kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Bizia lo / Jokin Muñoz / Alberdania, 2003

Harremanen gatazka Igor Estankona / Gara, 2003-05-17

Eta hori horrela ez balitz? Galdera horrek sortzen digun beldurra aztergai balu bezala, Jokin Muñoz begi-bistakoa baino harago heltzen ahalegindu da Bizia lo osatzen duten bost narrazioetan. Begibistakoaren asperduratik ihes egin nahi duen kazetaria izateaz aparte gurari beretsuak dituen idazlea dela frogatu digu liburu gazi baina era berean interesgarri honetan. Pertsonaia guztientzat dauka pozoindutako opariren bat Castejongo idazleak, nahiz eta bera ez dabilen kondenak edo barkamenak banatzen. Giza harremanen alderdi mikatzena agerian jartzen baino ez da ahalegindu eta horrek ezinbestean eraman du kritikara eta hainbeste aldiz kontatutakoaren errebisiora.

Gauzei beste buelta bat ematen ez dien idazlea ez ei da librea. Berriro puntu berera itzultzeko baino ez bada ere, istorio bakoitzaren aurrean duda egiteko beharrizana du bere buruarekiko leiala izan nahi duen kontalariak. Horrek berak dakarkio, xelebrea bada ere, norbere buruarekin gustura ez sentitzearen gazi-gozo hain literarioa. Gereizpe joko aldrebesen bila dabilen irakurleak behar ditu literaturak, baina horretarako beste horrenbeste eskaintzeko gai diren idazleak ere.

Xalotasunari buruzko ipuinak daude Bizia lo honetan. Kontakizunetan berebiziko protagonismoa hartzen duten haur edo nerabeek ematen diote kutsu hori zenbait ipuini, batez ere “Mekanoak” eta “Isiluneak” tituludunei. Ipuinotan maitasuna presente dago uneoro. Gizartearen maketa txikiak balira bezala erabiltzen ditu haurrak. Gurtzeko asmatzen dituzten idoloak, zapaltzeko asmatzen dituzten etsaiak, euren buruak neurtzeko sortzen dituzten burrukak… denak daude helduen gizartearen logikarekin lotuta. Beharbada horrexegaitik bihurtzen du idazleak hain gogorra lehenago jokoa baino ez zena. Umeengan etikoki onargarria zitzaiguna nardagarri bihurtzen da helduak agertzen diren ipuinetan, bakoitzaren baloreen arabera. Hori ote da ipuingileak lortu gura duena?

Bizitzari eman nahi diogun berniz ederra arrakaltzen denean agerian geratu ohi diren miseriak kontatzeko modu kutuna dira luze deskribatzen diren haur-jolasak. Antzeko jolasetan segitzen duten gizon-emakumeak, ordea, ez ditu erruki berarekin tratatzen. Bereziki bortitza iruditu zait “Azterketa” deritzon ipuina, pertsonaia eta sentimendu desberdinak biltzen dituen poliedroa. Errealitate mingarri baten gaineko irakurketa gupidagabe hori da liburuko lan gorena. Gutxieneko sentsibilitatea daukan edozein irakurlek bizi egingo du kontakizuna bere laburrean, bere zehaztasunean, bere idortasunean. Entzun ez egiteko belarriak ixten dituzten pertsonaienganako gupida sinestezina sentiarazi dit Jokinek ipuin honetan. Liburua hartu eta muturretan joko nuke idazlea, bikaina eta gordina delako sortu duen giza-korapiloa.

Liburu deserosoen kategorian sartu du batek baino gehiagok. Nik, aulki deseroso batekin alderatu beharrean, aulki faltarekin alderatuko nuke. Leku deserosoa baino lekurik eza da Muñozek sortu duen atmosferak gogora dakarkidana. Aulkien jokoan lez, buelta bakoitzeko dantzari bat geratzen da sobran. Dantzari hori idazlea denean sortzen dira halako ipuinak. Idazlearen betebeharretako bat da bestalde, kontraesanak bilatzearena.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak