kritiken hemeroteka

8.500 kritika

« | »

Larrua / Curzio Malaparte (Jose Ramon Vazquez) / Erein-Igela, 2016

Izurrite moralaren zirujaua Hasier Rekondo / Berria, 2016-05-01

Badira egilearen gaineko datu larregi liburu zehatz baten gaineko iruzkin batean eskaintzea gorrotatzen dutenak. Alta, kasu honetan, egilearen kameleoi-prozesuaren nondik norakoaren berri ematea ezinbestekoa da Larrua (Erein eta Igela, 2016) nobela hobeto endelegatzeko. Juan Ramon Vazquezek Literatura Unibertsala bildumarako itzulitako nobelak 167. zenbakia egiten du; XX. mendeko eleberririk esanguratsuenen artean dago ezbairik gabe, Malaparte bere ideiengatik ahaztua edo baztertua egon arren.

Curcio Malaparte (izenez Kurt Erich Suckter) Toscana eskualdeko Prato herrian jaio zen 1989an. Aita aleman protestantea izan zuen, eta ama, italiar katolikoa; halere, haien semearekin lotura familiarrik ez zuen nekazarien familia batek hezi zuen. Haren joera politikoek gorabehera ugari nozitu zituzten, hala nola Lehen Mundu Gerran alemanen kontra borrokatu ondoren, Mussoliniren alderdiko kide bilakatu zen; alta, bada, bere burua faxistatzat jotzetik Ducea nabarmen kritikatzera igaro zen, eta nolabaiteko epe anarkista ere bizi izan zuen, bere bizitzaren amaiera aldera kristau-katoliko bihurtu zen arte (konbertsio horren eraginez, ildo moral nagusia kristautasunak markatutako gizakiaren salbazioa izango da Larrua-n).

Gorabehera pertsonal politiko-erlijioso horiek guztiak kontuan izanda, Larrua honetan amerikarrak Italian 1943an lehorreratu osteko izurrite moralaren berri ematea da asmoa (egileak gertaera historikoak goitik behera aldatu zituela leporatu zioten zenbait kritikok). Amerikarren kontaktu moduan bizi izandako esperientzien berri eman ez ezik (Napoli eta Erroma amerikarren esku erori zireneko garaiak, alemanek defendatu zuten Cassino mendia hartzeko gudu krudelak 1943ko maiatzean, eta abar), pasarte oniriko edo surrealistak eransten dizkio Malapartek gerraren kronika gordinari, eta zaila da jakitea noiz den kronika eta noiz ametsa. Eta, horrez gain, nobela filosofiko esanguratsua ere bada. Malaparteri gehien interesatzen zaiona gerraren eraginezko giza degradazioaren berri ematea baita. Italiarrek beren gorputzak saltzen dizkiete enkantean beren salbatzaileei; gosearen eraginezko izurriteak den-dena hartuko du. Amerikarrek behin eta berriro gogoraraziko diete europarrei galtzaile direla, ez dutela inongo gerrarik irabazi. “Lotsagarria duk gerra irabaztea, esan nuen ahapeka”, dio protagonistak nobelaren azken esaldian. Galtzaile izatea sufrimendutik askatzeko bide bakarra da, Kristo lagun. Gaitzik gabe, ez bailitzateke Kristoren beharrizanik.

Malaparte estilo garden baten jabe da. Horrez gain, nobela filosofiko iradokitzailea aurkezten digu, gerra garaietako eta ondorengo giza-degradazioaren gaineko deskribapen errealista zehatza eta surrealista, aldi berean. Napoliren gaineko deskribapenak, esaterako, naturaren eta gizakiaren arteko borroka latz eta antzuaren gaineko deskribapen miragarriak dira Malaparteren lumari esker, literatura epifania bihurtzeko gaitasun naturala baitu italiarrak. Naturak gupidagabe agertzen ditu haren edertasuna eta boterea, bizirik irautea besterik ez duen gizaki hauskorraren aurrean, eta kapitalismoa zein kristautasuna txanpon bereko ifrentzuak besterik ez dira. “Gizarte kapitalista sentimendu honetan oinarrituta dagoela: sufritzen duen gizakirik ez badago, ezin dela nor bere ondasunez eta zoriontasunaz erabat gozatu; kapitalismoak kristautasunaren zurigarria gabe ezin iraun lezakeela”.

Azken kritikak

Baden Verboten
Iker Aranberri

Asier Urkiza

Diesel
Bertol Arrieta

Nagore Fernandez

Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza
Mckenzie Wark

Jon Jimenez

Basokoa
Izaskun Gracia Quintana

Joxe Aldasoro

Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart

Gorka Bereziartua Mitxelena

Ez-izan
Jon K. Sanchez

Aiora Sampedro

Pleibak
Miren Amuriza

Jon Jimenez

Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien

Asier Urkiza

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Nagore Fernandez

Jakintzaren arbola
Pio Baroja

Aritz Galarraga

Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi

Hasier Rekondo

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Baden Verboten
Iker Aranberri

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

Hedabideak