« Poesia eta etxafuegoak | Hutsalkeriaren aurrean »
Patri maitea... / Hasier Etxeberria / Alberdania, 2003
Hilda ere Aritz Galarraga / Argia, 2017-05-14
Jurnalista ustez graziosa berriz ekinean: orduko hartan aski ez (ARGIA, 2010-09-26: “irakurketa xalo xamarra, piperrik gabea” omen Mugetan eleberriarena), Hasier Etxeberriaren beste liburu bati heldu dio oraingoan, zer eta omenaldia egiteko edo. Ez dira gutxi utzi dizkigunak, tartean, gustura irakurtzekoak, Damian Arrutirenak. Artikulu bilduma aukeratu, ordea, kritikari arropak beztitu dituen honek, auskalo izokinaren sindromeak jota. Bost urtez, 1999-2003, hamabostean behin, gutun itxurako zutabe bat Gara egunkarian. Edo zutabe itxurako gutun bat. Patri delako bati (“inork ez baitu jakin ahal izango zu nor zaren”). Dena delakoarekin: Etxeberriaren kezkak agertzen dituzte beren luze-zabalean.
Zein dira kezka horiek, bada: pentsalari ponposoak, txikion atsegin hartze eza, literaturaren luxua, Frantziaren handitasuna, Iparraldetik etortzen zaizkigun ikasgaiak. Eta, batez ere, aspaldion berritsu dabiltzan gure mutilak (“argazkietan agertzen diren kaputxadunak beti mutilak direla baitirudi”). Ibarretxe planaren garaia da, Korta, Lluch, Pagazaurtundua, Barandalla, Egunkaria-ren itxierarena. Besteren gainetik, ETAren jardunak aztoratzen du zutabegilea: “Ordaindu beharreko prezioa honelakoa izanik, kasik ez baitu merezi ezer lortzeak”. “Gure” posesiboak ematen dio min: “Gureak kezkatzen nau ni, gure jendeak egiten dituenekin dut sufritzen, izan Ertzain edo izan ETAko. Zer egin dugu halako salbatzaileak merezi izateko?”. Azken batean, Etxeberriak barru-barrutik sentitzen duena, ez ote den Segundo Mareyk gordeta zeukan min hura: “Bahitu zuten terroristak bere ezpal berekoak izatea”. Baina mezua da garbia: “Indarkeria oro eten eta abertzaleen batasuna eraiki behingoz”.
Hori bai, ezagun dugu: lagun asko galdu ohi ditu zutabegileak, bere lanari zintzoki heltzen dionean. Halaxe dio bildumako azken gutunak: “Patri maite-maitea, besteren batek ere irakurtzen ditu gure arteko gutun hauek eta ez zaizkio batere gustatzen, antza”. Antza, dio, ze katxondoa. ETAren Zutabe batean aipatu zuten Etxeberria, ez loreak jasotzeko gainera. Azala ordurako gogortua zuen, ordea: “Neuk entzunda daukat ETAkoa naizela, troskoa naizela, PNVkoa naizela, anarkista naizela, HBkoa naizela, erosita nagoela”. Eta Gara egunkariko zutabea utzi arren, eskainia zigun irakasbidea: “Ez dagoela aske izateaz besteko biderik”.
Mugetan eleberriaren iruzkina irakurrita (“gorabehera urrikoa, zurrunegia, konparazioz betea”), zera erantzun zidan: “Bizi banauk, 20 urte barru helduko zieat hik idatzitakoei, eta bi hitz esango, entzun beharko dituanak (bizi bahaiz)”. Entzun espero ditudanak. Konplituko baita, seguru, Oteizak Etxeberria berari esan ziona: “Hilda ere ez zaituztet utziko bakean”.
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Garondoan
Gorka Bereziartua
Mikel Asurmendi
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande
Mikel Asurmendi