kritiken hemeroteka

6.908 kritika

Azken kritikak

« | »

Itzulera / Martin Bidaur / Susa, 2017

Itsaso zikin baten testigu Hasier Rekondo / Deia, 2017-11-25

Poeta gazte bati erantsi genizkiokeen topiko guztiak bete arren, Martin Bidaurren (Okzitaniako Tolosa, 1996) lehen poesia liburu hau oroimen onduaren arrakaletan itsasten da. Peru Iparragirre gisa, aurretiaz, Itu Bandarekin Lekore aldizkarian eman zituen argitara orain arte bere lanak. Itzulera (Susa, 2017) oro dastatu duen gazte baten bizipenen argazki eta ametsak bisitatzeko gonbitea da. Cioranek zioen legez, sufrimendua da berez gizakiak profitatu dezakeen tresna bakarra nolabaiteko transzendentzia lortzeko, haren hitzetan, denboraren iragaitearen botere jasangaitzaren aurrean, “txotxongilo ez izateko” bide bakarra dugu sufrimendua bera. Bidaurrek anekdota-testigantza pertsonala postal poetiko lazgarriak eraikitzeko erabiliko du, eduki heldu ezinetan ondo baino hobeto moldatzen dela frogatuz. Bizitzan ez egotea ere, txotxongilo ez bihurtzeko beste trikimailu bat izan daitekeela aldarrikatuz. “Munduan egoteko / modurik errazena / ez egotea delako”.

Liburua bost ataletan banandua izan arren (poetaren aipu batez ekingo zaio bakoitzari: Hautsitako souvenir bat, Itxaronaldia, Paris, Uharteak, Hutsuneak oinordetzan) atalok lotzen dituen hari-mehea nabarmendu daiteke argi: poetaren begirada lausotuari esker ehuntzen dena, begia gaztea baino gazteago izan arren, etorkizunak lekarkeena iragan zentzugabean itoko dela jakitun, itzulera testigantza ixteko atrebentzia besterik ez baita.

Batzuetan gauza guztien gainetik poeta izan nahi duenaren ajeak agertu arren, eta estetizismo hutsal batean erortzeko joera usaindu daitekeen arren halaber, poetak bizitza ez den bizipen errealetan eta irudi literarioetan hartuko du aterpe, adibidez, Miranderen aho mozkortia eta basatia dager, alkohola liburua osoan zehar isurtzen da, Raymonde poeman, esaterako, “esan didate aspaldi / zahartu zela eta / bakarrik zendu / historiak ahantzia”, talentu gazteak etorkizuneko galera dekadenteak iragartzen ditu, sinesgarritasunik galdu gabe.

Iradokitze nostalgikoen lasterketa zoro horretan urteko poesia liburu onena gauzatu du, ez da gutxi azkena izan litekeen lehen liburu baterako, ajeak tarteko. Apika, lerrorik epatanteenak izan ez arren, izugarri onak iruditu zaizkit Uharteak ataleko zenbait poema, Donostia gris bat helmuga eta abiapuntu, irla guztiek iradokitzen duten iheserako bidexka itogarriak ardatz. “…ez esan hodeiak bigunak direla / eguzkiak ez duela erretzen / hiltzeko jaiotzen garela / bizitza bizitza ez den zerbait dela / nik zer dakit”. Bizitza okagarriaren hordagoa onartuko du gizakiak: herio zentzugabearen aurkako dema histrionikoa lagun, ez dago aukerarik bizitza bizitza ez denean, aukera eza aukera bakar. Funtsean, poesiaren xedea ez da ororen eta ezeren gainean ezer jakitea, zoratu beharrean irudi lazgarri eta ederrak, edertasuna baita iragaitearen aurkako aukera bakarra.

Zalantzarik gabe, Bidaur geratzeko heldu da literaturara, ederto baitaki durunda egiten geure baitan, lirismo dekadente eta jaso baten jabe. Herioren esperoan, ez da gutxi.

Azken kritikak

Elurra ikusi dut
Xabier Lete

Peru Iparragirre

Kaliforniatik bihotzez
Joseba Gabilondo

Aritz Galarraga

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Ibon Egaña

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Javier Rojo

Begoñaren itzalpean
Jose Inazio Basterretxea

Mikel Asurmendi

Gu orduko hauek
Garazi Arrula Ruiz

Aiora Sampedro

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Joannes Jauregi

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Estibalitz Ezkerra

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Javier Rojo

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Peru Iparragirre

Jenisjoplin
Uxue Alberdi

Amaia Alvarez Uria

Itzulera
Martin Bidaur

Hasier Rekondo

Ametsondoa
Peru Magdalena

Javier Rojo

Jenisjoplin
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Artxiboa

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Urtarrila 2017

Hedabideak