kritiken hemeroteka

8.644 kritika

« | »

Poesia kaiera / Edna St. Vincent Millay (Ana Morales) / Susa, 2021

Kandela bi muturretatik piztua Igor Estankona / Deia, 2021-04-24

Edna St. Vincent Millay (Rockland, Maine, 1892ko otsailaren 22a – New York, 1950eko urriaren 19a) instintiboki izan zen feminista, ibilian-ibilian erori zen, eta berriro altxa. Emana da bere poesia, eta erromantikoki anti-erromantikoa: “Oso ginen nekatuak, oso ginen pozik,/ Gau osoan ferryan harat-honat ibilirik./ Biluz zegoen eta argitsu, eta kiratsu kortaren pare,/ Baina suari so egon ginen, mahaian makurtu aurrez aurre,/ Muino batean etzan ginen ilargiaren pean;/ Eta ziztuak joka zebiltzan, eta alba heldu zen bertan”.

Ana Moralesek itzuli du poeta ez-ohiko hau Munduko Poesia Kaieren sailerako, eta egia esan berez-berez irakurtzen da, nahiz eta igartzen den ez dela lana ere erraza izan. Zenbat duda itzultzaileak, guk ri-ra irakur dezagun.

Familia tradizionalaren propagandan hezia, Edna St. Vincent Millayk (Pulitzer saria, 1923) erreibindikazio lirikorantz egin zuen eta engaiatu zen bere herrialdearen eta bere emakume-izaeraren borrokan, batzuetan kontraesanetan sartuta, beste batzuetan poesia ezin utzi: “Ni ez naizen gizaburu marmolezko honetan/ Jarri fama ez den koroa formal biribila;/ Baina nire oihu isilduaren foroan/ Errotu zaitez, su esnedun zuhaitz bizia”. Beñat Sarasolak ere badio hitzaurrean: “Bizi jarrera feminista eta aurrerazaleak, poesiatik kanpo ere ezaguna izan zena, haren produkzio poetiko guztia blaitzen du, eta halaxe agertzen dira ordura arte tabu ziren gaiak: desira sexuala (hetero zein lesbikoa), emakumearen autonomia, damurik eza… ‘Lehen pikua’ poema labur zoragarria, adibidez, askatasun eta gozamenaren aldarri gisa irakurria, bere belaunaldiko emakumezko askoren ereserki bihurtu zen”.

Aita-amek eta bi ahizpek osatzen zuten unibertso hertsitik askatu ahala, eta gurasoen banaketaren esperientziaren ostean, Edna St. Vincent Millay ohartu zen batzuetan amodioarekin, eta beste batzuetan gorrotoarekin, hala egin behar zitzaiola aurre errealitateari. Gorrototik eta desosegutik mintzo da maiz, eta goibeltasun bat nabari zaio inozentzia galdu duenarena: “Eztia izango nauzu, maltzur, leun, azeria;/ Irakurtzen ez nauzu harrapatuko ostera:/ Esango didate emazte eredugarria;/ Eta zatozenean noizbait nire atera,/ Egun sano batean, ez oskarbi ez ekaitz,/ Eseri zaitez lasai, joana izango bainaiz”.

Eta horrela, erdi malenkoniatsu, atera zen poeta 1920ko hamarkadako urte zoroak bizitzera, askorentzat aldaketaren musa bihurturik, New Yorkeko Greenwich Village bor-bor zegoen garaian. Bisexualitatea, ideia politikoak, askatasuna… dena zegoen lotuta Edna St. Vincent Millayrentzat. Irratian eta taulatuan entzuten zituen jendeak bere sonetoak, eta emakumeek ikusi zuten hainbat uztarri eta kate ken zitzaketela, eta poesiak ikasi zuen formalismotik harago ahapaldi disidenteak ere idatz zitezkeela neurri klasikoekin. Gero tupustean etorri ziren krisia, faxismoak eta gerra, eta guztia bihurtu zen Scott Fitzgeralden nobela bateko festa-oste fantasmagorikoa. Horregatik Edna St. Vincent Millayren poesiari halako ikutu atzokotu bat geratu zaio, beste mundu bateko poesia balitz lez. Erreala izan zen, ordea, eta Ana Moralesek errekuperatu du, zu ere sar zaitezen, irakurle, bere unibertsoan.

Azken kritikak

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Zer egin Miranderekin?
Askoren artean

Irati Majuelo

Azken batean
Lourdes Oñederra

Paloma Rodriguez-Miñambres

Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo

Mikel Asurmendi

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Maialen Sobrino Lopez

Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta

Asier Urkiza

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Nagore Fernandez

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Paloma Rodriguez-Miñambres

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Mikel Asurmendi

Esker onak
Delphine De Vigan

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Enarak
Bernardo Atxaga

Irati Majuelo

Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor

Aritz Galarraga

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Joxe Aldasoro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

Hedabideak