kritiken hemeroteka

6.908 kritika

Azken kritikak

« | »

Gerra txikia / Lander Garro / Susa, 2014

Errelatoa Txema Arinas / Berria, 2015-01-22

Bai, noski, badago euskal idazle pila bat ETAren jarduera gogotik gaitzetsi duena, gehienak ere oso punta-puntakoak, besteak beste, Bernardo Atxaga, Jokin Muñoz, Anjel Lertxundi, Ramon Saizarbitoria, Iban Zaldua eta abar eta abar. Baina nolatan? Hau da, euskal idazleen kritika euskal abertzalegoaren barrutik egin da ala kanpotik? Ba al dago ETAren biktimen ikuspegia jorratu duen norbait? Bai, badaude banaka batzuk: Ez da gaua begietara etortzen (2007, Felipe Juaristi) edo Ahotsak (1996, Mikel Hernandez Abaitua) ipuin bilduma, non egileak polizia baten alabari mintzoa ematen dion, edo Zorion perfektua (2002, Anjel Lertxundi). Izan ere, ETA eta bere mundua gogor eta agian gupidagabe ere larrutu dituzten euskal idazle gehienak barrutik egin balute bezala egin dute, hau da, dela Erakundearekin zorrak kitatu nahi dituen etakide edo abertzalearen ikuspegi batetik, hala nola Zeru horiek (1995, Bernardo Atxaga), dela kolektibo edo giro abertzaleaz gogait eginda dagoen euskal hiritarraren ahotik, hala nola Ezinezko maletak (2004 Juanjo Olasagarre) edo Mea Culpa (2011, Uxue Apaolaza). Hala eta guztiz ere, aitortu beharrean gaude euskal gatazka jorratu duten euskal idazle asko eta askok ETA zein ezker abertzalearen ikus/pentsamoldeak beren eginda idatzi dutela, hots, delako euskal gatazkaren lubaki zehatz batetik idatziz: Exkixu (1988, Txillardegi), Nerea eta biok (1994, Laura Mintegi), Denboraren izerdia (2003, Xabier Montoia), Lagun izoztua (2001, Joseba Sarrionandia), Atzerri (2011, Mikel Antza). Gauzak horrela, ez al da zilegi galdetzea zein izan den euskal literaturaren barruan joerarik zabalena, ETAren biktimen ala borreroen aldekoa? Jakina, azken hau esandakoan ziur nago norbaitek ni ere lubaki batetik ari naizela leporatuko didala, etakideak borreroak izan beharrean eusko gudariak edo behinik behin herriko heroi peto-petoak direlakoan. Ez dakit aldiz euskal idazle guztiek beren burua lubakiaren alde bat ala bestea hautatzeko behartuta dakusaten ezinbestez, delako euskal gatazka behin “idazbidera” ekarrita. Eta ez dakit, ezta ere, nork bere lubakiaren aldea behin hautatuta, badauden alde batetik beren literatura gerra txiki horretan iskilutzat hartzen dutenak, eta bestaldetik euskal gatazkaren gaia bizitzaren edozein ikuspuntu etiko edo literario jorratzeko aitzakia hustzat baizik hartzen ez dutenak. Hori dela eta, ez da batere harritzekoa ETAren erabateko suetenaz geroztik ere lubaki literatura egiten duen norbait azaltzea nor bere gerra txikiaren berri emanez, Lander Garrok berak bere azken idazlanean egin bezala, Gerra txikia izenekoan, hain zuzen, non mugaz bestaldeko euskal errefuxiatu batzuen gorabeherak kontatzen dituen haur baten ikuspuntutik, eta gainera oso trebe eta dotore. Edonola ere, onartu beharrean gaude Lander Garroren Gerra txikia, eta honekin batera edozein lubakitatik idatzitako gainerako liburuak, aspaldi honetan hain modako dagoen errelatoaren parte dela nahitaez. Baina balegoke ere Lander Garroren liburuan berezitasun handi bat gainerako lubaki liburuen aldean, batik bat jokaera politiko zehatz baten zuribide garbiak direnen aldean. Baliteke Gerra txikia liburuko protagonisten lubakitik kanpo dagoen pertsonaia baten hizpideak eta kontuan hartzeko enpatia moduko saio bat egotea. Baliteke haur narratzailearen osabaren ezusteko bisitarekin lotutako atalean, non osabak bere anaiari argi eta garbi azaltzen dizkion Erakundeak eskatzen dion zerga iraultzailea ez ordaintzeko zioak: “Ni gerren aurkakoa izan nauk beti. Ez diat uste gerrarekin ezer konpon litekeenik. Eta bik ez ditek gerrarik egiten, biek nahi ez badute. Gu herri eredugarria izan gaituk horretan. Imajina ezak munduko herrialde guztiak geurea bezalakoak balira! Horixe duk nire munduaren eta bizitzaren ideia. Gaixotu egiten nauk armak erosteko inori ezer ordaindu beharko diodala pentsatze hutsarekin”. Anaiak, noski, bere kontrako argudioak aurpegiratzen dizkio, oso modu zorrotz eta zakarrez gainera. Eta baliteke noski pasarte hau protagonistaren lubakietakoen arrazoiak hizpidera ekartzeko aitzakia ezin aproposagoa izatea ere. Hala ere, halako lubaki liburuetan gutxitan irakurri ditut protagonisten ikus/pentsamoldeen kontrako edo behintzat aldekoak ez direnen argudioak, pertsonaia gehienak zuriak ala beltzak izaten baitziren, onak edo gaiztoak, gutarrak ala ez. Ba al dago beraz Gerra txikia honetan nolabaiteko aurrerapausorik lubakitik behingoan irteteko bidean, hau da, nor bere errelatoaren ikusmira zabalagoa, irekiagoa, anitzagoa egiteko bidean? Auskalo, oraingoz ezin besterik esan.

Azken kritikak

Elurra ikusi dut
Xabier Lete

Peru Iparragirre

Kaliforniatik bihotzez
Joseba Gabilondo

Aritz Galarraga

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Ibon Egaña

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Javier Rojo

Begoñaren itzalpean
Jose Inazio Basterretxea

Mikel Asurmendi

Gu orduko hauek
Garazi Arrula Ruiz

Aiora Sampedro

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Joannes Jauregi

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Estibalitz Ezkerra

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Javier Rojo

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Peru Iparragirre

Jenisjoplin
Uxue Alberdi

Amaia Alvarez Uria

Itzulera
Martin Bidaur

Hasier Rekondo

Ametsondoa
Peru Magdalena

Javier Rojo

Jenisjoplin
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Artxiboa

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Urtarrila 2017

Hedabideak