kritiken hemeroteka

6.959 kritika

Azken kritikak

« | »

Nora goaz euskalduntasun honekin? / Joxe Manuel Odriozola / Elkar, 2017

Saiakeraren mugetan Joannes Jauregi / Berria, 2018-02-11

Pentsamendu erradikal baten adibide peto-petoa iruditzen zait Joxe Manuel Odriozolaren idazle jarduna. Lantzen duen gaiaren erroetara jotzen du beti, eta bertatik mintzo zaigu, manikeismorik gabe, baina tinko.

Bada, pentsamendu erradikal horren azken katebegia dugu Nora goaz euskalduntasun honekin? saiakera. Bertan, egilea ohi bezain sakon eta zehatz ari zaigu, ahoan inongo bilorik gabe, berdin aipatuz soziolinguistika eta filosofia liburuak eta egunkariko artikuluak, harik eta, orotara, 180 orriko testua 426 oin oharrez bete arte. Lan ikaragarria nabari zaio testuari, eta analisiaren zorroztasunean ere igartzen da hori.

Esan behar da, halere, kritika zoli bat dagoela analisi sakon horren eta erreferentzia ugarien azpian. Are, esango nuke kritikaren zerbitzura dagoela gogoeta osoa; hala, kritikarako helburu hori erabat gailentzen zaio gogoeta hutsari. Nolanahi ere, horrek ez du bukaerako emaitza pobretzen.

Liburuan, Odriozolak bi identitate eredu bereizten ditu, euskal hiztunek euskararekin duten harremanari dagokionez. Ereduok elkarri kontrajarriak dira: batetik, euskalduntasun etnodiglosikoa dugu, zeina, izenak dioen bezala, estekatua dagoen atzerriko hizkuntza batzuen ezinbesteko morrontzara; bestetik, euskalduntasun nazionala, “euskararen auzia komunitate nazionalarekin uztartzen duen kontzientzia eta praxia”, Odriozolaren hitzetan. Egileak bigarrenaren alde egiten du sutsuki liburu osoan zehar, hori delakoan euskara normalizatu eta salbatzeko bide bakarra. Alde horretatik, Odriozolak ederki asmatzen du hizkuntz gatazkaren dimentsio politikoa formulatzen, zeina sarritan urtu egiten baitzaigu, gure hizkuntzaren egoera diglosikoa aintzakotzat hartzen ez duten diskurtsoen azpian.

Zorroztasunak zorroztasun, Odriozolaren azken ale honek badu ertz kamutsik. Izan ere, esan ohi da saiakera batek galderak egitea duela helburu: hots, galderak zorroztu behar dituela, bata bestearen atzetik, harik eta, behin betiko erantzunik idoro ez arren, gogoeta sorta interesgarri bat ontzen duen arte. Nik behintzat asko estimatzen ditut beren zalantzak papereratzen dituzten saiakeragileak, haien mugez jabetuta ere zerbait aurreratzen saiatzen diren horiek, alegia. Nago, zintzotasun intelektuala ez ezik, saiakera horiek badutela gaitasuna ere irakurlearen sen kritikoa kitzikatzeko, funtsean irakurlearekin elkarrizketa bat izatea baitute helburu.

Alabaina, Odriozolaren saiakera gehiago da diskurtso politiko bat ondu eta intelektualki hornitzeko ahalegin —nire ustez arrakastatsu— bat. Nabaria da egileak izugarrizko lana egin duela analisi sakon eta xehe bat lantzen, baina analisi horrek —itxuraz behintzat— inolako arrakalarik gabeko gogoeta perfektu baten forma hartzen du. Zalantzarik edo galderarik gabeko pentsamendu bloke monolitiko bat da, zeinaren helburua, azken finean, ez baita kritika zorrotz baten sakoneko azterketa egitea besterik. Eta inpresioa dut zalantzak eta galderak ezkutatze horrek ez ote duen mezua ahultzen, indartu nahiaren nahiaz.

Gorabeherak gorabehera, zoriontzekoak dira, inondik ere, Odriozolaren begirada eta luma zorrotz eta erradikalak; inpresioa dut darabilen diskurtsoa ezin beharrezkoagoa dela. Geroz eta gehiago, gainera.

Azken kritikak

Mundu ikuskerak euskal narratiba garaikidean: modernitatearen krisitik postidentitatearen promesera
Gorka Mercero

Mikel Asurmendi

Biennale
Beatriz Chivite

Peru Iparragirre

Mina edo libertatea!
Kepa Larrea

Javier Rojo

Hodien metafisika
Amelie Nothomb

Amaia Alvarez Uria

Nora goaz euskalduntasun honekin?
Joxe Manuel Odriozola

Joannes Jauregi

Gaizki ulertua
Irene Nemirovski

Aiora Sampedro

Hitzontziak
Xabier Montoia

Iratxe Esparza

Poesia kaiera
Rosalia de Castro

Igor Estankona

Mendi-joak
Aingeru Epaltza

Javier Rojo

Mendi-joak
Aingeru Epaltza

Peru Iparragirre

Gerezi denbora
Inazio Mujika Iraola

Amaia Serrano Mariezkurrena

Eoskola. Heziketa hipermodernoa
Mitxelko Uranga

Javier Rojo

Txoriak dira bederatzi
Tere Irastortza

Aitor Francos

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Usoa Alberdi Fernández

Artxiboa

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Hedabideak