kritiken hemeroteka

8.769 kritika

« | »

Auschwitzeko tatuatzailea / Heather Morris (Miel Anjel Elustondo) / Alberdania, 2019

Poz mingotsa Joannes Jauregi / Berria, 2019-10-06

Ezohikoa da, eta ospatzekoa, inondik ere, nazioartean berehalako sona eta arrakasta izan dituen eleberri bat plazaratu eta urtebete eskasera edukitzea euskaraz. Iaz ere gertatu zitzaigun antzekorik, Julian Barnes idazle bikainaren Istorio bakarra ingelesez argitaratu eta berehala izan baikenuen euskaraz, Meettok etxean, are gaztelaniazko itzulpena baino lehenago ere. Oraingo honetan ere, ohi ez bezala, 2018an argitaraturiko bestseller bat daukagu, Heather Morrisen Auschwitzeko tatuatzailea. Pozik egotekoa da gure jardun editorialak lantzean behin lortzea munduko merkatuaren gorabeherei erantzutea, literatura-sistema normalizatu bat bagina bezala. Pena da, hortaz, ospatzekoak hor bukatzea onen-onenean erdipurdikoa den liburu honi dagozkionetan.

Holokaustoari buruzko bestsellerren azpigenero maiztuan, nobela hau ekarpen “zintzo” eta “liluragarri” bat omen da, mundu osoko hainbat ahotsen esanetan. Egiazko istorio bat dauka oinarrian: Lale judu eslovakiarra da protagonista, eta haren eta Gitaren arteko maitasun-istorioa kontatzen zaigu, zeina Auschwitzeko kontzentrazio-esparruan loratzen baita. Besteak beste, kontatzen zaigu nola iritsi zen Lale Auschwitzera, nola iraun zuen bizirik bertako tatöwierer —edo tatuatzaile— lanetan (preso berriei identifikazio-zenbakia tatuatzea zuen lana), nola ezagutu zuen Gita, nola etorri zen errusiarren askapena.

Egileak elkarrizketa ugari izan zituen hezur-haragizko Lale Sokolovekin, istorioaren zuzeneko lekukotza jaso eta gero filmerako gidoi bat ontzeko asmoz (antza, gidoiak huts egin, eta nobela bihurtu zuen; adierazgarria oso). Eta bi alde horiek antzematen zaizkio Auschwitzeko tatuatzailea-ri: batetik, ahozko lekukotza batean bermatzen dela, eta lekukotza hori ezinago baldar dagoela fikzioratua, istoriorik apenas osatzen duten pasadizo solte eta ia ausazkoetan; bestetik, nobela hau gidoi bat zela hasieran, eta formaz ere apenas aldatu duela, orainaldian kontatutako ekintza-sorta bat (eta doa, eta egiten du, eta ikusi du) eta elkarrizketa ugari baino ez baitaude nobela osoan. Pertsonaiek ez dute sakontasunik (are gutxiago garapenik), eta apenas dagoen emoziorik ere eleberri osoan; krimen barkaezina, hain zuzen maitasun-istorio bat oinarri izanda.

Horrelako porrotak diren nobela gehienak bezala, azken finean eleberri honek zera du akatsik handiena: ez ulertzea literatura bitarteko gisa, eta, ondorioz, ez baliatzea literaturak berezko dituen mekanismo eta ezaugarriak: gogoetak, barne-bakarrizketak, pertsonaien introspekzioa, girotzea, deskribapenak, baliabide poetikoak… Ez dago Jane Austen edo Virginia Woolf izan beharrik mekanismo horiek, gutxieneko teknika literario apur bat ezagutu eta behar bezala erabiltzeko, asmo estetiko oro alboratuagatik, beste hainbat bestsellerrek ere ondo egiten duten bezala.

Ez dut esan nahi eleberriak baliorik ez duenik; ikusita nolako arrakasta izan duen mundu osoan, askorentzat oso gozagarria izango da, ziur, eta euskal irakurleen artean ere izango du bere publikotxoa. Baina, halakoak ikusita, bi aldiz pentsatzekoa iruditzen zait zer-nolako literatura ekarri nahi dugun halako apustuak egiten ditugunean.

Azken kritikak

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

Hedabideak