kritiken hemeroteka

6.959 kritika

Azken kritikak

« | »

Ohe hotzak / Jon Ariza de Miguel / Elkar, 2016

Ohe hotzetan bada zerbait Edorta Jimenez / Deia, 2016-07-23

Ohe hotzak izenekoaren atarikoan egileak, Jon Ariza de Miguelek, Pio Barojaren Los amores tardíos (Maitasun berantiarrak) liburuko esaldi bat jarri du, eleberriaren izaera beste ezerk baino hobeto ulertarazten diguna, nik uste. “Zer egingo diogu, bada? —dio Joek—; nik ez hasierarik ez amaierarik duten liburuak ditut gustuko”. Bada, Barojaren Joe horrek, bizirik balitz, Ohe hotzak eleberria gogoko lukeela esango nuke.

Zazpi ataletan egituratua, sarreratzat atal guztiek aipu bana dakarte eta nago aipuon bidez eleberria laburbildu ahal izango genukeela, horretara jarriz gero. Guztien artean ostera laugarren atalari jarri dionari iritzi diot argigarrien. “Bi lagunen artean bata beti da bestearen morroi, nahiz eta maiz ez batak ez besteak hau onartu ez”, dio aipuak. Aipuak liburuaren gaia eta konfliktoa zertan diren diosku; hain zuzen ere, lagun biren arteko harremana eta harreman horretan bata besteari gailentzea, bien oharkabean bada ere. Aipua M.I. Lermontoven Gure garaiko heroia izenekotik hartua dela esateak Ariza de Miguelek idazle errusiarrekin erakusten duen miraz hitz egiteko balio lezake, bestela aipuak dioena arrunt ezagun egingo baitzaio “harremana eta haustura” binomioa inoiz bizi izan duen irakurleari, niri neuri egin zaidan moduan. Eleberrira itzuliz, Ohe hotzak honetan lagun biak narratzailea bera eta haren aspaldiko lagun Tzertxok dira.

Bada, aspaldiko lagunak elkarrenetik aspaldi aldenduak, berriro elkartu dira, iraganean bien artean ukan zutena berreskuratzerik badutenetz jakitearren. Horretan saiatu ondoren antzeman duten erantzunak ixten du kontaera. Hori zein den, seigarren atalari ezarri dion aipuak laguntzen digu igartzen. “Denok dugu bizitzako hotzetik eta saminduratik babesteko balio digun gezur-sorta bana; dena dela Yurremendik berokia pittin bat esajeratzen zuen”, halaxe dio aipuak, Pio Barojaren Xanti Andiaren kezkak eleberritik hartu dena bera.

Jon Ariza de Miguelek aspaldiko lagun bien berrelkarretaratzea kontatu digun bitartean egunerokotik hartuak diruditen testu laburrak, oroitzapenak, paradoxen kontaerak, hitz jokoak, postal-testuak eta beste eskaintzen dizkigu eta, horiexek dira nire iritziz liburu honen balio nagusia. Horien bitartez halako tonu bat erdiesten baitu, neuri zinez ez-ohikoa eta zintzoa begitandu zaidana. Artez-artez, trikimailurik gabe zuzentzen zaio idazlea balizko irakurleari. Halako naiftasun edo lañotasun kasik sinestezin batez. Kasik, diot, zeren eta azkenean liburuak bere alde paratu nau. Onartu egin dut Ariza de Miguelen proposamena, jolasean sartu naiz, jolasa ere bada eta liburu hau, eta aurreiritziak alde batera utzita dibertitu egin naiz. Horrek SPrako tranbia lehenengoz irakurtzean izan nuenaren antzeko sentsazioa eragin dit, alegia nire buruari “Zer da hau?” behin eta berriro galdetu eta erantzunik etorri ez arren azkenean “Bada zerbait, bada zerbait” aitortu beharra. Jon Ariza de Miguelen ohe hotzetan bada zerbait. Zer den esatea zaila izanik, eman dezagun literatura dela.

Azken kritikak

Mundu ikuskerak euskal narratiba garaikidean: modernitatearen krisitik postidentitatearen promesera
Gorka Mercero

Mikel Asurmendi

Biennale
Beatriz Chivite

Peru Iparragirre

Mina edo libertatea!
Kepa Larrea

Javier Rojo

Hodien metafisika
Amelie Nothomb

Amaia Alvarez Uria

Nora goaz euskalduntasun honekin?
Joxe Manuel Odriozola

Joannes Jauregi

Gaizki ulertua
Irene Nemirovski

Aiora Sampedro

Hitzontziak
Xabier Montoia

Iratxe Esparza

Poesia kaiera
Rosalia de Castro

Igor Estankona

Mendi-joak
Aingeru Epaltza

Javier Rojo

Mendi-joak
Aingeru Epaltza

Peru Iparragirre

Gerezi denbora
Inazio Mujika Iraola

Amaia Serrano Mariezkurrena

Eoskola. Heziketa hipermodernoa
Mitxelko Uranga

Javier Rojo

Txoriak dira bederatzi
Tere Irastortza

Aitor Francos

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Usoa Alberdi Fernández

Artxiboa

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Hedabideak