kritiken hemeroteka

6.913 kritika

Azken kritikak

« | »

Txoriak etortzen ez diren lekua / Alaine Agirre / Erein, 2017

Poesia eta etxafuegoak Alex Gurrutxaga / Berria, 2017-05-14

Txoriak etortzen ez diren lekua da Alaine Agirreren lehen poema liburua. Bertan, ni poetikoa erietxe psikiatriko batean agertzen zaigu, ezleku peto batean —M. Foucaultek esango lukeenez—, eta han sentitzen eta pentsatzen dituenak adierazten dituzte poemek. Egoera latzaren irudiak eskaintzen ditu egileak piezaz pieza.

Joseba Sarrionandiaren aipu batek zabaltzen du liburua, eta horrek berehala kokatzen du irakurlea: giro itxiak eta norbere baitako giltza aurkitu ezinak gurutzatzen dute liburua. Ildo hori markatzen du lehen poemak ere: “Idazten dut/ neure burua sartu dudan kartzela honetatik eskapatzeko…”.

Oro har, narratibitate eta batasun handiko lana da, hala poema askoren baitako joerari dagokionez nola liburuaren hari nagusiari dagokionez ere; liburua osatzen duten 33 poemak daude leku berean kokatuak, eta giro zein gai berari lotuak dira. Gainera, badira poemen arteko lotura konkretuak ere: adibidez, 4. eta 5. poemen artean, gosaltzeak lotura kronologikoa markatzen du; eta 32. eta 33. poemetan, beharbada liburuko finenetan, txorien agerpenak joskura ematen du.

Liburuaren gai nagusia ni poetikoaren egoera psikologikoa da: nola dagoen, nola bizi duen munduarekiko harremana, zer burutazio dauzkan. Eta, horrekin batera, beste elementu definitzaile nagusia lekua da: psikiatrikoan, heterotopian egotea. Elementuok poesia konfesionalaren eremura garamatzate, hala nola idazleak berak aipatzen duen Anne Sextonengana. Hala ere, aipamenetik harago, ez du ematen baliabideetan badagoenik liburua poesia konfesionalaren tradizioan txertatzeko moduko eraginik.

Ezlekuaren eguneroko sekuentziak dira Agirreren poemetan agertzen direnetako batzuk; irudi horiek giro oso konkretua sortzen dute, nahiz eta gaien lanketa urrunago joan ez. Beste poema batzuetan, berriz, kutsu terapeutikoa azaleratzen da. Beharbada horrek eragin lezake, zenbait nobela, ipuin edo telebistako fikziok bezala, katarsi modukoren bat irakurlearengan, baina ez hargatik sakoneko poetikotasunik.

Baliabide poetikoei dagokienez, soilak dira poemak, eta errekurtso ia bakarrak errepikapen eta paralelismoen ildokoak dira. Poesia adierraza da, lehen kolpean jasotzeko modukoa; eta hori ez da txarra, jakina, baina poesiak —literaturak— geruza gehiago eta barruragokoak eskatzen ditu. Ezin dira aipatu gabe utzi han-hemenka azaltzen diren efektismo printzak ere; deserosotasuna edo sorpresa eragin dezaketen irudiak daude —bereziki poema amaieretan—, eta horiek etxafuegoen itxura ematen dute.

Poetikotasunaz hitz egin zuen R. Jakobsonek, eta askotan eztabaidatu izan da zer ote den delako poetikotasun hori. Garbi dagoena da narratiba guztia ez dela literatura edo artea; eta poesia guztia ere ez. Txoriak etortzen ez diren lekua-k ia seguru lortuko du irakurleak sentitzea poemaren bat zaurgarria edo gordina dela, eta lortuko du beharbada hunkidura uneren bat ere. Baina poesia klase honek —egungo idazle gehiagoren artean ere ikusi izan denak— gehiagotan dauka aireratu eta une batez lehertzen diren etxafuegoen antza, poesiaren geruza sakon eta esanguratsuenetara eramango gintuzkeen lan poetikoarena baino.

Azken kritikak

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Igor Estankona

Ametsondoa
Peru Magdalena

Joannes Jauregi

Xala
Cynthia Ozick

Aiora Sampedro

Baina ez lukete han egon behar
Asier Osinalde

Iratxe Esparza

Elurra ikusi dut
Xabier Lete

Miren Lizarralde

Elurra ikusi dut
Xabier Lete

Peru Iparragirre

Kaliforniatik bihotzez
Joseba Gabilondo

Aritz Galarraga

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Ibon Egaña

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Javier Rojo

Begoñaren itzalpean
Jose Inazio Basterretxea

Mikel Asurmendi

Gu orduko hauek
Garazi Arrula Ruiz

Aiora Sampedro

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Joannes Jauregi

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Estibalitz Ezkerra

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Javier Rojo

Artxiboa

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Urtarrila 2017

Hedabideak