kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Miñan / Amets Arzallus Antia / Susa, 2019

Miñan-en mina Nuria Cano / blogspot.com, 2021-03-10

Miñan hiru pertsonarentzako bidaia da: Ibrahima Balde, protagonista, kilometroak egin dituena; Amets Arzallus, idazlea, Ibrahimaren kontakizuna hitz bihurtu duena; eta irakurlea, ustekabeko behatzailea. Hiruek, beren moduan, sufritzen dute. Erran beharrik ez, lehenbizikoak neurriz kanpo.

Miñanen ez dago metaforarik, ezta trikimailurik ere. Protagonista bizi da, gehienetan nekez. Idazleak aditu eta idazten du. Irakurleak leitzen du, arnasari eusten dio. Hitzak, gardenak; narrazioa, bizia.

Bidaia ibilbide luzea izanen da protagonistarentzat, bai denboran, bai espazioan, gorabeherez eta zailtasunez betea. Gogorra, hagitz gogorra. Gosea, egarria, ziurgabetasuna eta muturreko sufrimendua ezagutuko ditu Ibrahimek. Mugak, basamortuak eta kostaldeak zapalduko ditu. Arrasto bati jarraitzen dion animaliak bezala, bere anaiarekin berriz solasteko itxaropenak bultzatuta ekin dio bidaia honi. Aldez aurretik, ezin izanen zuen ezta imajinatu ere zer krudelkeriatan sartuko litzatekeen. Bere borroka gure lotsa da.

Idazlea, antropologoaren gisan, transmititzaile eta transkribatzaile bihurtuko da. Noski, Ibrahimaren gorabeherekin sufrituko du, baina istorioa kontatzeko hitz eta tonu aproposenak aurkitu ere bai. Hitz-jarioa egoki aukeratu behar, kontakizuna gertatutakoaren isla zehatza izanen bada. Bere aurrean Arzalluzek erronka batzuk izanen ditu: narrazioa eraiki eta, aldi berean, desagertu; xehetasunak eman morboan erori gabe; zentzua eman zentzugabekeria bati. Eta Miñanekin lortu du.

Azkenean, irakurleari ikuspuntu berriak azaleratuko zaizkio: bizi garen mundu latzari buruz zuzeneko informazioa eskuratzea, edo benetazko mespretxua, pobrezia, tortura edo esklabotasuna zer den ezagutzea. Gauzak horrela, bertzeren azalean jarri beharko du bere burua, bertze alde batera begiratzeari utzita.

Liburu honi esker irakurleak ezagutuko du, adibidez, mafiek nola funtzionantzen duten, edo nola den patera batera igotzeko unea. Gainera, argi eta garbi, bere zehazkizun guztiekin. Ikusten edo kontatzen ez dena ere bai. Emaitza ja badakigu: batzuk bertze kostaldera ailegatuko dira; bertze batzuk, zoritxarrez, urperatuko dira. Loteria bat da. Eta munduari ez dio axola: egunkarian irakurri eta ahaztu. Kilometro batzuk urrutiago jaiotzeagatik.

Duela bi urte irakurri nuen Miñan. Nahikoa: ez dut berriz leituko. Soinean daramat eta ez zait kentzen. Miñan mina da, besterik ez. Espero dut hizkuntza anitzetara itzultzea. Anitzek irakurri beharko lukete.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak