kritiken hemeroteka

8.530 kritika

« | »

Zorion klandestinoa / Clarice Lispector (Iñigo Roque) / Erein - Igela, 2015

Ezkutuko feminista Hasier Rekondo / Berria, 2016-01-10

Clarice Lispectorren (Txetxelnik, Ukrainia, 1920) literatura oso lotuta dago narratzeko ikusmolde feministarekin, emakumearen ahots ezberdina agertzeko borondate irmoarekin. Garai batean bazterrak astindu zituen Brasilgo gizarte hertsian. Gurean, generoaren aldarrikapenean sakondu duten emakumezko idazleek aipatu izan dute. Danele Sarriugartek Perto do Coração Selvagem Lispectorren lehen nobela iruzkintzean, “argumentu ia atzemanezinen inguruan kezka eta hausnarketa existentzialak (…)” aipatzen ditu. Zorion klandestinoa (Erein-Igela, 2015) narrazio bilduma honetan ere maiz agertzen zaizkigu bakarrizketa existentzialak; hizkuntzaren gaineko hausnarketa kasik mistikoa gailentzen da, erlijiozko kutsurik gabekoa. Eta, batez ere, hitzak jartzen dizkigun mugekin gauzaturiko borroka kasik antzua.

Berriki medioetan Kepa Altonagak eskatutako erlatibozko anaforikoa larregi erabili ez arren, Iñigo Roquek ohi bezala maisutasunez itzulitako Lispectorren liburu honek identitatearen gaia ere jorratzen du, ni-aren eta bestearen arteko zubi patologikoak, lengoaiarekin burutu norgehiagoka prometeikoan. Ukrainian jaiotakoa izanik, Brasilgo literaturaren ikurrenetariko bat baitugu Lispector judua; Recifen bizi izan zuen haurtzaro mitikoa du hizpide narraziootako batzuetan. Darabilen prosa ez da arranditsua, pisurik gabeko hezurdura baten gisara hedatzen baita narratzaile ahots ezberdinen ikuspuntu ez lar heterogeneoan. Eta prosa iheskorra erabiltzean, era berean, kontraesankorra balirudike ere, ulergaitz zitzaion akademizismotik aldentzen da idazle brasildarra, hitzaren zorroztasuna lehenetsiko baitu beti ere.

Egunerokoaren ifrentzua ez du egiaren bidez bilatuko Lispectorrek, Iñigo Roquek hitzaurrean nabarmendu gisara, “…sentipen eta emozioak nagusitzen baitira. Askotan nahiago ditu ikusi eta begiratu aditzak, esan edo pentsatu baino”. Argiro agertzen du joera hori Ibilaldi luzea narrazioan, non adineko andre zahar batek nora ezean ibilitako azken bidaia kontatzen duen. Lispectorrek zirujau baten hoztasun sinestezinaz ematen digu bizitza arrunt baten gainbehera material eta emozionalaren berri, ipuin sinbolistatik gertu: “Limosna ematen ziotenetan, gutxi izaten zen, zeren txikia zenez, egiaz ez zeukan askorik jateko premiarik”. Liburu honetako narrazio naturalistenetariko eta luzeenetariko batean, Brasilgo zaharrak edozein modutan lagata uzteko joera salatzen du Lispectorrek, kontakizun soziologikoaz harago. “Orduan, akiturik, atsoak burua pausatu zuen zuhaitzaren enborrean, eta hil egin zen”. Irtenbide bakarra heriotza duenaren testigantza lausotua.

Liburuari izena ematen dion lehen narrazioan, Recifeko neskatila baten iniziazio gozamenak deskribatzen dizkigu, irakurtzearen gozamen klandestinoaz eta kasik sexualaz ari zaigu, epifania baten antzera deskribatutako ezkutuko irakurle baten testigantza; alta, Lispectorren luma ezin zehatzagoan gauzak ez dira ematen dutena bakarrik. Errealitate antzemanezin bat eraikitzen baitu hitzaren lanabes gardenaz. “Ordurako ez nintzen neskatila bat liburu batekin: emakume bat nintzen maitalearekin”. Italian barrena egin nuen bidaia batean, Lispector, Roqueren euskara gardenaz blai, izan nuen bidaide. Irakurketaren plazer sinpleari ezin diot besterik eskatu: ezkutuan edo agerian irakurtzen jarraitzea.

Azken kritikak

Zoriona, edo antzeko zerbait
Karmele Mitxelena

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Pleibak
Miren Amuriza

Mikel Asurmendi

Izena eta izana
Jon Gerediaga

Asier Urkiza

Amok
Stefan Zweig

Nagore Fernandez

Auzo madarikatua
Felix Urabayen

Jon Jimenez

Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell

Amaia Alvarez Uria

Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga

Joxe Aldasoro

Bisita
Mikel Pagadi

Mikel Asurmendi

Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell

Asier Urkiza

Eresia
Goiatz Labandibar

Nagore Fernandez

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Borrero txiki bat
Xabier Mendiguren

Mikel Asurmendi

Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain

Jon Jimenez

Txori Gorri. Andre siux baten idazlanak
Zitkala-Sa

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

Hedabideak