kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Ipuin batean bezala / Joan Mari Irigoien / Elkar, 2002

Bizitzaren argitzalak Oier Guillan / Gara, 2002-11-30

Samina da maitatzea, borrokatzea; samina zoriontsu izatea ere. Beldurra ematen du zoriontsua izateak, badirudi uneren batean bizitzaren argi-itzalek bere eginen dutela unez uneko ustezko poza. Edonola ere, gizakia ordea labainkor horretan bizi da egunez egun, beti kolokan, unerik gordinenetan ere itzalaren artetik argia ikustera behartuta.

Ipuin batean bezala esanez hots egiten du tituluak Joan Mari Irigoienen azken liburuaren azaletik. Izan ere, ipuin eder batek oinarrian izan dezakeen abiapuntua du liburuak ere: bi pertsonak haien arteko maitasuna xede dutela, bidean sortzen zaizkien eragozpenak gaindituta eginen dute aurrera. Ipuinak sinets daitezkeen bitartean dira eraginkorrak, dio pertsonaia batek liburuaren pasarte batean. Sinesteko indarra izatean omen datza gakoa. Izenburuaren bigarren atalak, “bezala” horrek alegia, zeharka ematen digu aditzera ez dela guztiz horrela izanen; ez, behintzat, hain sinplea. Edozein irakurlek inguruan topa litzakeen bi pertsonaia dira protagonistak: loti ederra drogak murgildu du lo sakonean, eta printze urdina konplexuz beteriko mediku umoretsu eta ameslaria da. Ipuin batean bezala, ipuina izatera iritsi gabe. Autoreak ez dio uko egiten amaiera zoriontsu baten alde borrokatzeari, itzalen artetik argia ikusteari. Auskalo lortuko duen, auskalo amaiera zoriontsua bakoitzarentzat zer den ere. Pentsamenduen katea eta oroitzapenen arteko saltoak etengabekoak dira liburuan zehar, bereziki hasieran, oroitzapenen artean bi protagonistak elkar ezagutzera iritsi artean. Ipuin batean bezala irakurleak erraz aurkitzen ahal du orriak abiaduraz igarotzeko aukera, pentsamendu eta
oroitzapenen kate horrek arindu eta kolorez osatuko baitu narrazioa. Pertsonaia nagusiak gertukoak egiten ahal zaizkio irakurleari, ezagunak haien bizitzetan egindako urratsak, eta ezagunak autoreak darabiltzan hamaika aipu eta erreferentziak ere. Horrek guztiak lagun dezake irakurlea liburuaren hasieratik amaierara abiatzen, gustura, ipuin batean bezala. Irigoien eskarmentu handiko idazlea da eta naturaltasunez maneiatzen ditu oroitzapenen arteko saltoak, gogoetak, narrazioa lagunduz, edonoren bizitzako pasarte batean bezala. Niri, ordea, liburua irakurri berritan, hori guztia profesionalegia ez ote den etortzen zait burura. Hau da, sentsazioez ari naizela, narrazioaren urrats bakoitza kalkulatuegia iruditu zait zenbait unetan. Dena dago bere lekuan, baita samina eta gordintasuna ere. Sua sumatzen dut nik faltan, narrazioaren zenbait une klabetan ematen diren urratsak arrazionalki sinesgarriak egiten zaizkidan arren, emozionalki kalkulatuegiak iruditzen ahal zaizkit. Hitzez dena topatzen ahal den arren, azaldutako pasarteen intentsitatea sumatu dut faltan. Bizitzaren argi-itzalak aintzat hartuta, iruditu zait hastapenetik helburua argia bera dela, eta gordintasuna harengana iristeko zubi bat, ez besterik. Ongi eraikitakoa, baina igaro orduko atzean gelditzen dena.

Esku artean dudan ipuina errealitatearen ezaugarrietatik eraiki da, baina errealitatearen tratamendu idilikoa iruditu zait, edonola ere. Baina tira. Irudipenak irudipen, ipuin batean bezala aritu da autorea, ametsa eta irudimena gaitzei aurre egiteko tresna ezinbestekoez horniturik. Eta ipuin batean bezala, irakurleak itxi behar ditu narrazioak irekitako ateak.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak