kritiken hemeroteka

8.710 kritika

« | »

Aldibereko / Ingeborg Bachmann (Idoia Santamaria Urkaregi) / Erein-Igela, 2019

Ipuin-erretratuak Joannes Jauregi / Berria, 2020-01-12

Eskuarki, Ingeborg Bachmann gehiago jo ohi dugu poetatzat narratzailetzat baino, gurean behintzat hala ezagutzen baikenuen lehendik ere, Munduko Poesia Kaieretan Nagore Tolosak itzulitako antologiarekin. Oraingoan, baina, narratzaile gisa etorri zaigu, Literatura Unibertsala bilduman plazaratu den Aldibereko ipuin-sortan, Idoia Santamariaren itzulpenean. Eta argi dago Bachmann narratzailea ez dela Bachmann poetaren itzalpean geratzen; izan ere, ausartuko nintzateke esatera hauxe dugula, zalantzarik gabe, 2019an euskaraz kaleratutako narrazio-lanik bikainenetako bat.

Bikaintasun hori narrazio-ahotsaren tinkotasunari zor zaio neurri handi batean, ez baitira sarri aurkitzen narratzailea hain landua duten kontakizunak. Aldibereko osatzen duten bost ipuinetan emakume bana dugu protagonista, eta bakoitzean narratzaileak kasik manta batek bezala estaltzen du protagonista bakoitza. Pertsonaien gogoetak, izaera, jokaera, denak daude narratzailearen ahotsean, ez islatuta, ezpada eraikita; kontaerak berak taxutzen digu pertsonaia bakoitza, ikuspuntu batetik bestera eta denboran atzera eta aurrera jauzika, eta kontakizunen amaierara iristerako ohartzen gara narratzailearen ahotsa ez dela manta bat, ezpada pertsonaien lehengai printzipala, osatu dituen buztina bera. Haatik, pertsonaiak lantze horrek ez du esan nahi istorioen kontaketa bigarren mailan geratzen denik, hor ere kontalari-teknika ezin finagoa baitauka Bachmannek, batik bat irakurleak jasotzen duen informazioaren dosifikazioari eta fokalizazioari dagokionez: eszenaratzerik xumeena eta xehetasunik ñimiñoena, guztiak ditu zorrotz pentsatuak eta muturreraino neurtuak.

Lehen ipuina eta azkena gainerakoetatik nabarmentzen dira; lehena, zailtasunagatik, eta azkena, luzeragatik. Halere, iruditzen zait Bachmannen ipuingile-xarma erdiko hiruretan loratzen dela bere ederrenean; lehenbiziko ipuina, adibidez, sekulako lorpen teknikoa da, baina ipuin gisa konplexua, eta, zailtasunean iluna izan gabe ere, besteak baino gozakaitzagoa suerta dakioke irakurleari. Hurrengo ipuinak, berriz, zelaituagoak dira, eta klaruagoak bertako emakumeen erretratuak. Liburu honetan bost erretratu taxutzen baitzaizkigu, bost feminitate-eredu, nolabait esateko, artez edo moldez gizonen baten inguruan garatzen direnak, eta zorrotz islatzen dituztenak ez bakarrik Bachmanni seinalatu izan zaizkion gai orokorrak (komunikazio-falta, giza harremanen noraeza, hizkuntza-kezkak…), baizik baita tentsio patriarkalen forma desberdinak ere, feminitate distortsionatuon iturburu beti: banitatea, itxurakeria, muturreko segurtasun-falta, autoengainua… Horiek guztiak haragitzen dituzte emakumeok, batik bat erdiko hiru ipuinetako protagonistek.

Literatura-lan peto-petoa eta punta-puntakoa dugu Bachmannen ipuin-sorta hau, eta Santamariaren itzulpen-lanak ere ez du meriturik falta, batez ere lehen ipuineko anabasa txiki-handia eta hizkuntza-nahastea bezatzeko lan gaitzean. Berez gaitza den jarduna are gaitzagoa baita hizkuntza hemen bezain funtsezko elementu duten literatura-lanetan. Bachmannen hitzetan, zeinak Santamariak baitakartza hitzaurrera, “idazle batek darabilen hizkuntzak eusten ez badio, edukiak ere ez dio eusten”. Eta gurean, hizkuntzak inon eusten badio, itzulpenean, itzulpen hauetan eusten dio.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak