kritiken hemeroteka

7.001 kritika

Azken kritikak

« | »

Mr. Señora / Oier Guillan / Txalaparta, 2016

Botereari uko egin, indartsuak izateko Iraitz Urkulo / Berria, 2016-06-26

Antzerki-argitalpenak hain urriak izanik, berri pozgarria da Txalapartak berriki Mr. Señora kaleratu izana. Liburuak Oier Guillanek idatzitako zazpi antzezlan jasotzen ditu, Ainara Gurrutxagaren hitzaurrearekin eta Idoia Beratarbide ilustratzailearen marrazki iradokitzaileek lagunduta. Garai ezberdinetan sortuak, oholtza gainean antzeztutako zein taularatu gabeko obra laburrak irakur daitezke bertan. Ez dira testu itxiak forman, ezta transmititu nahi den mezuari dagokionez ere. Egilearen arabera, “balizko antzezpen-lanetarako zirriborroak” baino ez dira. Antzerki molde tradizionaletatik aldenduta, Guillan ez da batere akotazio zalea. Horrez gain, testu gehienek ageriko zama poetikoa dute.

Joera garaikide horri jarraituz, edukian ere nabarmena da kutsu esperimentala. Identitatea maila askotan aztertzen eta iraultzen dute antzezlanek. Izan ere, Guillanen esanetan, obrak “pentsamendu bakarraren aurka” idatziak izan dira. Irakurketan zehar, generoa, demokrazia, maskulinitatea edo askatasuna bezalako kontzeptu potoloak agertzen dira, horiek deseraikiz aurrera egitea delarik autorearen helburua. Era horretan, ikuspegi estandarretatik ihesi, planteamendu ez-normatiboei ateak zabaltzen dizkie, inposatutako egiturak lehertuz. “Nola uko egin botereari, indartsu izaten hasteko”; hori da lan guztien oinarrian dagoen ideia nagusia, norberaren baitako hausnarketari bide ematen diona.

Maiz diskurtsoa gorputzetik abiatzen da, azalari eta sentsazio fisikoei oso lotuta. Irudi fisiko-poetiko indartsuak darabiltza Guillanek; baita subertsiboak ere, gizarteak ikusezintasunera kondenatutako gorputzak lehen planora dakartzan heinean. Gorputza borrokarako espazio gisa aintzat hartuta, aipatutako kontzeptu guztiak, mugiezinak eta zalantza gabekoak diruditen horiek, hain zuzen, diskurtso deseraikitzaile baten bitartez behera botatzen ditu.

Beste zenbait kasutan, ordea, emozio edo pentsamenduei itsatsiago nabari dira testuak. Horietan, irakurleongan identitate-mailako kontraesanak eragitea xede duten galderak dira nagusi; kontraesanek edozein kontzepturen gaineko ikuspegia zabaltzeko aukera bikaina eskaintzen baitute. Baina nola aipatu daitezke adierazezinak diruditen kontzeptuak? Nola mintzo daiteke autorea existentzia ukatua duten identitateei buruz? Guillanek elkarren osagarri ezin hobeak diren bi bide ezberdinetatik jotzen du. Alde batetik, isildutako hitzei leku bat emateko asmoz, terminologia berritu beharra aldarrikatzen du, eta, horretarako, sekulako lana egiten du hizkuntzaren berrasmakuntzaren arloan. Bestetik, haren eskuetan asmatutako termino berri horiek hitz-jolasetarako ezin aproposagoak suertatzen dira sarritan, are gehiago diskurtsoa hain eraginkor eta iraultzailea izan daitekeen tonu absurdo batez jantziz gero.

Mr. Señora ezinbesteko irakurketa da genero eta, oro har, identitate-gaietan interesa duen edozeinentzat, hura irakurle hutsa zein antzerkizalea izan. Ziur nago sorkuntzaren dohainetako bat deserosoa izatea dela defendatzen dutenek modu berezian estimatuko dutela azalari zein gogoari neurri berean eragiten dien zazpi antzerki-testu laburren bilduma indartsu hau.

Azken kritikak

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Aiora Sampedro

Badena dena da
Patxi Zabaleta

Amaia Serrano Mariezkurrena

Neska bat leku inposiblean
Xabier Amuriza

Estibalitz Ezkerra

Poesia kaiera
Alfonsina Storni

Alex Uriarte

L.A.A.
Maixa Zugasti

Ibon Egaña

Duchampen inguma
Eric Dicharry

Javier Rojo

Biennale
Beatriz Chivite

Igor Estankona

Demokraziaren pribatizazioa
Jule Goikoetxea

Peru Iparragirre

Azala erre
Danele Sarriugarte

Javier Rojo

6012
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Filiala
Sergei Dovlatov

Joannes Jauregi

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Iratxe Esparza

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Hasier Rekondo

Pelegrinak
J.E. Urrutia Capeau

Javier Rojo

Artxiboa

Apirila 2018

Martxoa 2018

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Hedabideak