean sortu zaizkion talkak eta zorigaitzak: alkoholismoa, suizidioak, eskola porrota, emakumeen aurkako biolentzia. Azken honekin abiatzen da liburua: Eva desagertu da. Narratzailea hegoaldetik Salluitera udaro joan ohi den emakume bat da, eta aurten lurreratzerakoan ez du bere laguna aurkitu, desagertu egin da, erail dute. Ez da gorpurik agertu, ez da gertakaririk argitu, baina bizitzak aurrera darrai, gordintasuna eguneroko bizimodu baita fiordoaren edertasunean.

Evaren absentziak gidatzen du liburu osoa; hari idazten dio narratzaileak nola aurkitu duen herria, nola hazten diren haurrak, zein eragin duen hegoaldeko zurien presentziak biztanleengan, nor joan den Quebecera hiri handian zortea probatzera. Liburuaren erdialdetik aurrera Evaren seme Elijahrengan ardazten da kontakizuna, eta, beraz, fiordoaren hondoan hondoratutako amari azaltzen dizkio narratzaileak bere semearen oinaze eta poz txikiak, aitatasun gaztea eta jelosiaren bihotz-minak.

Estilo zuzen eta gordina du Leveille-Trudelek, eleberria txirikordatzen duten istorioak bezain gardena. Batetik, narratiba lirikoa darabil, bereziki naturak latitude horretan hartzen duen indarra miresmenez deskribatzerakoan. Bestetik, ordea, narratzailearen lehen pertsona baliatuta, ahozkotik gertu geratzen den hizkera erabiltzen du kanadar zurien eta inuiten arteko botere-harremanak ahobizarrik gabe azaleratzeko. Behatzaile rola hartzen duen narratzailearen bidez, Salluiteko bizimoduaren collage moduko bat sortzen du, pertsonaia desberdinen gertaerak trebetasunez elkarlotuz. Interesgarria da nola ekartzen dituen argitara Quebecetik inuiten mundua deskubritzera, eta zenbaitetan salbatzera, dihoanaren aurreiritziak, epaiak eta kontraesanak. Izan ere, narratzailea bere posizio eta pribilegioez kontziente mintzo da, mendebaldeko bizimoduak inuitei eragin dizkien kalteak ezagutzen ditu, eta hegoaldeko gizonek neskatxa inuitak nahieran erabiltzea deitoratzen du, baina horrek ez du ekiditen gu/zuek binomioak eleberrian zehar hartzen duen pisua. Hala, narratzaileak bi errealitateen arteko gatazka eta botere-harremanak jartzen ditu agerian lehen ahots propiotik, nahita, testua onberatasunetik urrun kokatuz.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak