kritiken hemeroteka

7.001 kritika

Azken kritikak

« | »

Bi urtetako kronika fakultatiboa / Joan Mari Irigoien / Elkar, 2015

Kronika poetikoa minari Alex Gurrutxaga / Berria, 2015-04-19

Joan Mari Irigoienek gure letretan toki esanguratsua dauka nobelagile gisa, hala kalitatez nola dimentsioz. Azken hamar urtean helduentzako poema libururik argitaratu gabea zen; nobelak bai, jakina denez, baina poesia da oraingoan kaleratu duena. Eta, batez ere nobelagile izanik ere, gogoan hartzekoa da poesia izan zela Irigoienek argitaratu zuen estreinako liburua —Hutsetik esperantzara, 1975ean—, eta honakoa zortzigarren liburua duela genero horretan. Tartean, Denborak ez zuen nora (1991) edo Hautsa eta maitemina (1998) liburuak argitaratu zituen.

Koldo Izagirrek “Arestiondoko poesia existentzial-errealista” hitzak baliatu zituen Irigoienen hasierako poesiari buruz, eta terminoak egokia izaten jarraitzen du ondorengo poesiaz mintzatzeko ere, hala nola Biziminaren sonetoak (2004) liburuaz, eta baita azken lan honetaz ere: errealismoa eta gure izateari buruzko gogoeta —fedearen kezka eta erlijioaren estetika barne— uztartzen ditu Irigoienek, eta giza existentzia eta denboraren galera gai nagusietakoak dira haren poesian. Bi urtetako kronika fakultatiboa-n, existentzialismoa —egin dakizkiokeen ñabardura guztiekin— gordin ageri zaigu, norbere gaixotasuna, kasu honetan batez ere depresioa, erdigunean jartzeak dakarren kutsu tragikoarekin.

Orrialde eta hitz gutxiko liburua da, eta irakurleari laburregi geratzeko arriskua dauka. Komeni da, gauza bakoitzak bere neurria baitauka, poema liburu petotzat baino gehiago, poesia gisa emandako kronikatzat —kronika fakultatibotzat— hartzea: irakurleoi egindako aitorpen liburua da, eta “esklerosiak edo depresioak jota daudenei” eskainia.

Metrika libreko poesiara jo du Irigoienek. Orain arte metrika askea zein lotua baliatu ditu —besteak beste, lirak eta sonetoak—, baina oraingoan kadentzia narratibo agerikoa daukan poemategia ondu du. Erritmoari lotuta, ugariak dira errepikapenak edo anaforak bezalako baliabideak, eta errimak, berriz, libreki egin ditu, hoskidetasunari eutsiz.

Bestalde, egilea ez da bere buruarekiko errukian edo konplazentzian erortzen, eta poemategiaren tonuak gutxitan jario du solemnitatea edo goiarnasa. Hari batetik zintzilik poemaren amaiera da pasarte loratuenetako bat: “haize hori,/ zeinaren gainean etor bailekizuke/ azken orduko maitale errukitsua:/ dama ezin eskuzabalago hori,/ zure askatasunaren lurraldean bizi dena,/ eta, eskutik helduta,/ ezin amoroskiago eramango zaituena betiko bakera…”. Oro har, baina, tonu hanpatutik urrundu eta soiltasunera jotzen du Irigoienek. Badaude, hasieran batez ere, umore ukitu nahiko mikatzak ere, eta hortxe dago, hain zuzen, liburuaren ahulgunea: hitz joko errazegi zenbaitek arinkeria itxura ematen du.

Gaurik minenak ere argi azken poema da, seguru asko, eder eta delikatuena. Bilobaren jostaketari, zaldi bat ikusitako bakoitzean tukuta-tukuta eginez, bizia dario. Paradisuan sentitzen da haurra, eta baita aitona ere hari begira, baina baikortasun bien artean zauri bat dago: inozentziaren eta onarpenaren arteko jauzia. Poema fina da, egokia liburua ixteko.

Gaixotasunaren ondotik argia ikusi ondoren sortu du Irigoienek poemategia —begira liburuaren azalari—, bere eta besteen gaitzaren bideratzaile: bere txikian, minari eskainitako kronika poetiko hunkigarria da.

Azken kritikak

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Aiora Sampedro

Badena dena da
Patxi Zabaleta

Amaia Serrano Mariezkurrena

Neska bat leku inposiblean
Xabier Amuriza

Estibalitz Ezkerra

Poesia kaiera
Alfonsina Storni

Alex Uriarte

L.A.A.
Maixa Zugasti

Ibon Egaña

Duchampen inguma
Eric Dicharry

Javier Rojo

Biennale
Beatriz Chivite

Igor Estankona

Demokraziaren pribatizazioa
Jule Goikoetxea

Peru Iparragirre

Azala erre
Danele Sarriugarte

Javier Rojo

6012
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Filiala
Sergei Dovlatov

Joannes Jauregi

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Iratxe Esparza

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Hasier Rekondo

Pelegrinak
J.E. Urrutia Capeau

Javier Rojo

Artxiboa

Apirila 2018

Martxoa 2018

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Hedabideak