kritiken hemeroteka

8.810 kritika

« | »

Kristo irakiarra / Hassan Blasim (Ana Isabel Morales) / Pasazaite, 2017

Mugako eldarnioak Iratxe Retolaza / Argia, 2017-04-16

Ahots narratibo garaikide bat ezagutzera eman digu Ana I. Morales itzultzaileak, Pasazaite argitaletxearekin elkarlanean: Hassan Blasimek (Bagdad, 1973) Kristo irakiarra (The Iraqi Christ, 2013) bilduma sarituan gorpuzturiko ahots literarioa. Narrazio-adarrez eta ahots-sarez osaturiko kutxa da bilduma hau, narrazio bakoitzaren barruan istorioak adarkatu egiten direlako, labirinto-egituraren itxura hartzeraino. Nahiz eta esplizituki egin ez, Kristo irakiarra-n iradokitzen da izan badela narrazio guztiak biltzen dituen marko narratibo bat; hortaz, Mila gau eta bat gehiago bildumaren arkitektura dakar gogora.

Lehen narrazioan, Ahuntzen kanta-n, Memoria Irratiaren istorioa kontatzen zaigu: diktadorea jausi, eta iraganaz aritzeko helburuarekin sortu zen irratia. Beren istorioak, beren ahotsean izeneko irratsaioa abian jarri zen, lehiaketarako deia eginez, nork istoriorik onena kontatu. Hurrengo hamabi narrazioek lehiaketa berezi hori ardatz dutela interpreta dezakegu; iraganeko istorioak gogora ekartzen dira, ahozko jarioa da nagusi…

Gerra-genealogia baten oihartzunez josita daude narrazioak: Kuwaiten kontrako gerra, Sadam Huseinen diktaduraren amaiera, AEBetako ejertzitoaren esku-hartzea. Jakina, horiek eragindako zauriak dira agertokia: erbesteratzeak, leherketak, jazarpenak, bortxaketak, mutilazioak, urkatzeak… Indarkeria-giro horretan irudimena eta istorioak dira helduleku (Xerezaderen antzera, protagonistek istorioak dituzte bizirauteko amarru); oihartzun historiko horiek eragiten duten espantu, horrore eta izua gurutzatu egiten dira misterioarekin, zoriarekin, fantasiarekin, haluzinazioekin, groteskoarekin, jolasarekin, absurdoarekin…

Mugako eremuetara garamatza une oro Hassam Blasimek, kausalitaterik gabeko mundu bat irudikatzeko: ametsaren eta errealitatearen artean, irudimenaren eta erlijioaren artean, heriotzaren eta bizitzaren artean… kokatzen ditu pertsonaiak. Mugako eremu horiek gizatasunaren mugez jarduteko bide dira, baina baita muga-talkak irudikatzeko bide ere. Batzuetan muga geopolitiko-historikoak dira (esaterako, errefuxiatu-kanpamenduetara garamatza, edo Finlandiara migratu behar izan duen protagonista aurkezten digu); eta beste batzuetan, muga kultural zein literarioez dihardu (besteak beste, metaliteratura erabiltzen du Ekialde eta Mendebaldearen arteko joan-etorriko harremanez jarduteko).

Osagai horiek batasuna ematen diote bildumari, baina, aldi berean, narrazioz narrazio arkitektura propioa sortu du idazleak, eta narrazio bakoitzak labirintoan areago arakatzera gonbidatzen gaitu.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak