kritiken hemeroteka

6.843 kritika

Azken kritikak

« | »

Qissat: Palestinako emakumeen ipuinak / Askoren artean (Xabier Monasterio) / Erroa, 2016

Olibondoen ipuinak Alex Gurrutxaga / Berria, 2017-04-16

Qissat; alegia, ipuinak: Palestinako emakumeek idatzitako ipuinak dira Erroa etxeak argitaratu duen Qissat osatzen dutenak. Antologiaren apailatzailea Jo Glanville da, PEN ingelesaren zuzendaria, eta itzulpena, berriz, Xabier Monasteriok egin du —Erroak argitaratutako Ali Salem Iselmu sahararraren Beduino bat Karibe aldean ere berak itzuli zuen—. Ipuin bilduma ona eta interesgarria da Qissat.

Euskal edizioak Jo Glanvillen hitzaurrea jasotzen du, eta, gainera, Ane Irazabal kazetariak egin du sarrera, labur eta zehatz, ipuinon testuinguru errealaz oinarrizko argibideak emanez. Besteak beste, nabarmentzen ditu emakume palestinarrek bizi duten okupazio bikoitza —palestinar eta emakume—, familiaren eta ohorearen presioa, iraganaren eta memoriaren presentzia —amonaren figurak gorpuztua—, ahozko tradizioaren indarra eta nortasunaren eraikuntzaren garrantzia.

Askotarikoa da bilduma, eta ezin bestela izan, hamasei egileren ipuinak daudenez gero. Oro har, errealitate soziopolitikoaren eta gizabanakoaren garapen pertsonalaren arteko harremana jartzen dute mahai gainean, bereziki emakumeei erreparatuz. Ezin ditugunez bildumaren ertz guztiak aipatu, elementu zenbait nabarmenduko ditugu.

Ipuin batzuetan lehen planoan dago palestinarren gatazka nazionala, eta gehienetan egoera horrek talka egiten du protagonisten desira eta ilusio pertsonalekin. Nuha Samararen Mahaiak Amin baino gehiago bizi izan ziren eta Donia ElAmal Ismaeelen Datilak eta kafe mikatza izan daitezke bi adibide eder bezain gordin. Bigarren horretan, semea galdu duen amaren doluaren parez pare ikusten dugu zenbaitek heriotza horri atera nahi dion etekin politikoa.

Beste ipuin batzuetan, gizarteari botatako begiratuan, emakumeak bizi duen menpeko egoera azaleratzen zaigu. Besteak beste, aipa daitezke Jean Said Makdisiren Errukia, Selma Dabbaghen Ni, urdanga hau, eta Bustanji, edota, biak bikainak, Huzama Habayeben Hari hautsia eta Samira Azzamen Bere kontakizuna.

Bildumaren beste osagai potente bat amodioa da. Askotan agertzen dira maitasun kontuak, eta gorputzak inportantzia hartzen du hainbat ipuinetan. Natalie Handalen Umm Kulthum gauerdiz ipuinak, adibidez, badu sentsualtasunik, eta Habayeben aipaturiko ipuinak, berriz, sekuentzia erotikoak tartekatzen ditu.

Luzeraz, oro har, ipuin ertainak-edo dira, baina badago motzen bat ere. Raeda Taharen Metro bakar bat azpimarratu behar da: emakumea kamioi batera igo da kontrola pasatzeko eta, behin barruan, bere artean pentsatzen du jaso dutenek ez ote daukaten atentatu suizida bat egitera doazenen itxura…

Esandakoak ez dira ipuinotan aurki daitezkeen hamaika ertz eta ñabarduren lagin txiki(egi) bat baizik. Munduari erreparatzen diogunean, gure begiratua gehiegitan geratzen da azalean eta exotikoa iruditzen zaigunean. Jakin-mina eta ezagutza izaten ditugu orduan sakonerako bidea, eta hor literaturak bere eremua dauka, bere egia: beti konplexua den errealitatearen ertzak erakusten dizkigu, pertsonen kontraesanak, izanak eta ezinak, historiaren kolpeek gizakiei egindako zauriak. Eta literatura, maila kolektiboan, gure izatearen berme ere izan daiteke. Bai, bada konstatazio bat ere, olibondo bakar batek zutik irauten duen artean behintzat…

Azken kritikak

Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama
Alaine Agirre

Javier Rojo

Hizkuntza, Nazioa, Estatua
Joxe Azurmendi

Javier Rojo

Haren zati bat
Josu Penades

Javier Rojo

Frankenstein
Mary Shelley

Gotzon Barandiaran

Lur bat zure minari
Jose Luis Otamendi

Castillo Suarez

Zer egingo dugu orain opariekin?
Aritz Gorrotxategi

Javier Rojo

Hodei berdeak
Jon Alonso

Aritz Galarraga

Azken zakatzak
Martxel Mariskal

Igor Estankona

Arrotz eta eder
Pako Aristi

Iker Zaldua

Feminismoa eta politikaren eraldaketak
Mari Luz Esteban

Iratxe Esparza

Huliganaren itzulera
Norman Manea

Iñigo Roque Eguzkitza

Gelditu zaitezte gurekin
Ana Malagon

Amaia Alvarez Uria

Ospa
Juan Luis Zabala

Ibon Egaña

Arrastoak
Dejabu panpin laborategia

Iratxe Retolaza

Artxiboa

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Urtarrila 2017

Abendua 2016

Azaroa 2016

Urria 2016

Iraila 2016

Hedabideak