kritiken hemeroteka

8.313 kritika

« | »

Ametsak ere zain / Mikel Antza / Susa, 2015

Porrotak zizelkatutako garaipen ametsa Hasier Rekondo / Berria, 2015-05-24

Mikel Antzaren (Donostia, 1961) ibilbide literarioak antzerkiaren eta narrazioaren itsaso “arrazionalagoak” zeharkatu ditu orain arte. Argitaratutako lehen poemario honetan, Ametsak ere zain (Susa, 2015), ibilbide politiko zein existentzialaren gaineko ahots lazgarri bezain barnerakoiak uztartu nahi izan ditu, ametsaren molde “irrazionalagoa” zizelkatuz. Joseba Sarrionandiaren hitzaurrean bertan ematen zaigu kontraesankorra ere gertatu litekeen askatasun egarri baten berri, “askatasuna kanpotik helduko litzatekeen zerbait ez dela eta kartzelan bilatzen du presoak, non eta azken txokoan, norberaren baitan, eta lagunengan”.

Norberaren baitako hori iruditu zait Antzaren ahots poetikoaren alderik lortuena eta erakargarriena, ezbairik gabe. Militantearen testigantza politikoaren aztarnak liburu osoan zehar barreiatzen badira ere, liburua bera testigantza horren oximoron poetikoa izanik, Antza poetak ez du inoiz galduko irudigintza ferekatzeko grina. “…hemen nago / ihes ederrean baitaratua / aurreikusi gabekoa idazten / hatz herdoilduetan elur gorri / begietan antzigar gandu / mihi izotz ezpata hauskor…”.

Liburua sei azpiataletan banatuta dago, bakarrizketa poetikoaren moldeari jarraiki betiere , poema luzeak maisuki ehunduz: Intro, Bellum, Carcer, Mors, Invictus eta De Profundis. Guztietan emango zaigu “ETAkoa / nintzen / naiz / eta izango naiz” pertsonaia publikoaren berri, modu pertsonalagoan edo publikoagoan eman ere. Politikaz edo poetikaz idatzi beharraren gaineko dikotomia antzuetan erori baino lehen, esan dezadan, egilearen nondik norakoa ezagututa liburuak aurreiritzi ugari jasoko dituen arren (zenbaitzuk hegaldatu dira honezkero iruzkin literarioen gordelekuetan barrena), kalitate literarioa ezin zaiola ukatu, esaterako, Susa argitaletxeak azkenaldian kaleratutako kartzelako liburu lar errepikakorrei aise gailentzen baitzaie.

Lehen lerroan bizitako gerraren gaineko testigantzan damu aztarnarik bilatu nahi duenak jai du. “… ez al duk deus esan behar odolaz?” bere buruari gaztigatu galdera jakinari horrela erantzun baitio poetak: “ez dut nik hautatu herri hau / ez dut nik hautatu hizkuntza hau / altxatu naiz / herritarrak zapaltzen dituztenen kontra / garaiturik gabeko garaipena amets”. Ezer hautatu ez badugu, zertarako hautatu zerbait? Hitzon egileak berak “baina lasaigarriagoa izango da esatea: geu gara kapitalismoa” adieraziko du Carcer atalean. Kontraesanak kontraesan, zerbait baldin bagara kontraesan itzel bat besterik ez, Antza poetak Antza gizakiaren gaineko potretik errealena emango digu Mors ispilu iraulian: “Badoa bizia ausikika / hanketan eta besoetan / bihotzean eta garunean / bide bazterrean zaurituta / hatsanka erori garenoi / jaramonik egin gabe”.

Zenbait pentsamendu “politikoki ez zuzen” ere agertzen ditu poetak, baita politikoki lerrokatzen zaienekin ere. Niri bezainbat bitxi egin liezazkioke irakurleari ere: “… bizi zareten ez-munduaren copyrighta / salatariak eta gezurtiak saritzen / egia eta elkartasuna zigortzen…”. Nork du egiaren copyrighta amets honetan?

Azken kritikak

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Amaia Alvarez Uria

Gerezi-denbora
Montserrat Roig

Asier Urkiza

Herriaren hezkuntza eta demokrazia
Nadezhda Krupskaia

Nagore Fernandez

Farorantz
Virginia Woolf

Aritz Galarraga

Markos Gimenoren 101 letrakartel
Joseba Sarrionandia

Mikel Asurmendi

Poesia kaiera
Giorgos Seferis

Irati Majuelo

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Joxe Aldasoro

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Artxiboa

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

Hedabideak