kritiken hemeroteka

8.280 kritika

« | »

Han ez banengo bezala / Slavenka Drakulic (Amaia Apalauza) / Pasazaite, 2018

Isiltasunari hitzak Ibon Egaña / Deia, 2019-05-11

Slavenka Drakulic-en Han ez banengo bezala nobelak S. emakumearen istorioa du ardatz: Stockholmeko ospitale batean dago, adopzioan eman asmo duen haur batez erditu berri, Bosniako gerra garaiko bortxaketen ondorio izan baita bere haurdunaldia. Denboran atzera egiten du hortik narrazioak, eta Bosnian gerra hasi zenetik protagonista Suediako ospitalera heldu artekoaren kontaketa jasotzen du. Sarajevoko neska gazteak irakasle ziharduen herrira soldadu serbiarrak agertu, bortxaz autobusetan sarrarazi eta esparru batera eraman dituztenetik aurrerakoa oroitzen du eleberriak. Ezinbestean, infernuetarako jaitsiera baten kontakizuna da Drakulic-ena, urratsez urrats, gizatasunaren mugak zalantzan jartzera iristen den biolentziaren kontakizuna.

Baina gerraren deskribapenean bainoago, bortxazko egoerek sorrarazten dituzten galdera eta zalantza etikoetan jartzen du azpimarra eleberriak biziraute-nahia egoismoa al da esparru batean? Zein ardura dauka biktimak esparruaren logikak mantentzean? Badu zentzurik traizioak halako espazio batean? Nobelak zabalik uzten dizkigun galdera horiek egiten dute bereziki gizatiar, sakon eta interesgarri kontakizuna. Orobat, emakumezkoek jasandako askotariko biolentzia (bereziki sexuala) ikusarazten du eleberriak, baina gatibu horien biktima izaera azpimarratzeaz harantzago, esparrurik ankerrenean emakume horiek ekiteko eta bizirik irauteko duten indarraz ere gogoetatzen du nobelak, heroismorik gabe egin ere.

Fikzioa izanagatik, lekuko baten sinesgarritasunaz kontatzen ditu Drakulic-ek gerrako eta esparruko gertaerak. Nobela gertatzen den espazioak usainen, zaraten edo ukimenaren bidez papereratzen ditu, S.ren gorputzetik beretik, eta beldurra ematen duen hurbiltasunetik bizi du hala irakurleak esparruko emakumeen egunerokoa. Hirugarren pertsonako narratzailearen jardunean S.ren gogoeta-printzak txertatzen ditu egileak, eta horrela sortzen da nobelaren ahotsa, ez diona biktimari ahotsa “kentzen”, ezta kondeszendentziaz “ematen” ere; harekin batera sortzen du hein batean hirugarren ahots bat. Era berean, leku eta pertsonaien inizialak soilik erabiliz, nobela alderik alde zeharkatzen duen isiltasunaren eta esan beharraren arteko tentsioa ikusarazten du idazleak: biolentzia espektakularizatzea saihesten duen aldi berean jartzen dizkio sufrimendu ezkutatuari hitzak.

Txatal laburretan egiten du aurrera nobelak, eta horrela lortzen du idazleak uneoro pertsonaien sinesgogortasuna, ulertu nahi eta ezina, gertatzen zaienaren narrazio jarraitu bat osatu ezina papereratzea, gerra batean, sinesteak errealitatea izendatu eta berau sortzea esan nahi du, izan ere. Beren burua gerrako narrazio batean txertatuta ikustearekiko erresistentzia ere adierazten du nobelaren egituratzeak, neurri batean. Eta halaber, atalkatze horrekin eta estilo zoliari esker lortzen du idazle kroaziarrak bukaera ustez ezaguna duen istorioarekiko jakin-mina eragitea, eta irakurleak nobela arnasari eutsiz irakurtzea, hasi eta buka. Amaia Apalauza Olloren itzulpen bikainak nobela gogor eta gogoangarri honen irakurketaren gozamen estetikoa areagotu egiten du, gainera.

Azken kritikak

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Zakur zaunkak
Iñaki Irazu

Hasier Rekondo

Bufalo guztiak
Juanra Madariaga

Paloma Rodriguez-Miñambres

Independentzien eguzkiak
Ahmadou Kourouma

Jon Jimenez

Zirriborroak eta gero
Askoren artean

Asier Urkiza

Zirriborroak eta gero
Askoren artean

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak