kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Lainoa janez / Juan Kruz Igerabide / Erein, 2015

Kondentsazioa Igor Estankona / Argia, 2016-10-09

Lainoa janez-janez ibiliko bagina legez goaz bizitzan aurrera Igerabideren poema liburu fin eta xamur honen orrialdeak zeharkatuz, euri fin bat sentituz, denbora. “Oren guziek dute poeta kolpatzen, azkenekoak du hobirat egortzen”. Bitartean hausnarketa eta sentitze bat da mundua: “Euria ari du hilerrian/ eta zu ez zaude zutik”.

Busti-busti egingo gaituen zirimirira ateratzea bezalakoa da Lainoa janez honetan paseatzea; ez dauka berba bat bestea baino altuago esana, ez dauka mutur bat findu gabea, pisu bat alferrik, errepikapen bat erredundantea izango dena. Finean, idazlearen ofizioaz gozatzeko liburu horietako bat da. Existe dios al noroeste oteizarra barruntatuko balu legez doa Igerabide heriotzaren eta bizitzaren muga den euriaren ertzetik, eskutik eroango zaitu zu ere bidaia atsegin tristean: “eta udazkena hanka-puntetan igarotzen da/ gaztaina-morkotsen gainetik,/ izan-nahia ziztatuz/ izan gabe garenoi”.

Poesia existentzial honen bertute nagusia da, nire aburuz, zabala eta detailez betea den munduari sano lotua dagoela. Ez da diskurtso eta teoria zalea idazlea: “Neskatoa txirristan dator/ euririk gabeko errealitatera;/ etxeko lanak ditu mahai gainean./ Hortxe jaio zitekeen poeta bat”. Eta izan zitekeenaren eta gertatu denaren arteko zidorretatik ibiltzea bera bihurtzen da horrela helburu. Bizitza bizitzeko dela da mezua. Beraz filosofikotik baino gehiago dauka Lainoa janez honek bizizaletik. Edertasun distira bat, hitzek oharkabean egin dioten jokoa, zabalik utzitako poema-bukaera bat… heriotzari iskin egin eta beti bizitzari kantatzeko prest, ezerez nihilista baino askoz argiagoa da Igerabideren euri-egun hau. Eta nahiz eta sinetsi egun batean hilen garela hutsean eroriak ezerezean amilduak hauts bihurtuko garela, oraindik maitaraziko dizkizu bere argi-ilunak, bere eguneroko plazer eta bihotz-minak Maisuki marrazten du natura bat egin bere aldartearekin, metaforak baino perfektuagoak diren argazkietan: “Han, urrunean, itsasoa/ olatuen mende./ Ez dago kairik amodioarentzat;/ noraeza baino ez./ Ez dakit alaba kontsolatzen/ maiteuzte baten ondoren”. Izan ere, Juan Kruz Igerabidek lortu du depurazio bat itzela, lanak eta barne-aztertze zintzoak emana urterik urte, liburuz liburu. Giharrean ukituko zaitu halabeharrez, estetikoki zein esanahiaren aldetik, Lainoa janez honek ere: bustiko zara goitik behera erdi behe laino erdi euri langar ederrean.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak