kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Lorea Gernika, andrazko bat / Koldo Izagirre / Susa, 2015

Lorea, andrazko bat trenean Alex Gurrutxaga / Berria, 2015-06-28

Pieza laburrez osatutako nobela argitaratu du Koldo Izagirrek: Lorea Gernika, andrazko bat. 50 sekuentziatik gora elkartu ditu egileak, protagonista Euskal Herriko leku askotan ibilaraziz. Horrela, piezaz pieza, protagonistaren biografia modukoa osatzen du nobelak: mea culpa-rik gabeko emakume zaharra, errekako laminatik zerbait baduena, antxoa artean ibilitako fabrikako haurra, hainbat senar eta ume edukia, izenean bertan feminitatea eta aberria uztartzen dituena, Lorea Gernika.

Protagonista hainbat egoera eta arazotan jarrita, egileak gai asko jorratzeko aukera dauka: erretratua marrazten du, ikuspegi ironikoz egin ere, baina irakurlearen esku uzten du interpretazioa. Landutako gaiek, gainera, maila soziala hartzen dute, eta, jendartea bezalaxe, konplexuak dira. Gai horien guztien sakonetik patriarkatuaren arauak azaleratzen dira batez ere, gizonak daukan zentralitatea, bai jendartean, bai tradizioan. Egoera horretan, Lorea Gernika emakumea dela azpimarratzen zaigu; eta, era berean, zaharra izatea ere funtsezkoa da, hori ere erdigunetik eta boteregunetik urruntzen duen faktorea baita.

Askotariko atalak daude, eta batzuek ez daukate aparteko txinpartarik. Beste batzuk, berriz, bikainak dira: Kostaldi, adibidez, ipuin gisa irakur daitekeena; edo Usoak, iraultza ttipien irudikatze interesgarria. Ohikoa eta arautua denaren aurrean Lorea Gernikak duen desberdintasunetik sortzen dira egoera diskordante eta jostariak —esaterako, Bizitzaren aurka atal ederrean—. Surrealistak gertatzen dira —irakurketa alegorikoekin, halere— beste zenbait pasarte —Hodeien azpiko, Otamotzak—, eta oulipotarra iduri duenik ere bada —ametsaren sarria errepikapenaren bidez irudikatzen duen Erratza atala—.

Idazkera balio erantsia da Koldo Izagirreren narratiban: sintaxi zainduak ahalbidetzen duen kadentzia dotorea eta hizkera joria berekin ditu beti haren prosak. Edonola ere, hizkeraz ari garela, bada nobela honetan elementu harrigarri bat: betiere euskara estandarrean idatzita egonik ere, bateko eta besteko kutsua hartzen du; zehatzago, bai narratzailearen, bai Lorea Gernikaren hizkera protagonista dagoen lekuaren arabera aldatzen dira. Mudantza etengabe hori —leku aldaketekin batera—, fikzioaren barne-logika aintzat hartuz, sinesgarritasunari jotako hordago suizida da. Halere, beste modu batera ere interpreta daiteke kontua: egilea ari da emakume —eta zahar— izateko “beste” moduez eta horrek kolokan jartzen dituen gizontasunez; eta Lorea Gernika, protagonista ongi definitua izateaz gain, hainbatena izan daitekeen emakumetasunaren eta feminitatearen irudikapena ere bada, “andrazko (arketipo) bat” bailitzan ia.

Ez da badaezpadakoa Amaia Ezpeldoi detektibearen —eta, zeharka, Itxaro Bordaren— agerpena ere: aitorpena egiten dio Izagirrek emakumezkoek idatzi literaturari. Nobelaren amaieran zera esaten du narratzaileak A. Ezpeldoi eta Lorea Gernikari buruz: “elkar ikusiko dute ausaz gaueko tren bustiren batean”. 2008ko hitzaldi batean, Izagirreri iruditzen zitzaion emakumea, euskal literaturan, trena hartzen ari zela. Ordutik hona abiatua du bidaia, eta “buru eta bihotz”, objektu izatetik subjektu izatera pasatu da; hartu du Lorea Gernikak tren bustia, eta Izagirrek trebeziaz kontatu du nola ikusten duen geltokitik aldentzen.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak