« Isildutako historia, agertokira | Lehenengo amodioak »
Fotogramak / Goiatz Labandibar / Elkar, 2016
Hitzezko irudiak Iraitz Urkulo / Berria, 2016-06-12
Goiatz Labandibarrek bi zaletasun uztartu ditu bere lan berrian: argazkigintza eta literatura. Diziplina osagarriak direlakoan, haren bigarren ipuin-liburu argitaratua den honetan, hainbat argazki zaharretatik abiatu da irudimena aske utzi eta horietan oinarritutako narrazioak idazteko. Proiektua ez da, ordea, paperean agortzen; izan ere, Elkar argitaletxeak atari digital bat sortu du, gogoa duten irakurleek argazkiak ikusi eta horien inguruko informazioa (irudiaren izena, argazkilariari buruzko datuak, etab.) jaso dezaten. Hala, idazlearen begiradak argazkilariarena gainditzen du, argazkietako egoera eta pertsonaiak fikzioaren bidetik berrinterpretatuz.
Liburuak hamaika istorio dakartza. Horiek partekatzen duten ezaugarri bakarrenetakoa protagonista guztiak emakumeak izatea da. Bestela, ipuinak elkarrekiko zeharo ezberdinak dira. Labandibarrek munduko herrialde eta hiri batetik bestera garamatzan bidaia proposatzen digu, historiako une esanguratsuak aukeraturik: 1960ko hamarkadako hippy giroa, 1950eko Hegoafrikako apartheida, Espainiako Gerra Zibila…
Generoaren laburrak baldintzaturik, gertaera historiko bakoitzaren ikuspegi itxi eta lausoa eskaintzen du autoreak, anekdotara murrizturik halabeharrez, hura estereotipatuegia, xaloegia izanik sarritan. Konplexutasunari ihesi eta argumentu-hari bakarrari tiraka, ideia bana dago narrazioen oinarrian. Gatazka ardatz duten kontakizunetan agerikoa da gertaera latzen eta pertsonaien jokaera friboloaren arteko kontrastea, arintasunerako joera hori ipuin gehienetan azaleratzen bada ere.
Idazkera garbia darabil autoreak, zeharo ulerterraza. Testuinguruaren deskribapenak eta egoeraren aurkezpenak pisu nabarmena dute kontakizunetan, bi alderdi horietan sakontasun handirik antzematen ez den arren. Oro har, ipuin atseginak dira, baina, zenbaitetan, badaezpadako abiapuntuak edota amaierak eta ekintza mailako lotura sendoen faltak sinesgarritasunari eragiten diote.
Labandibarrena ez da batere estilo efektista; ez du, antza, artifizio narratiboetara jotzea gustuko. Nahiz eta kontakizun laburrak izan, erraz irudika daitezke horietako gehienak eleberri baten zati gisa. Batez ere orrialde gutxitan pertsonaia ugari ageri direnean, edo gertaera historikoak narrazioa luzatu eta sakonago aritzeko aukera ematen duenean. Hala ere, ipuinen irakurketak, beren xumetasunean aintzat harturik, modu autonomoan funtzionatzen duelako zalantzarik ez da.
Oraingoan irizpide literario hutsak baztertuta, argazkien eta haien inguruan asmatutako istorioen arteko jolasa izan daiteke literaturaz harago doan proiektu honen alderdirik erakargarriena. Horregatik soilik merezi du esperientzia original honetan murgiltzea. Norberak erabaki dezala irakurketari irudiak ikusi aurretik, bitartean edo ondoren ekitea.
Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi
Irati Majuelo
Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss
Aritz Galarraga
Erleen azken ziztada
Kepa Iribar
Jon Agirre
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Ibon Egaña
Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio
Mikel Asurmendi
Bakea, bakea
Xabier Montoia
Asier Urkiza
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Nagore Fernandez
Martxoak 3
Jon Martinez Larrea
Maialen Sobrino Lopez
Silueta
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Etxe bat Husaviken
Uxue Juarez
Irati Majuelo
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Paloma Rodriguez-Miñambres
Diesel
Bertol Arrieta
Joxe Aldasoro
Zer egin Miranderekin?
Askoren artean
Mikel Asurmendi
Sakelako bihotzak
Julen Apella
Asier Urkiza