kritiken hemeroteka

8.544 kritika

« | »

Gauez harrizko zubiaren azpian / Leo Perutz (J.M. Olaizola "Txiliku" / Joxe Mari Berasategi) / Elkar, 2019

Nobelaren arrastoan Joannes Jauregi / Berria, 2020-02-23

Vladimir Nabokovek idatzi zuen irakurle on bat berrirakurlea dela ezinbestean, liburuaren xehetasunetara ohitu eta artelanari traza hartu ondoren baino ezin baita behar bezala begietsi, haren hitzetan. Leo Perutzen Gauez harrizko zubiaren azpian leitzeak Nabokoven esanei jarraitzeko gogoa ematen du, merezi luke-eta, liburua bukatu ostean, hasieratik erreparatzea narrazio-sorta soil bat eleberri bilakatzen duten arrastoei.

Liburu hau ez baita, itxura batean, ipuin solteen bilduma bat baizik, kanpo-aldamiorik edo kontakizunak lotzeko inolako marko espliziturik gabea, salbu eta giroa bera, 1600. urtearen bueltako Praga juduaren mihise koloretsua, hiritar xeheen, merkatari aberatsen eta gortesau amarrutsuen pasadizoekin margotua. Askotarikoak dira kontakizunak, eta beregainak, trama eta pertsonaia propioz hornituak: fabularen eta ipuin fantastikoaren artean kulunkatzen dira eskuarki, nahiz baden bestelakorik ere. Ugariak dira, esate baterako, juduen kabalatik ateratako irudi magikoak (konjuruak, aingeruak…), ipuinetan elementu fantastiko gisa jokatzen dutenak, eta judaismoaren iruditeria poetikoz janzten Errenazimentu garaiko Praga, zeina girotze hutsetik harago gorpuzten baita lan honetan.

Narrazio-sorta nola bilakatzen den eleberri, edo non, horra hor koska; bada, ez liburuan bertan, leitzen duenaren begietan baizik, ezen, liburua hasi eta ipuin batzuk pasatu ahala, irakurlea ohartzen da atrezzo hutsa baino gehiago dutela kontakizun guztiek lotura, eta hari mehe bat ernetzen dela ipuin bakoitzaren sakonean: amodio ezinezko baten istorio xumea, protagonista dituena Mordechai Meisl merkatari judua, haren emazte Esther eta Rudolf II.a erregea. Eleberria izenburuko harrizko zubian zertzen zaigu, eta, ipuinez ipuin, irakurleak istorio horren piezatxoak biltzen ditu han-hemenka, plano gertuan zein urrutian; hala, hitz-osteak dioskun bezala, irakurlea bera da “zulorik gabe bilbaturiko eleberri baten ehule”.

Horretarako, ipuinak doi-doia daude ordenaturik, ez kronologikoki, baizik ipuin bakoitzaren eta nobelaren hariaren arteko interakzioaren arabera. Hasierako ipuinek gehiago jotzen dute fantasiaren eta fabularen bidetik, eta, eskuarki, zeharka baino ez digute ematen eleberriaren ildoa. Gero, gutxi gorabehera erdi pareko bi ipuin bikainen ostetik (Gauez harrizko zubiaren azpian eta Wallensteinen izarra), nobela taxutzenago doa, eta amaierako bi ipuinetan (edo kapituluetan ia) antzematen zaio garbien eleberriari. Konparazioa zilegi bada, esango nuke egituran baduela Bernardo Atxagaren Obabakoak-en antzik, aldeak alde, narrazio-sorta bukaera aldera nobelatuz doan neurrian.

Ezin bukatu Berasategi eta Txiliku itzultzaileen lana aipatu eta goraipatu gabe, liburu honetan hizkuntzak girotzen baitigu antzinako Praga judua beste edozein deskribapenek bezainbeste, edo gehiago agian. Gozatu hutsa da Perutzen euskara, itzultzaileek bete-betean asmatu baitute ahozko elezaharren doinua erregistro arkaiko eta dotore batean bilbatzen, testu irakurgaitzik sortu gabe haatik. Ez da baitezpadakoa bi bider irakurtzea, Nabokovek proposatu bezala, baina gogoa ematen du, itzulpen honekin ostera ere laketzeko besterik ez bada.

Azken kritikak

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Mikel Asurmendi

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Asel Luzarraga

Artxiboa

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

Hedabideak