kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Rebel Mayo Colorao / Paddy Rekalde / Txalaparta, 2002

Alkohola tarteko, giza paisaiak Oier Guillan / Gara, 2002-11-02

Gizakiok betidanik barru-barrutik zeharkatu gaituzten kezka berberen inguruan etengabe idatzi dugula iruditu zait askotan. Forma ezberdinak emanez, atal ezberdinetan banatuz, baina funtsean beti gauza berberez mintzatu gara. Dena jada esana dagoela dioen baieztapena izan liteke behin eta berriz azaltzen zaizkigun topiko tipiko horietako bat, hain zuzen ere. Baina horrek ez du zertan txarra izan behar; agian horrela da eta kito, gizakia gizakia baita azken finean. Beti gauza berberez idazten dela onartuta ere, ez dute testu guztiek komunikatzeko edo irakurlearengan zirrara eta kezka sortzeko gaitasun bera, bizitzaren argitzal guztiekin bizirik sentitu eta irakurlea bizirik sentiaraztea ez du edonork lortzen.

Ba ote dago irakurlearentzat liburu batek harrapatuta sentitzea baino sentsazio zirraragarriagorik? Ez da makala erreferentziaz besterik ezagutzen ez nuen Paddy Rekalderen lehen eleberriak sortutako begirunea. Esaldiak kateatzeko oreka, pertsonaia erakargarriak, Irlandako nahiz Nafarroako herrien nortasunean irakurlea barneratzeko gaitasuna, egoera poetikoen islatzea… Hasierako pertsonaia eta egoerek misterioz eta magia sinesgarriaz zipriztintzen dituzte irakurlearen begiak, berdin izan zitekeen Nafarroako nahiz Hegoamerikako herrixka bat. Pertsonaia orok sortzen du beren inguruan gehiago jakiteko gogoa, autoreak bere narrazioaren amarauna ehuntzen du joko ukituaz; denboratik at eta alkoholaren erabateko presentziaz irakurlearen arreta bideratzen du osterako ataletan, ihesean dabilen protagonistak (Jon) Irlandako bihotzera egiten duen bidaian murgildu arte. Bihotzera diot, Irlandako giza paisaiak ezagutuko dituelako irakurleak bidaia horretan, errepublikarren bizitza nahiz askatasunarekiko grina tarteko.

Jonek Irlandako auzune batean ezkutuan ematen dituen atalek osatzen dute, ene aburuz, eleberriaren gorena. Iruzkin honen hastapenaren ildotik, gogoeta zein barne gatazka bat baino gehiago errekonozitu litzake irakurleak, sentsazioen bidez bederen, etengabe ihesean ibiltzera behartuta dagoenaren eskutik. Era berean, Stagger zaharra zein Eileen bezalako pertsonaien eskutik egoera ederrak irakurri ahal izanen dira, Jon protagonista bakardadearen galernatik bizirik sentitzera igaroko baita apurka haien bidez. Aipatu atalen amaieran egiten du agian apur bat behera narrazioak, Jonek Irlanda barruan egiten duen ihesaldiaren ondorioz egoera aldaketa pixkat behartuta eta ondo lotu gabea baitirudi. Baina edonola ere, horrek ez du narrazioak utzitako zapore atsegina lausotzen.

Aipatzekoa da alkoholak eta tabakoak liburu osoan zehar hartzen duten aparteko protagonismoa, ardo gorria, pinta beltzak nahiz whiskyaren bidez ezkutuko pertsonaia osatuz, funtsean protagonistei harremanetan jartzeko eta elkarrizketan aritzeko aitzakia aproposa erraztuz. Bestetik, giro ezberdinetan islatzen ohi diren irlandar abestiek eta tartekatutako ipuin nahiz oroitzapen gisako narrazioak hari orokorrari beste dimentsio bat ematen diote.

Narrazio bizi-bizia, gogorra neurri batean baina, era berean, eder askoa dakar Paddy Rekaldek bere aurreneko eleberri honetan. Bizirik sentitzen ahal denaren eta bizirik sentiarazten duenaren indar sendoaz idatzitako kontakizun benetan erakargarria.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak