« Dendaostetik erakusleihora | Atzekoz aurrera »
Aireportuko musika / Luis Garde / Pamiela, 2020
Gorespena nahasketari Aiora Sampedro / Berria, 2020-11-29
Koldo Lakar detektibeari Leire Olcoz parlamentari nafarraren bahiketa ikertzeko materialak iritsi zaizkio eta horiekin fikziozko narrazio bat osatzen dihardu, irakurleari bere pentsakizunak eta lanerako darabilen informazioa jakinarazten dizkion bitartean. Laburpenean dirudien bezain konplexua da liburua, baina bi ezaugarritan bilduko nuke nik eleberria.
Hibridazioa. Bai edukiaren aldetik, bai edukia biltzen duen formaren aldetik, nahasketa gailentzen da Garderen lanean. Edukiari dagokionez, nafar batek Nafarroako historia berrikusiz idatzitako fikzio-lana izanik, ezinbestekoa da aipatzea bertan ageri den konplexutasun sozial eta kulturala. Egileak lurraldeko historiaren berrikuspena egiten du, euskaldun eta euskaltzale dela erakutsiz, baina hainbat sentsibilitate politiko bilduz. Horrela, gaur egun kokatzen den ukronia batetik hasiz, zeinetan EHAS ETAren oinordeko talde armatua existitzen den, karlistaldi garairaino historiaren berreraiketa egingo du idazleak, euskal abertzaletasunaren, nazionalismo espainiarraren, nafar erregionalismoaren eta bortxaren arteko harremanak arakatuz.
Gainera, hibridazioa ez da soilik tramaren barnean gertatuko. Esan bezala, generoen hibridazioa konstantea izango da testuaren hasieratik amaierara arte. Aipatutako gaia lantzeko kronika historikora gerturatzen den narrazioak lekua hartzen du testuko zenbait unetan (adibidez, karlistaldien edo Gerra Zibilaren barneko pasarteak kontatzean); fikziozko narrazio garbira jotzen dute 2020-2030 hamarkadan kokatutako gertakariek edota plano batzuk eta besteak lotzen dituzten pertsonaia batzuen eskutitzek. Bestalde, nobela guztia thriller politikoaren giroak inguratuko du, politikari baten bahiketaren inguruan harilkatzen baita kontua.
Fikzioa da beste ezaugarri nagusia. Errelato historiko-politikoaren kontakizuna osatzeko, fikziozko kontakizunen beharra aldarrikatzen du eleberri honen egileak, baina euskal historiari eta gatazkari fikzioz erantzun dioten beste lan gehienen aldean, Garderen testuak etorkizunean jartzen du ardatza; geroa aldatzeak oraina moldatzen lagun dezakeelakoan.
XXI. menderako testua osatzen dute aipatutako bi ezaugarri horiek. Baiki, ariketa metaliterarioa dela esan daiteke, hainbat narrazio partzialen bitartez, poetika trinkoa eraikitzen baitu iruindarrak.
Esan bezala, emaitza testu zaila da, ahalegina eskatzen diona irakurleari, baina, egilearen beste lanetan bezala, donaria dakarrena irakurlearentzat. Hala sentitu dut nik, behintzat. Iraganeko gertakari historikoetako barne-pasarteetan oinarritzen diren istorioekin gozatu dut gehien, hala nola Espoz Mina nafar konkistatzailearen ibilera ezezagunenekin edo Gerra Zibileko gerrillarien pasarteekin.
Esandakoa, liburua irakurketari astia eman nahi dion irakurlearentzat pentsatua dago, hausnarketarako bidea zabaldu nahi baitu idazleak.
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Amaia Alvarez Uria
Gerezi-denbora
Montserrat Roig
Asier Urkiza
Herriaren hezkuntza eta demokrazia
Nadezhda Krupskaia
Nagore Fernandez
Farorantz
Virginia Woolf
Aritz Galarraga
Markos Gimenoren 101 letrakartel
Joseba Sarrionandia
Mikel Asurmendi
Poesia kaiera
Giorgos Seferis
Irati Majuelo
Altxa, hildakoak
Fred Vargas
Joxe Aldasoro
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Maddi Galdos Areta
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Asier Urkiza
Izotz ura
Lide Hernando Muñoz
Nagore Fernandez
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia