kritiken hemeroteka

8.412 kritika

« | »

Hotz industriala / Julen Belamuno / Susa, 2020

Bero naturala Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2021-03-12

Julen Belamuno idazlearen bigarren narrazio liburua duzu hau. Ukabilak eta loreak izan z(u)en lehena. Hari buruzko iruzkina egin nuen, haatik, kritika izatera iritsi ote zen ez dut gogoan. Edonola ere, liburuari buruzko nire inpresioa emango nuen, hain ziur. Artean, lehen ipuin liburu ostean eta berehala Gaueko zaintzailea nobela kaleratu zuen Belamunok.

Ez dut bere lehen liburuari buruzkoak idatzi nituenak berriz irakurri nahi izan. Alabaina, pare bat kontu ditut buruan, eta horiek paratuko ditut liburuaren gainean jardun aitzin: Julen Belamuno goitizena duzu, gaur egun euskal literaturan ez ohiko usaia da. Behialako aztura hori —frankismo garaikoa, besteak beste—, berbarako, Bernardo Atxaga izenean islatuta geratu da, baina dagoeneko badakigu Atxaga Jose Irazu Garmendia dela. Fikziozko egilearen Atxaga erreala da.

Amiñi bat ikertuz gero antzeman dezakegu nor dagoen Julen Belamunoren gibelean, alta bada, bere liburua(k) sinadura molde horretara emana irakurtzen usatu gara. Zozokeria dirudi, edo irudi luke, baina literatur gintzan berebizikoa iruditzen zait jarrera hori, liburua “jujatu” orduan. Julen Belamuno irakaslea da. Niretzat oso ongi narratzen duen idazlea, narratzaile aparta.

Bereak narrazioak ote? Ipuinak al dira? Testuak izendatzeko beharrez, joera okerra hain ziur, ipuinak kontakizun fantastikotzat jo izan ohi ditut; handi-handika erranda. Beraz, hainbat literatur testuren —edo idazleren— kasuetan zaila egiten zait horiek ipuin gisara izendatzea. Julen Belamunoren kasuan horixe bera duzu. Bereak narrazioak dira, kontakizunak, hagitz errealak, fantasiatik gutxi edo deus gutxi dutenak.

Iruzkin honi emandako lerroburuaren bitartez, liburuaren bost narrazioek transmititu didatena eman —nahi izan— dut aditzera: Bero naturala. Idazleak eta editoreak lehen istorioaren izenburuaz ebatzi dute liburuaren izenburua: Hotz industriala. Egokia ote? Arrapostua nork berea. Dena dela ere, narratzailearen ezaugarrietako bat bere “hoztasuna” dela esango nuke.

Hotz industriala kontakizunean, gaur egungo jendartearen argazkia prestua duzu, hiriek eta industria guneek pertsonengan izan duten eragina begi-bistan duzu. Iragan mendetako hotz industrialak pertsona eraldatu du hein azkar eta zakar batean. Lezeta duzu protagonista nagusia. Haren ingurukoek ez zaituzte hots lagako, ezta ingurumariak ere.

Desagertuaren oroi-grina istorioa bikaina begitandu zait. Iraultza sozialistaren edota Alemaniako naziaren ondorengoen arrastotan eraikitako —Euskal Herria ere istorioan bertan dagoela, istorioaren hastapen eta muinean— istorio hunkigarria bezain lazgarria. Martin duzu protagonista. Dena dela ere, batzuetan surrealista irudi arren, errealaren magia aurkituko duzu irakurketan, betiere ipuin fantastikoa izatera iritsi gabe. Esan gabe joan behar luke, baina esatea hobe: istorio on batek ez du literatura ona egiten. Literaturak berak hamaika ezaugarri behar ditu, eta denek ez dute irakurlearen gura edota gogoa betetzen.

Belarriko gaitza. Ez dut protagonistaren izena gogoan, ezta axola ere. Agian ez du izenik ere. Latza istorioa. Latza izateak ez du bermatzen kontakizunaren heina, heina ematen dio kontatzeko abelerak. Thriller bat duzu. Bikaina. Filmatua izateko modukoa. Merezi luke.

Amaren errautsak. Jon ote protagonista? Izenik ez duen kontalaria ote da protagonista? Lehen pertsonan kontatua, ziur nago pertsonaien artean zure burua ikusi dezakezula. Eta hala ez bada, ziur, ezagutzen dituzula pertsonaia horietako baten jaidurak.

Ahaztutako pintoreak. Aitormen bat, deus aitzin, aurreko lau kontakizunak bi bider irakurri ditut. Lehen irakurraldian ez nuen notarik hartu. Bigarrenean bai, halabeharrez. Azken istorio honetako pertsonaia nagusia Vicenzo Vicenzi delakoan nago, berrirakurtzear nagoela. Ez naiz ziur. Kontalaria ez da Vicenzo, bistan da. Sandra Ciani duzu pertsonaia funtsezkoa. Narratzailea, lehen pertsonan narratzen duenaren izena zuk aurkituko duzu, hala balego, edo halakorik badago. Istorio hau, bostetan azkenekoa, nobela bilakatu liteke, hau da, halakoxea bihur lezake Julen Belamuno idazleak. Nobela izanen ote bere hurrengo liburua?

Hitz asko, nire partetik, eta deus funtsezkorik gutxi orainokoan. Esan dezadan taxuzko zerbait edo saia nadin behintzat.

Julen Belamuno narratzailearen ezaugarri bat, besteak beste, istorioa garatzean helarazten duen inprebisibilitatea da, aldez aurretik sumatzen ez duzun egoera duzu gerokoa: etorkizuneko eszenatokia. Bizitzaren ezaugarria dinamismoa da, pertsona zerbait bada, izate dinamikoa da. Julen Belamunoaren istorioak eta narrazioak halakoxeak.

Besterik ere bada: kontatzeko bizi behar da. Belamuno, gutxi-asko, jendeak batez beste bizi duena baino gehiago esperimentatua da. Bon, ene aburua da. Ustea. Eta usteek beti dute beren zuloa. Azkenik, Belamunok, literaturarekiko bere lotura eta erakarpenaz gainera, hainbat espresio artistiko gustuko ditu, baita horiek bizi ere. Horiek bizi dute bera ere.

Azken inpresioa, azkena, baina ziur badaudela beste hainbeste eta gehiago ere: Belamuno voyeur bat da; hitzaren adiera onean erranik. Ez dakit eguneroko bizitzan hala ote den, bizitza errealean halakoxe ote den azpeitiarra, alegia. Horrelakoa ez bada ere, kontakizunetan ezaugarri hori ederto ageri da.

Azken inpresioa delakoan idazten dugu, baina beti duzu bat gehiago buruan: liburu bat kalifikatu daiteke, baina horrek ez du zuregan sortu duen inpresioa nota handiz kalifikatzea bermatzen. Ez dezakezu osotara baleko literatura den edo literatura duina dela esan. Irakurle —balizko edo posible hori— dut gogoan. Hona azken aburua eta azkura: kontakizunetan barneratuko zara eta gerta dakizuke narrazioen hotzak erretzea. Hori ona ote? Egokia ote? Nork bere (gustuko) arragoan erretzen denean, azkura bestelakoa da.

Azken kritikak

Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray

Asier Urkiza

Idazketa labana bat da
Annie Ernaux

Nagore Fernandez

Bisita
Mikel Pagadi

Jon Jimenez

Hamlet
William Shakespeare

Aritz Galarraga

Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon

Hasier Rekondo

Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria

Jon Martin-Etxebeste

Dimisioa
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Hetero
Uxue Alberdi

Irati Majuelo

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Amaia Alvarez Uria

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Patxi Larrion

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

Hedabideak