kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Bi urtetako kronika fakultatiboa / Joan Mari Irigoien / Elkar, 2015

Dena dela Igor Estankona / Argia, 2015-07-12

Berri bat eman gura digu Joan Mari Irigoienek bi urtetako kronika poetikoa eginez; bizitza badela disartria ere, hor dagoela jakin bai baina ikusten ez den gaixotasun kronikoa ere bai, eta are ezereza bera.

Hunkigarria, umoretsua, apalik ausarta, Joan Mari Irigoien ikusi dut Euskal Idazleen Elkartera sartzen bere zapiarekin eta ile zuriak aire girotuaren hari ikusezinetan eta, ikusi dut nola agurtu duten bulegokoek, ze agurtu ohi zuten benerazio eta halako nahitasun batez, non poemok irakurtzean ez dudan penarik sentitu: munduko gizonik indartsuenari jazarri zaio gaixotasuna. Delikatuki indartsua, inondik ere: “Baina badakizu nire artasun-neurriaren berri… / eta nola ibiliko naiz, bada, / ez dudanaz alardea egiten?”.

Hala bada, esan zuen Irigoienek barruntatzen zuen berria entzun zuenean: esklerosia. Eta hori abiapuntu, egin du urte biko kronika bat loratu egiten dena udaberriko hostorik gabeko okarana bezala. Liburu honek balorea dauka bere horretan, baina gainera finezia batez idatzia dago umore bihurtzen duena astuntasuna, eta umorea, berriz, lirika: “Herriko plaza jendez gainezka dago, / baina zu inoiz baino bakarrago sentitzen zara, / larriminak erbesteratua, / eta ero batek bezala egiten duzu oihu: // Arren eta arren: nork emango dit serotonina-lore bat…?“.

Beraz lezio bat ere bada Bi urtetako kronika fakultatiboa (2012-2014), eta irakurri ahala gogoeta egin dezake irakurleak giza kondizioaz, denboraren joanaz eta zelulen itzaltzeaz, heriotzaren etikaz. Ideiak ordenatu nahiko balitu bezala, bere buruari galdetzen dio boluntarismo hutsaren eta halabehar gordinaren artean ba ote den zerbait humanoagoa. Zelan egin ihes minari, inkontzientzian erori barik? Oreka horren bilaketan ditu lagun aipatu dugun umore ironiko leuna eta eusteko determinazioa.

Iluntze honetan goiz bat dena izatez, Irigoien harrapatu dugu gauzei ostera ere begira-begira, une bakoitza lotzen eta harilkatzen benetan axola duten maindireak ikusteko: “Urte luzetan izan naiz idazle / eta idazle izaten jarraitu nahi dut, / ahal bitartean…”. Liburuko azken atalak dioen moduan, aski modu prosaikoan baina karga guztiarekin, bizitzak aurrera darrai. Eta esaldi single horrek esanahi osoa hartzen du bere ezpainetatik entzutean, artean Altzako zementuaren azpiko errekak betiko lez itsasora egiten ari direlarik.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak