« Begirada amultsua | Emakume burugabea »
Erreka haizea / Sonia González / Susa, 2018
Errealitate itogarritik ihesean Iratxe Esparza / Gara, 2018-06-30
Sonia Gonzalez ahots intimistaz baliatzen da argitaratu berri duen lanean. Irakurri ahala, testua idazlearen erraietatik sortzen dela ohartzen gara berehala, eta horrek kutsu pertsonala eta gertutasun sentsazioa ahalbidetzen du. Saiakera filosofikora hurbiltzen diren pasarteak topatu arren, idazlearen ahotsa beti egoten da presente testuan, iritzi kritikoak eskainiz eta, aldi berean, irizpide pertsonalei jarraituz. Hizkuntza literarioak lehentasuna dauka, baina hibridazioa nabarmena da alderdi linguistikoan eta estetikoan, batez ere, egitura artistikoa eta poesiari ematen zaion garrantzia kontuan hartzen baditugu. Horrez gain, aipagarria da liburuaren hasieran egileak plazaratzen duen literaturari buruzko hausnarketa: literaturaren balio terapeutikoa. Sorkuntza literarioa sendagarritzat hartzen da eta idaztearen prozesuarekin batera egilea jaten duten horiek kanporatzeko aukera zabaltzen du; mamuen kontrako pilula lasaigarria, akaso. Gonzalezek horrela planteatzen du eta bere adierazpenak indartzeko liburuan zehar zenbait emakumezko idazleren lanen pasarteak eta olerkiak irakur ditzakegu; literatura askatzaile eta engaiatua.
Gai asko jorratzen dira liburuan, denak minaren gertutasunetik. Heriotzaren sarea hedatzen da eta hari estuki lotuta daude bere buruaz beste egin zuten hainbat emakumezko idazle. Heriotza tragikoa: Virginia Woolf, Alfonsina Storni, Anne Sexton, Ingeborg Bachmann, Sylvia Plath, Miyo Vestrini, Alejandra Pizarnik, Marina Tsvetaieva. Depresioa, agian garaiko gizarteak erakutsitako ulertezintasunak eraginda, edo beren sorkuntza aintzakotzat ez hartzearren, edo, besterik gabe, emakumea izateagatik jasandako bazterkeriak behartuta; nolabait ere, guztiak izan ziren itzalean bizitzeko nekearen subjektuak. Gonzalezek argi uzten du berdin dela eremu pribatuan edo publikoan kokatuta egotea eta aritzea, beharbada, horregatik emakume anonimoen ahotsa ere ikusgai bilakatzen da sanferminetan bortxakeriak eta basakeriak akabatu zuten mezu desesperatua —“Hil egingo nau”— “Nagore” atalean gogoratzen duenean. Sentimenduek eztanda egiten duten ehun eta laurogeita bi ataletan, idazleak atzerako bidaia egiteko aprobetxatzen du, izan ere, ugari dira familiari eta arbasoei egindako erreferentziak eta haien inguruan kontatzen dituen pasadizoak eta esperientziak, ohiturak, ametsak eta ezintasunak elkarren ondoan doaz. Bestalde, maitasuna ere erdigunean dago, zehazki maitasun toxikoa, idealizatutako harremanen porrotaren ondorioa edo nerabeen artean ohiko bihurtzen ari diren jabetza-erlazio kaltegarrien adierazlea.
Uste dut ez dela arratsalde batean irakurtzeko liburua, erabat ulergarria den amorrutik eta oso ikuspegi ezkorretik idatzita dago, eta gogoeta zabaltzen duten gaiek pesimista izateko zilegitasuna ematen badigute ere, nire aholkua da atalka irakurtzea, hausnarketak murtxikatzea eta darion etsipenari buelta ematea. Testuan lehenengo pertsonaren alde egiteak eta ahotsaren tonuak irakurketa oso ikuspuntu pertsonaletik egitera eraman naute. Gonzalezek hauxe dio: “Idazlea beti da pertsonaia, baina pertsonaia idazlea denean, pertsonaia ez da idazten ari den pertsona eta, aldi berean, bada” (135). Aitortu behar dut zaila egin zaidala lerro hauetatik pertsona baten —eta ez pertsonaia batenak— sentimenduak, sinesmenak eta jokabideak baloratzea. Nahiz eta gai eta ikuspegi anitzak eskaini, testua nitasunaren esperientziatik idatzita dago, distantzia jarri gabe, areago, literatura esperientzia gisa ulertzen da; horregatik, idazleak berak egindako “Ba al naiz ni idazten ari naizen hau?” galderari erantzuten, baietz esango nuke.
Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Maialen Sobrino Lopez
Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap
Asier Urkiza
Espekulazioak
Arrate Egaña
Nagore Fernandez
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Txani Rodríguez
Azken batean
Lourdes Oñederra
Mikel Asurmendi
Auzokinak
Gorka Erostarbe
Maddi Galdos Areta
Esker onak
Delphine De Vigan
Irati Majuelo
Meditazioneak gei premiatsuen gainean...
Martin Duhalde
Gorka Bereziartua Mitxelena
Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"
Hasier Rekondo
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Maialen Sobrino Lopez
Erroen izerdia
Jone Bordato
Nagore Fernandez
Azken batean
Lourdes Oñederra
Asier Urkiza
Izena eta izana
Jon Gerediaga
Jon Martin-Etxebeste