« Ibrahima Balderen historia | Ipuin-erretratuak »
Simplicissimus / Patxo Telleria / Susa / EHAZE, 2019
Kontu triste bat Aiora Sampedro / Berria, 2020-01-12
Susa argitaletxeak estreinatu berri duen Ganbila saila euskarazko teatro-liburuak argitaratzera bideratu da. Azken denboraldian jardun hori gurean ia ezdeusa izan dela esango nuke, eta eskertzekoa da editorialak apustu ausarta egitea antzerkigintzaren alorrean. Argitaletxeak azkenaldian irekitako saiakeraren eta poesiagintzaren nahiz testu feministen bidea jarraitzen du horrela. Saila EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak babestua da, eta urtero sei bat zenbaki argitaratzeko asmoa duela jakinarazi du Susak; beraz, sekzioak bere ibilbideari babesean ekin diola dirudi.
Simplicissimus izenburua duen testua izan da sailean publikatu den bigarren lana. Joan den urtearen amaieran eman zen argitara Patxo Telleria gidoilari, zuzendari eta aktorearen lana, eta duela hilabete batzuk estreinatu zen taula gainean, Tartean Teatroa konpainiaren eskutik. Hortaz, lana euskal antzerkigilerik ezagunenetako baten artefaktu aktuala dugu; berau sailean elkarrekin publikatu diren gainerako lanekin konparatuz, editorialaren xedearen berri izan dezakegu: euskarazko antzerkigintza garaikideko testu esanguratsuak ezagutzera ematea.
Simplicissimus, zehazki, antzerkigile bilbotarrak konposatutako euskarazko kabaret bat da, zeinetan Alemaniako Hirugarren Reicharen garaian famatu izandako Berlingo hiru komedianteren bizipena kontatzen (kantatzen?) den. Horrela, Telleriak adierazpen askatasunaren bueltan harilkatutako disertazioa taularatzen du.
Antzerkia eramateko era da gehien erakarri duena irakurle hau. Hiru plano nagusik banatzen dute narrazioa: batetik, hiru lagunen kontakizun dramatizatua egiten duten dialogoak daude; bestetik, alegoria gisa garatzen dira hiru komedianteen istorio horiek; eta, azkenik, tartekatuta agertzen dira istorioaren alegoria osatzeko egileak konposatutako kantu kabareteskoak. Pertsonaien polifonia hori da erakargarria, ikuspuntu estetikotik; Telleriak hitz-jokoak baliatzen baititu umore absurdoa eta sarkastikoa lortzeko. Akotazio gutxiko lanean, ondo funtzionatzen du ahotsen ugaritasun horrek irakurria izateko testua gorpuzteko tresna gisa.
Emaitza, ondorioz, testu gazi-gozoa da. Umorearen bidez pertsonaia historikoen miseria pertsonala arakatzen du, eta Historiako garai ilun hartako paradoxak era umoretsuan azalaraziz, adierazpen askatasunaren aldarria egiten du. Lana are garratzago bilakatzen da iraganeko gertakariak gaur egunekoengandik gertukoak direla sumatzean.
Liburua osatzen dute Susaren edizio berezietan ohikoak diren hitzaurre eta gibel-solas banak. Lehenean, EHAZEren eskutik datorren atalean, obraren marko teorikoa osatzen da, antzerki piezaren berezitasunak eta interpretazio bidea nabarmenduz; eta Oier Guillanen esku geratu den hitzatzean, berriz, egilearen ibilbidea errepasatzen da, lan honen leku berezia adieraziz.
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Garondoan
Gorka Bereziartua
Mikel Asurmendi
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande
Mikel Asurmendi