kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Lerro etena (2004-2018) / Angel Erro / Elkar, 2019

Erroren etenak Mikel Asurmendi / argia.eus, 2019-10-25

Angel Erroren Lerro etena amaitu —bazen garaia, to!— eta usaiazko ele jokoa jalgi zait burura, hori malura! Izan ere, 2004tik 2018ra bitarteko eguneroko hau, dietarioa, Erroren etenak izendatu baititut, ia inpentsan! Inpentsan!? Hara, zer ote hitz arraro hori? Ba ote arautegian!?

Liburuaren orri lerro irakurraldiaren bereizgailua paperezkoan zirriborratu ditudan —aspaldikoak batzuk— hitz batzuk aldatuko ditut hona: Poeta. Eruditua. Hemofilikoa. Homofilia jasaten duena. Heteroaliadoa. Greziar kulturaren maitalea eta aditua.

2004tik 2018ra bitarteko bizipenak eta kontakizunak dituzu Lerro etena-n, idazlea Iruñetik Madrilera aldatu zen garaikoak, Iruñetik Madril artean bizi den zutabegilearen —Berria-n oraindik ere— gogoetak dituzu saio liburu hau, besteak beste. Erro, prentsa egunero errotik irakurtzen duen poeta da, ahalaz, etxepeko kafetegian gosalduz egin ere. Edo hala dut antzeman nik, edo horrela berak nahi. Egunero… alegia.

Musika klasikoaren maitalea. Konparazione, J. S. Bachen Meza Si Minorrean hizpide (82. orria. Ordura arte ez nituen oharrak hartu, atx!). Kursaaleraino hurbildu ostean: “Zalantza dut hainbeste neke merezi ote zidan” dio. Erroren lerro kritikoak. Erro kritikariaren adibide bat.

Lerro etena —besteak beste askoren artean— Erro idazlearen eta izatearen beraren isla da. Hitz itsu batez errana: bere izatearen lagina, lagin bat. Donostia, Baiona, Gasteiz edo Bilbon ibili dabil idazlea. Pariseraino ere tarteka hurbiltzen da, Bordelen geldialdi bat edo beste eginik.

Virgilio edota Ovidio poetak ageri dira bere bidean, besteak beste. Klasikoen maitalea izaki. Aditua ez ezik, aritua. Aritua euskal idazleen artean. Idazleen euren izenen akronimoek zoratu naute, izenen siglek hots. Horien gibelean —atzean edo aitzinean— dauden gehienak “asmatu ditut”, ez arras ordea. Hamarretik zortzi edo. Erro zakila! Aingeru izenez, abizenez ez osotoro. Erro izan ezik, Ero. “Satorra” horregatik!

Izan ere, Erro ez da kokiltzen, ez du ostrukarena egiten horregatik, akronimo horien baitan —Lerro etena irakurri dutenek— daudenek antzeman dute beren burua. Angel Errok ez du mihian bilorik.

Ahantzi gabe: amak, arrebak eta aitak, nork bere gisara, badute leku bere egunerokoan: “Non du etxea etxetik joan denak”, galdetzen du iruindarrak. Jatorra ematen ez duen arren, nafar jatorra izaki. Satorra.

Bizitza eta heriotza. Aldi ilunak ilun, lerro ilunak eta argiak lagun, herio oso presente dago Erroren —satorraren— bizitzan. Eta presente ere badago C. C-ri, VB-ei eta alfabetoko gainerako hizkiei eskaintza lerroarekin ixten du liburua idazleak. C, argi dut nor den. VB ez.

Idazlea eta poeta. Aspaldi utzi zuen garbi ez zela proeta. Indarrean zegoenean alegia, honezkero inor ez baita proeta: “Hau ez da ETArengandik espero genuen haikua”. (2014-IV-22). Euskal satorra izanagatik, jatorra Erro!

Bidenabar, bizi izandako gatazkaren kontakizunaren tantak laga dizkigu. “Nik oroimena beste mendekurik ez dut”. “Historia gezurtiek idazten dute”. Ez da egungo kontua, Ulises eta Homero ditu hizpide. Izan ere, Trump gezurti handienatzat izendatzeak gure gezurti izaera azpimarratzea besterik ez dakart eta.

Angel Erroren ironia apartekoa da. Herabeen ironiak badu jite berezia inondik ere. Ekialdera begira jarri da, jarri gaitu: “Orrazkera boterearen ikurra da”, diosku. Botella kolorekoa gure artean, burdinazko Thatcher marguldua! Horretaz badaki zerbait Angelek, C. bikotekideari esker.

Bizitza lerro etenak ez ezik, bizitza gure denboraren etenak eta nahasmenak dira. Horixe oroimena. Halaxe begitandu zait saio liburua. Edota, nire aburuz, halaxe paratu ditu idazleak bere oroitzapenak.

Angel Erro niretzat bada ere hauxe erran zuena: “Dena esana dago, baina ez nik”. Esaldi hori niretzat handiegia izanik, beste hauxe parafraseatuko dut amaitzeko: “Ez sinetsi gehiegi hemen esandakoak, hau guztia galkorra da, kazetari honek egiatzat pasarazitakoari ustel usaina dariolako nago ni hemen” (2015-III-22).

Atx, azkenik, herioa hizpide, nire epitafioa hartu diot maileguz Errori: “Batzuetan pentsatzen dut nire okerrak nire orekak direla eta ez naizela ezer ezpada nire okerrak”.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak