kritiken hemeroteka

8.280 kritika

« | »

Hezurren erretura / Miren Agur Meabe / Susa, 2019

Memoria liriko erreak Hasier Rekondo / Deia, 2019-07-20

Aspaldi aipatu nuen narrazio laburren generoa gainbeheran zetorrela, ez hainbeste kalitatearen aldetik, egun argitaletxeek eskaintzen dioten arreta eskasagatik baino. Gure literaturaren buru adimentsu bat ozpindu egin zitzaidan Twitter madarikatuaren bidez. Literaturan hain ohikoak diren egoek jasan mindura batzuk gorabehera, gatazka hark ez zuen odolik ekarri, oihartzun faltagatik batez ere. Egun, mea culpa aldarrikatzeaz bat, gure narrazio laburren gorakada nabarmendu beharrena nago, betiere kalitate narratiboari so: Iñigo Aranbarri, Ana Malagon, Eider Rodriguez edota Iban Zalduaren lanek, besteak beste, nobelaren diktadura mediatikoaren zarata isildu dute.

Miren Agur Meaberen (Lekeitio, 1962) Hezurren erretura (Susa, 2019) azken entregak, halaber, gorazarre egin dio genero laburrari, liburuaren hogeita bat narrazioek nobela bat eratzeko nolabaiteko batasuna agertzen duten arren. Halere, kritika hau idaztean, harrigarria bada ere, literatur kritika bakar bat edo bi jaso ditu lekeitiarraren azken lanak. Asmaezinak dira gurean literaturaren bideak.

Estiloaren gardena, edertasun estetikoaren fintasuna (liburu honen konplexutasun tematikoari begiratuta batzuetan larregizkoa nire ustean), sexuarekiko harreman gazi-gozoak edota memoria zehatz baten bidez existentziaren garraztasuna iradokitzeko ahalmenak dira Meaberen unibertso narratiboaren ezaugarri nagusiak. Ironia ttanttak ez dira falta. Estetika narratibo zirraragarri baten aldeko apustua nabarmena da, non esperientzia literarioak eskarmentuaz landu irudien fineziak berebiziko garrantzia baituen narrazioaren muinean. Bidaide, gainera, ez ditu lagun makalak aukeratu Meabek, hala nola, Virginia Woolf (“Ezinezkoa da bizitza aurkitzea bizitza sahiestuta”), Aldous Huxley, Rachel Cusk, Colette…

Kristalezko Begi bat (Susa, 2013) nobelan egin bezala Meaberen azken honek ere badu literaturaren alderik lirikoena jorratzeko xederik, baina nahita aldentzen da bide jorratuenetatik oraingo honetan. Eta, nik neuk, gehiago gozatu dut Journal intermittent eguneroko iradokitzailearekin. Agerikoa da, halaber, egilea editore gisa aritutakoa dela. Are gehiago esango dut, nago erreturotan asko eskertzen direla gordintasunaren teselak. Teselak izenburuko narrazioan agerikoak direnak, bestalde. “Kontuz koadernoa galdu eta baten batek barruan pentsamenduren bat aurkitu barik”. Jakina, Meabek ez ditu bazter utziko prosa poetikoa (tokiko euskarari egin keinuak ahaztu barik) eta sinbolismoa (liburuaren izenburuko hezurren erretura horrek ematen baitie argamasa narrazio guztiei), baina oroimenaren lurraldean barneratzen denean, bizitzaren latzak uzten dituen errautsak sakonagoak eta mamitsuagoak egin zaizkit.

Azken aldian ospitaleen bisita ez gidatuak egitea tokatu zait. Hortaz ez da harritzekoa liburuak planteatzen dituen zenbait ikusmoldeekin bat egitea. “Amak deitu zidan lehenbailehen joan nendin ospitalera. Erreustuta zegoen: oilotu egiten gara senideen gaixotasunekin badakigulako geuk ere pasatu beharko ditugula”.

Azken kritikak

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Zakur zaunkak
Iñaki Irazu

Hasier Rekondo

Bufalo guztiak
Juanra Madariaga

Paloma Rodriguez-Miñambres

Independentzien eguzkiak
Ahmadou Kourouma

Jon Jimenez

Zirriborroak eta gero
Askoren artean

Asier Urkiza

Zirriborroak eta gero
Askoren artean

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak